Accueil Gure arbasoak Gure arbasoak

Gure arbasoak

0
0
189

1 – 360eko agorrila

Odegitarren taldea Larramendirik elki berri zen eta bidexkan bazoan ürrats honean, etxerat heltzeko presaren seinale. Aitzinean zen Aila, ondotik Bikor eta Iune, bakotxa bere zaldiarekin eta azkenik Aimun. Hau elestan egon zen ixtant batez eta besteek artean lekü egin züen. Bidexka lür lantüen artetik igaiten zen eta larre gainetik bazterrak ontsa agerian ziren. Larramenditarrekin elestan egon zen Aimun, azken berrien emaiten eta hartzen. Honi jenteen egoeraren berri jakitea gustatzen zeion eta gari joileen elez bermatzeko paradaz baliatü zen. Heben ere garia besatetan biltzen zen, lastoa mozten eta metatzen hegatzetan ezarteko. Bihi bürüak aldiz xabalüne batetan joiten eta bihia aizatzen. So batez ohartü zen horien gari ondoa Odegikoa beno handiago eta azkarragoa zela, baita üzta ere nasaiagoa. Elge berriko emaitzetaz berri galtegin zeien eta beren harrotarzünaz ere ohartü, han zabaltü alorrean gari ederragoa jiten beitzeien. Bere zaia lüzeak eta bizar urdinak adinekoa zela seinalatzen züen, aldiz aitzinekoen zaia labürragoek eta bilo beltzek belaünaldi gazteagoa salatzen züen. Horien zaldiek karga handiak eramaiten zütüen bi haga lüzeetan sokaz arrimatürik eta bidexkako gora beherengatik kargak junpaka ari ziren, hagen igeitarzünari esker.

Aila bazoan aitzinean, urte zonbait hontan zurgin zen eta gustüan zen lan hortan. Beste sailetan ere trebatzea eginik züan, ontzi egiten, lürlanetan edo ihizkan. Bena zuraren lantzea zeion hobekienik gustatzen : egoxteko zühainaren haütatzea, enborraren erdiatzea eta bereziki gero aixkorarekin beharrezko neurrian ezartea, zuraren hariaren jarraikia baliatüz. Lehen aldikoz agitü zen Agorrodiko feria famatüan eta gogoa beterik horra zen. Tresna eder hanitx ikusi züan eta berak haütatü zütüan Odegialat ekarteko aixkora ttipiak. Haboro hartü nahi züan bena Aimunek gogorki ezetza eman zeion. Bestalde Aterarterik igaitean etxe luze eraiki berrien hegatzer so egon zen eta zuren lotzeko manera gustatü zeion.

Gibeletik zen Bikor-ek gogoa berdintsü züan, ordokia bertan ütziko züen eta bortüan gora abiatüko ziren, bortüan beitzen egiazki laket. Bazterrak oro kurritürik zütüan, mendi püntatik maxela zolala eta ibar zolako ihizeen gordagiak oro ezagützen zütüan. Orkatzen ziloalat lasterka builtatzea zeion haboroenik gustatzen eta Agorrodian ardietsi bürdüinazko pünten makilen bürüetan ezarteaz eta horien baliatzeko ahalaz harro zen. Behin hartz bati bürüz agitü zen, makila lüzea lepoan sartü zeion eta hiru ihizlarien artean akabatü züen. Bena ohartü zen ere nola hartzak aztapar kaldü batez makila hautsi zeion eta hor sortü arrenküra orano gogoan züan. Zeren bera izan balitz, bizirik elkitzeko düdaz orano ohartzen zen. Ordüan makila lüzeago eta azkarragoen beharra sartü zeion gogoan. Geroztik soka mehe gorri batekin biloak tinkatzen zütüan borontearen eretzean eta bürüa lerden ebilten zen. Haatik Larramenditarren alor berriak kexü bizia sortü zeion : ibar zolako ordokian zabalüne bati sü eman züen, sarats ondoak elki eta lantatzeko lürra prestatü. Ikusi zütüan lehen gari üztaz harro eta horrek min egin zeion, zeren ibar zola ihizkako güne hoberena zen, basurdez eta orkatzez fundi. Arroila handiz üngüratürik zen alorra ihizlarien traba izanen zela eta ihizeak hürrünago egonen zirela pentsatzen züan. Horregatik, soka llabür etxekitzez, zaldiaren mütürra besoaren ondoan züan eta aitzineko kargari begia etxekitzen zeion.

Honen zaldiaren kargari so bazoan ere Iune emazte gaztea. Hürrüntik hirurek ber kraka züen bena hüilantik begitarteko edergailüek berexten züen, biloetan eta lepo üngürüan ontsa agerian junpatzen ziren kobrezkoak eta harri bitxiak. Agorrodiala trükatzera eraman lürrontzien egiletarik zen Iune eta orano ere gogoan joan-jinka ari zeitzon han entzünak eta ikusiak : estainüzko platera argi-argiak, lürrontzi biribil lüzeak, sütan erabiltekoak, mahainean txütik ezartekoak eta beste. Eraman ontziak oro hartürik izan ziren eta bazüan kontent izateko beste arazo bat : bizkarreko zaküa kalamü ostoz beterik züan. Beste emazteen plazer oihüak jadanik entzüten zütüan. Gogoan züan ere Aimunek ez züala ordezkatze hori begi honez ikusi bena bere ontziek beitzüen trükatze parte handiena, honek ixilik egon behar üken züan. Gibeleko kargan bazen ere kalamü hariz beterik zen beste zakü bat. Horiekin lürrontzien altxatzeko molde berrien asmatzen ari zen. Ürratsen nekezia batere senditü gabe, itxüra eta forma berriak gogoan eginez.

Aimun, zakü handi bat bizkarrean, gibelago zen, manerala so batez gazteen begietan etxekitzeko gisan. Bazakian bere tratükako baraxteak gazteak zainetan ezarten zütüala bena zühür jokü hori bereganatürik züan. Zaharrena zen eta hola jokatü beharraz segür zen. Atagi altean eküratü ziren oro eta jüntatü, hatsaren hartzeko eta azken jauziaren egiteko. Zeren Odegiren zolan ziren bena Atagilarren gora igan behar züen eta hori patar gogorra zen. Aimun aitzinean abiatü zen eta hiru gazteak gibeletik herrokatü ziren. Pentsatzen züan baratxago ebiltez zaldiak eta jenteak ez zirela hainbeste akitüko. Bikor-i gogoala jin zeion segidan aitzinean jarri zela Agerrian sartzen lehena izateko gisan. Jeloskeria txista llabür bat senditü züan. Haatik petik gora zoan bidexka hersian ebilteko baldintzek gogoetatzeko ahala baztertü zeion eta zaldiaren ürratsen zaintzeak gogoa osorik hartü zeion. Odegilarrera heltü ordüko oihüak entzün ziren han hor maxelan, ikusirik izan ziren. Deiak zabaltzen ari ziren, berek orano hitzik eman gabe bena halako alegrantzia tximiko bat bihotzean senditzez. Odegiko hesolan sartü ordüko non nahitik jentea agertzen zen agurtzera eta berrien hartzera. Taldea aitzina zoan eta Agerrian eküratu zen. Zaldien kargak lürrean pausatü eta zaldiak biltegiala eraman zütüen. Ondotik zaküak Agerriako aitzinaldean herrokatü zütüen eta hantik joan ziren, beitzakien ülünean üsatü biltzea bazatekeala, heltze oroz egiten zen bezalakoa, eta han izanen züela berrien alkar emaiteko parada.

Agerriatik ikuspegi ederra zen, zelüa zohardi eta arrats apala izanez, iratzeak gorritzen ikusten ziren Lexarregainetik Bostmendietara. Iune zale heltü zen etxeala eta han familia ttipia haidürü züan, Iaben bizi-lagüna eta bi semeak, Aika eta Emun, hamar eta zortzi urteko bi potiko gotor. Hiruak hüilantü zeitzon eta besarkatü hersiki, lau egünetako hütsaren aizatzeko. Esküineko gelan sartü ziren eta Iunek zaküa pausatü ordüko barneko eta kanpoko berrien kürütxatzen egon ziren ixtant batez. Kanpotik orano nasaiki argia sartzen zen eta gela zolan lihoaren ehüteko tresna agerian zen. Metan ziren oihal xuriek argitzenago züen barnea. Ondoko etxetik heltü ziren ere Iunen aita eta ama agurtzera. Solastatzen ziren denboran amak xakütatik elki züan gari miosat handi bat. Zerra zonbait moztü ondoan, zerra bakotxaren gainen ahüntz gazna marddo puxka bat hedatü züan. Gero zerrak banatü ondoan jaten hasi ziren. Iune kontatzen ari zen artean besteak oro beha eta zerrari usukika. Taula danbak elesta moztü zeion, zerra jan züan eta abiatü zen biltzeala, jadanik kanpoa ülüntürik zelarik. Arte hortan Aila ere etxeala heltü zen eta aita agurtü züan, honekin berrikatü eta buxi bat jan. Haatik bertan agertü zen lau gazte, zurgin lagünak eta bere bidajearen gora beherak kontatü zütüan. Lehenik ofiziokoak bena berehala lerratü zen bere üsatü pasionearen aipatzera. Zakütik elki züan oihal bat eta barnetik tiratü lepokoa eri püntetan gora altxatü, ontsa agerian ezarteko. Besteak so ziren begiak zabalik eta hunkitzen züen ere eriekin. Lehen aldiz ikusten züen holako gaüza ejerra. Ailak xeheki eman zütüan haütüaren arrazoak : edergailü ezezagüna, hiru koloretako bürdüin xerra mehe xuri, gorrail eta beltzak, argi-argiak, soka fin batek etxekirik, gainean ttipi eta beherean handiago, etabar. Besteak so ziren, gaüza berriaren ikusteak xarmatürik. Ele arinak erraiten bazütüen, gogoan züen Ailaren arteetako tira eta Agorrodiko jenteen obratzeko trebezia. Taula danbak gogoeta moztü zeien. Agerrialat agertü behar züen. Agerrian jente hanitx bazen jadanik bildürik.

Eraikuntza berezia zen Agerria : hogeita hamar ürrats lüzeko barnea, bazterretan bustinezko mürru lodiak, horien barneko aldean ozke apal bat üngürü orotan. Jentea hortan ttottotzez herrokatzen hasirik zen. Bazter bata ütsü balinbazen, bestean bi borta bazen eta artean aitzinalde biribil bat. Aimun han zen haidürü, zaldiekin ekarri zaküen aitzinean. Barne lüze horren erditan bazen ere mürrü apal bat eta ozke bana bi aldeetan jenteen jarlekü, gaineko lau ezkoxinek argi doi bat hedatzen züelarik. Erdi erri batekin zen Aimun jenteer so zelarik, pentsatzekoa zen bere bidajeko berri honen emaitez zatekeala kontent. Aldiz bera ohartzen zen jentea nola jarten zen, zaharrenak bere ondoan eta besteak, hürrünago eta gazteago. Gogoala jin zeion nola bera ere gaztetan zola-zolan jarten zela. Aldiz orai bera ere aitzinean egoiten zen hobeki entzüteko gisan. « Zahartzeak deüsere honik ! » pentsatü züan. Pausüki hasi zen elestan eta jentea beha jarri zen segidan. Eraman zütüen gaüzek harzale üken züela hein honean aipatü züan, bereziki lürrontziek, aragi zerra gatzatüek eta basurde hortzek. Agorrodiko üdazkeneko biltzean zonbait izanik ziren aitzineko aroetan eta biltzearen arrakastaz jakinean ziren.

Aimunek zehaztü züan üsatü jentezionea biltzen zela, gaüzen trükatü beharretan. Lürrontzien arrakastaz lüzaz mintzatü zen, ez soilik eramanak oro hartürik izan zirelakoz bena ontzi txüten behar handiaz ohartü beitzen, janarien ezarteko, begiratzeko ontzi handiak bena bai ere ber denboran agertzeko eta erakusteko ontzi ederrak, ontsa apaintürik eta zizelkatürik. Sail horren hedatzeko xedean ororen beharra deitü züan, horrek beste tresnen ardiesteko ahala hobetüko züalakoan. Jentea beha zen. Begitarteetan keinü desbardin hanitx agertzen zen: jakin nahia, düda, asperdüra eta ezinegona ere bai. Aimunek azken erranak Agerrekoeri bürüz eman zütüan. Etxe hortako lau senide ziren algarren ondoan : aita, bi seme eta alaba. Gaxen aita txütitü zen eta pausüki mintzatü:

- Ützüli hona egin dedüzüe eta üsatü sailetan jarraikitzekoa badedügü. Haatik elge berrian gari sail egitea xede hona linzake, hanko lürra hanitxez ere emankorragoa beidiza, beste nabetan ere lan hortan hasirik dizatz. Gizon talde baten xede hortan sartzeko ideia banendüan aspaldixkatik.

Aimunen ondoala joan zen eta zaküen goititzeko manüa eman zeion. Besteak txütitü ziren eta multxoka elestan hasi, batak ützüliaz eta besteak ontzigintzaz. Haatik emazteak ziren arrenküratüenak zeren ordüala arte beren gain beitzen gariaren ereite eta biltze saila. Elgeko sail berrialat gizonak joanen zirela entzün züenean alimaleko zaflaldia hartü züen bihotzean : fidantza eskasa, baztertzea eta desjabetzea senditzen züen. Gainera « aspaldixkatik » hitza gogoeten erdian zen, alde batetik Odegibürüaren espanto bat baizik ez zelakoan, bere bürüzagitzaren markatzeko erabilia. Bena bestetik jadanik pentsatüa züala gizoner gari sailaren emaitea eta xede horrek emazteak kexarazten zütüan. Zeren gari saila ez zen soilik janariaren biltzea bena hor bazen lantatze sail batetako jakitatea eta ardüra, eta horren bestelakatzeaz trahitürik senditzen ziren Odegiko emazteak.

2 – 620eko agorrila

Paki emeki zoan patarraren gora, espalden gaineko kargaren plomüan eraman beharrez. Betiko lan aspergarrian zen, harriak espaldetara altxa, patar gaineala eraman, han pausa eta berriz has. Lan hortan ez zen bakarrik, ehün bat ziren bena horrek ez zeion herstüra arintzen, beti ber gaüza goizetik arrats, altxa eta eraman, mando bat bezala. Hori züan itxüra egiazki, mando tzarpail batena. Eta ez züan lanaren bürützea hüilantzen ikusten zeren Iaga maxelan eraikuntzak herrokan ziren eta herroka lüzatzen ari zen beti aitzina. Alta ihes joaitea aspalditik pentsatzen züan bena Enikori gertatü lazgarrikeria orano gogoan züan. Aitzineko negüaren sartzean agitü zen, bera bezala harri karreün ari zen Eniko, gizon tieso eta zainarta, lehenago ihizlari zena Azalegin. Ebite egün batez lagün batekin ühaitzeko hur lasterreala jauzi ziren. Bena ixkilüdünak ohartü ziren, zaldiekin ühaitz bazterrak kurritü eta geziez egotxi zütüen. Bien korpitzak Iaga hegiko bi zühaintzetan txilintxautü zütüen, hedailo eta besoak zabalik. Lehenik beleak jin ziren eta gero builtreak, larrüa eta giharreak puzkakatüz. Paki kargarekin goiti jiten zen aldikala sogiten züan eta ezürrak gero eta xuriago agertzen zeitzon. Aste baten bürüko ezürrik ere ez zen haboro ageri eta Eniko desagertü zen betikoz. Gogoaren xahatzeko bazterrer sogiten züan, beste jenteen ikusteak pentsamentüa goxotüko zeiolakoan.

Bera bezala ühaitzetik Iagara harri karreün ziren ehün gizonen herrokaren ondoan liho sailekoak ageri ziren üda beteko lanetan : alorreko lihoaren mozten, ziloetan hurtatzen, zanporatzeko hedatzen eta Iagarat eramaiten, gizon bezain beste emazte. Haratxago gari eta olo sailak elge bazterreala artino. Eraikuntzetan lihoa idortzen, gari bihiak altxatzen, gari lastoak metatzen eta arratsetan behi eta ahüntz saldoak sartzen, hots jente hanitx kurritzen zen eta beti ixkilüdünak harat eta honarat zaldietan, begia zorrotz eta gezia laster. Iaga maxelaren gainen ageri zen Harizgain familiaren egoitza zabala eta hortik manatzen ziren Iagako egin beharrak oro. Pakik ez zütüan behin ere ikusi Harizgaintarrak bena horien mitilen manü eta zaflakoak hüilantik ezagütü zütüan. Zaharragoek maxelan lür lantzeak egiten zirela aipatzen züen, jüsto orai eraikuntzak altxatzen ziren lür zintetan. Itxürala horko lür lantzeak orai elgean egiten ziren. Üsüago Harizgainearen esküineko egoitza zabal eta beltzealat sogiten züan, hor beitziren biltzen ixkilüdünak, beren azote eta gezi lotsagarriekin. Beste ixkilüdünik ere ikusi züan igaiten, tropan eta zaldiz, ezpata eta azkonekin, beti lasterka, noiztenka saldo handian abiatzen eta egün zonbaiten bürüan ützültzen saldo ttipiagoan, güdüka gogor baten seinale.

Pakiri gogoala horra zeion noiztenka Libileko haur denbora, aita ahüntz saldoarekin, ama eta hiru haurrak ondotik, batean ordokian bestean mendian, sasoaren arabera. Beti leküz kanbio baziren, üsatü güneetan egoiten ziren üdatik negüala. Ohiko akodinetaz ontsa oritzen zen : egün erdi batez larrüzko etxola txütitü, gaztainak eta ziak bildü eta irina agortü, gaznak egin, oihalean txükatzen jarri eta beste. Eta berehala beltzünea horra zeion gogoala, aita desagertü zen egünekoa. Pette artzainak kontatü zeien nola arrotz ixkilüdün saldo batek bahitü zütüan ahüntz saldoa eta artzaina eta norabait eraman. Etxolaren ondoan ziren onddo biltzen, ez ziren deüsetaz ohartü eta aita desagertü zen. Segidan etxola bildü züen eta ordokialat ützüli ziren. Han ere beste familiarik bazen desapen egoeran, beste bahiketarik izan beitzen üngürünetan. Ordüan züan ümen Harizgainek bere ixkilüdünekin axolbea eskentü eta denek honartü. Hamabi dozena beno haboro jente ikusten züan Pakik, batak elgeko lanetan, besteak kabaleen alarazten mendixketan edo eraikuntza altxatzen, eta oro biribilkatzen ülüntzean Iaga maxelako etxeetan.

Orai Pakiren ama hilik zen, ondoko lihotegian zen bere arreba eta anaia ahüntz saldoarekin bazabilan. Haatik ahüntz saldoa handiago zen bena Harizgainena zen eta hentako ziren honak eta gaixtoak. Algarretaratzen ziren gaüan eta lo egiteko aterbe segürra bazüen. Onddo biltzera joaiteko paradarik ez züan ikusten, beti harri karga bizkarrealatü eta eraman behar. Hiru eraikuntzetako harrien karreazale izan zen eta ez züan sailaren bazterra ikusten, eraikuntzen herroka beti aitzina beitzoan eta harginak beti harri beharretan. Ontsa ezagützen züan eraikuntzen forma, berrogeita bost ürrats lüzan, hogeitahamar trebesean, üngürüko mürrüak jente baten goratarzüna eta erdikoak bi jenteen goratarzüna. Üngürüko mürrüarren parean beste mürrü bat altxatzen zen jente baten heineala eta bien arteko lürra harginek biltzen züen, hurarekin eta lastoarekin nahasten eta gero mürrüko harrien artean ezarten. Üngürüko mürrüen artean arroila barna bat egiten zen, hamar bat ürrats largokoa, zaldi saldoak hor sartzen ziren gaüaren igaiteko. Gero hegazkariak heltzen ziren, zurak herrokatzen, mürrüen gaineari etxekitzen eta ondotik lasto besatak zabaltzen eta estekatzen. Eraikuntza bat ürrentü ordüko harginek besta egün bat egiten züen, hegazkariak eta harri ekarleak ere hor ziren aragi gorriz eta sagar arduz asetzeko. Haatik borta bakotxean ixkilüdün bat egoiten zen, txütik, egün eta gaü eta beste zonbait zaldiz bazabiltzan harat eta honarat. Paki ez zen bestan hanitx lasaitü. Beitzakian, lehen ostoen erortean, Enikoren eskü eihartüak agertüko zirela Iaga hegiko zühaintzean, sokaz bildürik eta ezürrak xuri xuria.

3 – 370eko abentüa

Emunek goiza igan züan bere gatü hümeekin, jatera emaiten zeien ezne eta miosat. Haiekin goxoki ari zen, bailakatüz eta altzoan hartü beharrez. Beren ogüz harat honarat joaiten zirelarik, Emun so egoiten zen nola gaüzen gaineala heltzen ziren, korpitza lüzatzez eta plegatzez, beharriak txüt eta begiak erne. Bera ihizlaria zen eta gatüen ihizlari izaera gustatzen zeion, zolan lüze lüzea etzanik, jauzteko prest, igitü gabe eta büztanaren esküin exker emeki erabiltez. Bere bürüa ikusten züan hola, orkatzaren haidürü, belar artean etzanik eta lantza esküan. Aika anaiak gatüak ekarri zeitzon bi egün lehenago bere bidaje lüzetik arrajitean. Negübürü ondoko bi astetan Odegitarrak oro biltzen ziren, zonbat nahi hürrün izanik ere. Egün horietan lanik ez beitzüen egiten, aizina handia züen berrikan aritzeko. Mezperan bi anaiak bildürik egon ziren beste bost lagünekin Odegi handiaren erditan, arrestiri osoa elestan, goxoki, harri xabaletan jarririk. Herren egüneko gaüzak prestik zütüen eta biltzean agertü gei züen joküaz hein bat harro ziren. Hor Kani bere bidajeaz mintzo zen:

Ehosan beste gizon arraro bat mintzatü nendüan, Glenal edo holako zerbait zendüan izena, gizon azkar bat bilo gorrailekin, honek aipatü zendütan Karnalaleko biltzea, bere eskualdean dedük, han nonbait iparraldean. Harri txüten üngürüan biltzen dedützak negübürüan hurak ere. Kontatzen zendüan zer animaleko lekü zabala zinzan, orotan harriak txütik herrokan eta gaitzeko jente andana biltzen zinzala hor sasu berrian, jinkoer deika. Aipatzen zendüan han ere sagar ardua edaten zendüela eta biribilean jauziak egiten, heben bezala, hots !

Emuni gustatzen zeion bidajeetan ikusia nola kontatzen züen lagünek, berak hola entzüna itxüratzen ahal züan. Haur zelarik bere ama Iunek ere Agorrodiko biltzean ikusiak kontatzen zütüalarik ontsa beha egoiten zen. Aldi hontan bidaje handiagoa eginik züen Aika eta bere lagünek zeren Agorrodian zaldiak trükatü zütüen kalamü kargekin, horiekin Ehosarat joan eta bürdüinak ardietsi. Bürdüin ola handia bazen han, zer nahi tresna mota egiten zen bürdüina gogorrean eta zispa geiak han bildü zütüen. Horik gero makila lodi baten püntan ontsa lot eta ihizkako tresna ederra egiten zen. Baita borrokan ere ontsa baliagarri ziren, horiekin beitzütüen Erromatarrak ezkaparazi Baratzehegitik.

Biharamen arrastirian Odegi handiko hegian oro bildürik ziren, Agerriaren ondoko xabalünean, eta haurrak heltü ziren bata bestearen ondotik. Azken hiru egünak harpean iganik zütüen, urte oroz negübürütik landa egiten zen bezala. Saldoan Emunek ikusi züan Ixte semea besteen artean, denak serios, herrokan heltzen. Berak ere hori ezagütü züan, zazpigerren sasuan, amak erran zeionaz, eta oritzapena orano bizirik züan : emazte batekin harpe barnean sartü, lekü eli batetan egon, hitzak goratik errepikatü edo kantatü, esküak tintatü, Indartsüen ipuinak ikasi eta berriz kontatü. Hor haur denbora finitü zeion eta handien egin beharretan sartü zen, batean gaüza berrien ikastez kontent eta bestean haurren aizinantgoari dolüz. Hortakoz konprenitzen züan gazte horien begitarte seriosa.

Ondoko egünean Itheko nabalat joan ziren Odegitarrak oro eta heltü ziren ere Mürüxetarrak eta Maidetarrak, jentetza handia zen ordokian. Lehenik maskatüen ikustea zen ororen nahia. Han hor talde ttipiak bildürik ziren, haidürü ziren bezala, azken ürratsen prestatzen. Orroaz lasterka sartü ziren saldoan, gizonak baztertzen, emazteak uhatxez eta haurrak zale ezkapatzez. Horiek bazüen harritzekoa monstro haien agertzearekin : hartz larrüz beztitürik, odol tonaz beterik, bürü gainean zezen adar handiak eta gerrian lotü bürdüinak dilin-dalan. Ithe zola oro bürdüin herots, orroa eta haur kanka izan zen memento lüze batez. Gero larrüzko munstroak erditan eküratü ziren eta txülülaren soinüan dantzan hasi ziren, biribilean. Segidan gehitüak hüilantü ziren eta biribil handiago batetan dantzan hasi. Haurrak aldiz hürrün egoiten ziren, taldeka, begiak handi, anpletü monstroer begia etxekiz.

Gero trikuharrialat jin ziren oro eta üngürüan jarri, ixil ixila. Mürüxe, Maide eta Odegiko Agerrak ondoan ziren, bakotxa zurezko kütxa bat esküetan eta Odegikoa mintzatzen hasi zen. Oritarazi züan aitzineko sasuan Baratzehegian agitü borroka eta nola hiru hirietako ihizlari gazteek zaflatü zütüen Erromatarrak eta geroztik üsatü bizitzean jarrikitzen züela. Oritaraziz Erromatarrak ibarreko ühaitz bazterrean kokatü zirela eta haien berriz heltzea ez zela baztertü behar. Borroka hortan hil ziren zortzi gizonen korpizki erreak kütxetan ziren eta trikuharriaren barneko ziloan hüstü zütüen, emeki eta ixiltarzün handian. Emunek ez züan holakorik sekülan ikusi bena borroka hartan egon zen eta bi lagün hilen korpitzak Odegialat ekarri zütüan. Aharra hortan bizia galdü züenen ospatzea egoki zeion. Gero harpeetan egon zen haur saldo bat igan zen trikuharriaren gaineko harri zabaleala eta Indartsüen ipuin bat goratik kontatü züan. Jentea bildü zen harriaren üngürüan, algarri tink-tinka eta ipuinaren ürrentzea errepikatzen züan. Beste saldo batek leküa hartü züan eta beste ipuin bat oihükatü eta jenteak errepikatü.

Emunek ipuinak ezagützen zütüan, besteak oro bezala harpetarik iganik zen eta ipuinak errepikatzen zütüan serioski. Bere seme Ixte hain gazte ikusteak arrenküratzen züan, Erromatarrak hüilan beitziren. Haatik biltze horrek üsatü lasaia ekarten zeion: gero ere Odegik azkar segitüko züan.

4 – 380eko seteme

Behi pare andana bat ari zen gora eta behera egün osoan, Satsaga maxelatik Süholarat gari besataken karreatzen. Üda betea zen, bazterrak berde, gari alorrak gorrail, eta jente hanitx lanean. Aitzineko egünetan garia moztü züen eta besatakak metatü alor bazterretan, egün aldiz hauen Süholalat eramaiteko egüna zen. Bihi batek ere ez züan bidean galdü behar eta behi pareak tiratzen züan organ ontsa lotzen ziren besatakak. Egün inportanta zen, hor beitzen neürtzen gari mozkina eta urteko sari nausia ere bai. Sos argitsüen kontatzeko tenorea hüilantzen ari zen. Sühola hegiko barrakan zen Graküz jauna, mahainean jarririk mozkinen zerrendan ezarten. Bere gizonak ondoan ziren besataken izartzen, behizainer kexüz bena Graküzen manüer arrunt obedizale. Graküzen kontüa egin ordüko, Sühola erdiko borda handiala bazoatzan behi pareak, hanko metan besatakak ejerki pausatü ondoan, alor batetarat berriz abiatzen ziren. Heben gizonak ziren lanean : saldo batek gari bürüak moztü eta lastoak beste xoko batetan metatü, beste saldo batek bürüak zaflatü, beste batek bihiak aizatü eta zaküetan sartü eta azken batek zaküak borda xoko batetan metatü. Gizon bakotxak bere lan sail berezia züan, egünorotan berra, Graküzen mitilen begien bistan egin beharrekoa.

Ekiaren sartzetik landa bazterrak ülüntzen hasi ziren eta Satsaga bazterretik heltü zen azken behi parea, bost emazte eta Zügüneko Eneko gibeletik. Emazteek nahi züen jakin Graküzen ahotik beren alorraren üzta zonbatekoa zen. Betidanik emazteak axolatzen ziren gari alorretaz eta hentako üztaren neürtzea gertakari inportanta zen. Jadanik bazakien etxenko urteko garia bildürik züela eta Graküzi ekarria haborokin bat zen, nahiz eta Graküzen kontatzeko manerak üsü ahoa idor üzten zeien. Horregatik Graküz hasi zelarik gari bürü mehegien aipatzen, serioski beha egon ziren nahiz eta gogoan pentsatü entzün beharreko hitzak zirela, gizon horrek bere kargüaren goratarzüna agertü nahi balü bezala. Bazakien erromatar soldado ohi bat zela eta lürlantzeaz ez züala deüsere ezagützen.

Arte hortan Enekok aitzina egin züan, beste mitilekin jüntatü zen eta erria ezpainetan arra agertü zeion. Gari bilketaren zaintzea aspergarri zeion, eki gorritan eta emazteen bazter soen pean egon beharra ez züan batere gustüko. Bazakian bere haütüa intrabalekoa zela bena aterabide egokia zeion : holako beharrezko lanez aparte, zaldiz ebiltea eta armekin borrokatzea zinez maite züan. Intrabalekoa zen berea bena aitaren haütüa züan jarraiki eta hola baztertzen zütüan Süholarren trebeskako erranak. Zügüneko familia beti Süholako bürüzagietan izan zen, aitak üsü kontatzen zeion bezala. Bena Erromatarrak jin zirelarik soldadoekin Süholaz jabetzera, aitak borrokatzea baztertü züan eta haien meneko jarri zen. Graküzen mitil izanez, Enekok ez züan laborantxako lan akigarrietan ari beharrik, gainera gaztetan ihizteka zeion gustatzen eta hor zaldiz zenean ordüko ber plazera senditzen züan.

Ülüntzean Graküz Aterarterat abiatü zen zaldiz eta bi soldado lagün. Hiri hortan zen Valerius bere nausia eta honen etxearen xoko batetan züan bere bizileküa. Berantzen zeion mainü hon baten hartzea. Oraiko bizi anpleaz kontent zen eta triparen loditzeak erakusten züan ez züala giharreen akitzeko parada hanitx. Zügünaltearen behera zoalarik, bazter ubeler sogiten züan, bere gazte denborako Florence eskualdea oritzen zeion, haatik eretzean zen mendi hegialat soa ezkapatzen zeion beti, bere soldadoek han beitzüen hartü animaleko zafraldia. Hogei sasu egin zütüan armadan eta Baratzehegian kolpatü zelarik, soldadogoa ützi behar üken züan eta Valeriusen zerbütxari jarri. Urte andana bat iganik ere orano gogoan züan Baratzehegian menditarrekin borrokatze hura. Valerius beti hontarzünen handitü beharrez aküilatzen ari zen, eta uste züan ere haren sos goseak züala builtatü Aterarterik hürrunegi zen Baratzehegiaren menperatzera. Bena menditarrak nausitü ziren eta gaine hartan borrokatü züenek ez züen Erromatarrekin zorrik. Eneko eta beste mitilak borda handitik ekialdeko maxelan behera abiatü ziren, zalditegiaren ondotik behera eta soldadotegian sartü. Han gizon baizik ez zen eta mahainean jarri ziren segidan, dozena bat gizon gazte, zainart eta tieso. Basurdeki saltsak zorroa beterik eta sagarrarduak gogoa epeltürik, berehala selaürüalat igan ziren etzatera. Argitzean jeiki ziren ixilik eta eznean zopatü miosata gaintitü ordüko zalditegialat abiatü ziren. Eneko lehenetan zen, goizanko trebaketan laket zen. Zaldi gorraila sokatik har eta Lexegitako ordokialat abiatü zen. Lehenik zaldi gainean lantzarekin trebatzen ziren, bazterreko zakü elibat traukatü behar zütüen, zaldia lauhazka zoalarik. Sasu zonbait hontan hasi zen trebatzen eta nekezia hanitx üken züan : zaldia hezi bere esküala, lantzarekin eta ezpatarekin zaintzen ikasi, lantzarekin atakan trebatü. Baratzehegian senditü lotsak gaitzeko ikasteko nahia emaiten zeion.

Gertakari hartan hoinezkoen saldoan zen eta, egin ahalak eginik ere, larren behera ezkapi behar üken züan. Orai lantza zaküan ontsa sartzen züalarik, basurde bat eho züala pentsatzen züan eta harro zen, nahiz eta bazakian egiazki borrokatzera behartürik izanen zelarik, menditar bat züala traukatüko alden alde. Sasu bat zen hoinezko soldado zela Eneko, Altzahiritik Larrekarren gora abiatü zelarik Graküzen soldado taldea. Goxoki üngüratü züen Baratzehegia eta han egon ziren egün osoan zelatatzen, Graküz bürüzagiekin elestan ari zen denboran. Biharamenean hesola berri baten egitea manatü zeien, soldadoen erdia oihanean zühaintze ebakitzen eta beste erdia txütik ezarten eta estekatzen.

Ondoko goizan zen afera mingartü, argitzean lanean hasi ordüko, geziak non nahitik heltzen ziren, beste herotsik ez zen, ez eta mügimentürik ere ez. Eneko eta beste bi abiatü ziren ustez geziak abiatzen ziren motto batetara. Hüilantü ordüko hiru gizon elki ziren sasi artetik lasterka, lantza bat xüxen heier bürüz, defendatzeko prest jarri ziren bena hurak, nonbait lantza sar eta ezkapi ziren. Bigek lantza korpitzean sartürik züen eta Eneko han zen txütik, nontik heltüko ziren haidürü. Ez zakian nolakoak ziren ere, begi kaldü batez egin züen ataka, ez züan ez kaskarik ez erredolarik ikusi, bürühas eli bat baizik ez. Bi kolpatüak gibeltzen lagüntü zütüan eta best bi soldadoekin berriz abiatü zen eta hor berak ere lantza bat zankoan sartürik üken züan. Ützültzean Graküz ere hedailo ikusi züan, lantza batek azpia traukatürik.

Eta hola igan züen egüna, bazter orotarik lantzak elkitzen ziren eta biharamenean Graküzek üko egin züan, soldadoen erdia beno haboro kolpatürik züan, zonbait hilik ere bai eta Baratzehegiaren behera abiatü ziren, lantza beti gibel bürüz. Ihizlari trebea izanik ere Enekok ez züan sekülan holako ihiztekarik bizitü. Bera zen ihizearen leküan eta gogoan hori agertzen zeiolarik, orano ere odola gatzatzen zeion.

5 – 385eko üztaila

Emun mandoaren gainen zen eta Ixte semea gibeletik hoinez jarraikitzen zeion beste mando bat sokatik etxekitzez. Aterarten kalamü karga handi bat hartü züen eta Odegialat bazoatzan arrestiri erditan. Larramendia igan berri züen eta Atagiren bistala heltzen ziren. Emun patar hegian eküratü zen eta Atagi alteari so egon zen. Etxe ondoko baratzea, gari alor lüzea, Lüroko borda, ondoko liho oihana eta alde gaineko gaztainatzea begistatzen zütüan. Lüroko soroan hamar bat zaldi ari zen ala, lasterka eta jauzkan, osagarri honeko marka ikusten zeien hor. Aüzo izanik ere, Odegiarrek ez züen Atagiarrekin harreman handirik, ondotik igaiten züen üsüan, trankilki, inbea eta lotsa sentimentüak nahasirik. Zeren Atagiarrek berezi fama handia bazüen : behi eta ardirik ez, ahüntzak ezne eta gaznaren egiteko, lanak mandoz eta kurritzeak zaldiz. Halere lür lantzeak ontsa eramanak ziren eta horien lihoak arrakasta bazüan. Haatik fama handiena bere armatü gizonekin bildüa züen : hamar bat gizoneko taldea eramaiten ahal züen, zaldi handietan, ezpata, balesta eta lantza hoberenekin. Nahiz eta aüzoekin ixtoria okerrik ez seküla agitü, Emunek errespetü handiz sogiten zeien. Bena hor Atagilarreko maxelan jenteak lanean ikusten zütüan, mitil saldo bat eta mandoak harat honarakan. Emunek harrarte hortan zertan ari ziren ez züan asmatzen eta aitzina partitü zen. Atagilarreko patarraren erditan eküratü zen eta, semea Odegilarreat igorri ondoan, mandoa ilorritze bati esteki züan eta hoinez abiatü Atagi alde gaineko maxelala. Hegiala heltü ondoan, hatsaren hartzeko eküratü zen eta mitilen lanari sogin züan. Ezponda egiten ari ziren, seigerrenean ziren, harriak elki, horiekin mürrü apal bat eraiki eta horren kontra lürra zabaltü. Orai mandoen harat honarata konprenitzen züan, gaineko soroan lur beltzez bete saskiak mandoz ekarten zütüen behera eta ezpondan zabaltzen. Bizpahiru ürrats largo eta ehün bat ürrats lüzeko ezpondak ziren, maxela oro karre harri xuri zen. Holako lanaren zergatia jakin nahian Emun ezponda goreneko saldoala hüilantü zen eta Xiban ezagütü züan. Xiban Atagiko hirugerren semea zen. Emunek ez züan üsü kürütxatü merkatü eta beste akodinetan, kanpoan kurri ebilteko fama bazüan.

Mitilak lanean ützirik Xiban hüilantü zeion eta zaharrer hitzegiten den maneran, goxoki mintzatü zeion:

Bitxi dizazü, Emun ! Ez ziza bakotxa, etxen ere bitxi dizaezü bena ene xedeaz aski segür nedüzü. Heben mahatsa lanta dedüket eta mahats ardu eginen, Koliuran ikasi bezala. Han egon nedüzü urte batez eta mahats ardu egiten ikasi dedüt. Funtsean gure sagar ardua bezala dedüzü.

Bi mandoren heltzearekin Xiban mitilen gana joan zen eta Emun ezponda hegian jarri zen. Eretzean Erbexe eta Bostmendietako hegiak zütüan eta exkerretarik Araneko iraztorra gorritüak. Haier soz egon zen eta urte zonbait gibelagoko mementoa gogoala jin zeion. Aika anaiak ekarri zeitzon Ehosatik gatü hümeak. Han mintzatü jenteen erranak oritü zeitzon, Karnalaleko harri txütak eta beste. Bidajanteen ixtoriak zinez gustatzen zeitzon. Eta Xiban horietarik izateko itxüra züan. Mandoak deskargirik eta mitilak lürraren barreatzen ützirik, Xiban berriz hüilantü zen. Emunek Koliura eskualdeaz berri galtegin zeion.

Han, ekia jeikitzen dan aldean dedüzü, beste itxasoaren bazterrean, lekü beroa dedüzü bena beti aize azkar batekin. Eta han maxela orotan mahatsa lantatü dedüzüe eta horrekin bizi dedützazü, eta ontsa bizi. Arduak bestetan arrakasta handia dedüzü. Lür mardoan beno hobeki emaiten dedüzü harrartean edo hobeki erraiteko, gustü hobea dedüzü zainak harrien artean sartzen dizatzelarik. Mahats morkoak brentsan tinkatzen dedützazü, mahats hura barrikotetan ezarten, hebenko sagar ardua bezala, gero barrikaz kanbiatzen eta hontzera üzten urte zonbaitez. Lifent hona elkitzen dedüzü, txestaraz dedükezüt bena, haatik, urte zonbait egürüki behar dedükezü !

Ezaxol itxüra erabilten züan bena Emunek senditzen züan bere xedeaz aski segür zela. Bidajez abiatzeko gogoa nola heltü zeion galtegin züan.

Metalen txerkatzeko txilintxaren ebilten ikasi nendüzün Agorrodin batü gizon batekin. Honek bürdüin puska bat bazendüzün eskü bat lüzeko sokatto baten püntan eta txilintxaren üngürüen arau zer metal mota zan jakin zenzakezün. Hala nola bürdüinak lau üngürü, zilarrak sei, kobreak zazpi eta ürreak hameka bena lapitzak ere hameka. Erran dedükedazü ez dedüela ber balioa, bestelan heben aberats gendükezü ! Metalek ühain biribilak agertzen dedützezü, bi, lau edo sei eskütara, aldiz lapitzak ez. Eta ühain horiekin jakin dezakezü ere zer barnatarzünetan dizan herroa. Hola hein bat nahasi dedüzü, behar bada, bena aritzez trebatü nedüzü eta han hor meategietan ebili nedüzü metal edireiten. Eta edireitea ontsa pakatürik dedüzü. Hola Pirinio mendi horietan kurritü nedüzü beste bazterreala artino eta Koliurala heltü. Mandozainen ezagützeak ere hanitx lagüntü nendüzün.

Emun begietara so zeion eta ontsa beha zen, nahiz eta üngürüen zerrenda ez züan gogoan etxeki. Harritzen züan nola holako gizon gazteak lasaiki aipatzen zütüan hain hürrüneko joan-jinak. Xibanek noiztenka mitilen lanari sogiten bazüan ere, lasaiki kontatü zeion metalen txerkatzez igan zütüan sasuak Pirinioen gainti. Trebatze hortan bürüa sartürik, ez zen denboraz ohartzen ere eta harroki aipatü zeion bere sekretüa, beste txerkazaleek ezagützen ez züena. Zazpi üngürütan dira kobrea eta estainüa. Ühinen arteko neürriak zehazten dü zoin den bata ala bestea. Holaz lürpeko metalaren ezagütza finena erakusten züan. Estainüa ontzien eta platerren egiteko zinez baliagarria beitzen, jente hanitx bazen estainü ediren nahian. Norbaitentako lekü bat ikertü, metala atzaman, ardit argi zonbait zaküan sartü eta atzina bazoala erran zeion.

Emuni gizon berezia agertzen zeion aitzinean, berezia beno segürrago, ez ohikoa. Ez Atagiko beste gizonak bezalakoa eta horrek bere jakin nahia gilikatzen zeion. Bera Odegilarrekoa zen eta gaineko Maidetarrekin eta Lexarretarrekin üsü harremanetan zen, Mürüxetarrekin ere bai, mendiko aferetan eta besta egünean. Haatik Atagiarrekin ez zen kürütxatzen, beharrünetan baizik ez. Bazka edo ihize leküetan pataska bazelarik horik agertzen ziren, batean Atagi, bestean ibarraren beste maxelako Domeka edo biak, beren gizon armatüekin. Baten eta besteen arrazoak behatzen zütüen eta delako araua xüxentzen. Bena urte berriko biltzeala ez ziren agertzen, horiek Aterarten zütüen aferak egiten, adibidez Atagiarrek lihoa ehüten züen eta ez züan seküla ikusi, Aterarten trükatüko zükeen, aldiz berek Odegiko lihoz beztitzen ziren. Bi familiak lürzain izenaz deitzen zütüen, halako errespetü batekin eta, Emunek senditzen züan bezala, beldür amiñi batekin ere bai. Mandozainetaz galtegin zeion. Xibanek Agorroditik haratagoko meategi hanitxetan ikusi zütüan eskualdeko mandozainak lanean. Fama izigarri hona züen : azkar, zale eta mandoen gidatzen trebe. Gehienek Izabako mandoak zütüen eramaiten, bakotxak pare bat, eta urte batez ari ziren beharretan. Urte ürrentzeko ützültzen ziren urte berriaren hasteko familian eta gero berriz partitzen ziren ber leküala edo beste batetara, üsüan algarrekin bazoatzan bidean. Horien bidajea Xibanek baliatü züan behin beno haborotan, bai joaiteko bai jiteko, hala nola azkenik mahats ondoak Koliurarik ekarri zütüalarik lau mandoren bizkarrean.

Emunek galtegin zeion tratüaren egitera nola heltü zen.

Ez dedüzü gaitz ez, Piriniotan zer nahi hitz ikasten dedüzü, eta mahats ondo saltzaleak Barzalonarik horra zendützezün. Horiek ardit argia ardit gorraila beno nahiago dedüzüe eta nik horietarik banendüzün aski. Gük partitzean ‘adio’ erraiten badedügü, haiek ‘adeü’ erraiten dedüzüe, aisa konprenitzen gendützezün bai !

Emunek Xiban ützi züan beroki agurtü ondoan eta bere mandoalat horra zelarik gizon gaztearen erranen arra entzüten ari zen, xarmatürik. Berriz mintzatzeko gogoarekin zen eta azken gogoeta batek erria ezpainetara ekarri zeion, mandoaren ondoala heltzen zelarik. Enkok, Xibanen anai zaharragoak, fama handia züan aüzoan eta üngürünetan. Hein bat harro zen bera eta süstut bere hamar gizon armatüekin kurritzen zelarik. Zonbaitek jeloskeriaz eta besteek ihakinez erran bat jarri zeien : « Atagiarrak hasik eder denean, lasterka etxera euri dagonean. » Hebentik aitzina Emunek ez zütüan Atagiarrak oro ber zaküan ezariko.

6 – 390eko azaroa

Bi dozena enbor alkarren kontra etzanik eta horietarik baten azalaren baztertzen ari zen Ixte, aixkora mehe bat esküan. Aste bat hontan ari zen lan hortan. Enborrak hogei zehetan ebakiz eta azala elkiz. Lan torpea zeion, ez indar hanitx behar zelakoz bena konkortürik egoitera behartürik beitzen. Hortakoz, noiztenka korpitza lerdentzen züan, esküekin bizkarraren xüxentzen lagüntzez eta bazterrer so egoiten zen, esküarekin boronteko izerdia üküztez. Bizar xuriak adina erakusten balin bazüan, besoak giharretsü zütüan eta ahürrak zabal. Larren gora hüilantzen zen beste gizonari so jarri zen. Honek mando batekin enbor lüze bat tiratzen züan eta bere ondoan eküratü zen, hatsanka:

Beste lau eta karreatzea ürrentürik dedüket. Ülüntzeko bürütü dedüket aisa. Azkenak hein bat hürrün dedützazü bena ordoki beita ontsa lerratzen dedützazü.

Bai, hein honean aitzinatzen dedüagü, ihardetsi zeion Ixtek, enbor batetan ttottotzez. Holaz zerradüraren bazterreala heltü gedükek eta gero lürraren metatzea dedükek egitekoa. Bena hori besteek egin dedükee.

Biak enborrean jarririk hatsaren hartzen ari ziren, Ixte eta Iunes bere semea, aita bezain tiesoa. Honen zaragoila labürrek gaztetarzüna seinalatzen züen. Aitak atorra lüzea baizik ez bazüan, semea atorra eta zaragoil labürragoz bezti zen, beste gazteen maneran. Iunes mandoarekin berriz partitzen zelarik so egon zeion. Egin beharrari artoski lotzen ikusten züan eta horrek bihotza lasaitzen zeion. Sasu zonbait gogorki bizitü zütüan bena kanbioaren alde honak orai agertzen zeitzon. Odegin bere aitarekin zur lanetan ikasi züan eta Itheko bagoekin etxeen eta hesolen egiten trebatzen hasi zen. Bena Agerrekoek erabaki züen beherago bizitzera jitea eta Altzahiriaren eraikitzea. Agerretarren xedea zen elge baten ondoan jartea eta elgetik egin ekoizpenekin hobeki bizitzea. Elesta hanitx izan zen bena sasu zonbaitez heltü ziren Altzahiriko egoitzen txütitzera, espilen hesolen egitera eta elgearen xehatzera. Altzahiria Larramendiren eta Atagiren artean zen, ibar bazterrean. Odegin artzainak baizik ez ziren ebilten. Hesola handiaren konpontzera joaiten zelarik, orkatzen bazter etxekitzeko beharrezkoa zena, espilen belarrez beterik ikusteak pena egiten zeion. Bere ama Iune hain harro zen espilak ez züan haboro gari eta liho herexarik.

Arrastiri apalean Iunes laugerren enborrarekin heltü zen. Ixtek honen ondotik ikusi züan bi jente jiten ühaitzetik gora. Aixkora pausa eta horier soz haidürü egon zen. Larren gora hüilantzen zirelarik Mürüxetar emazteak zirela ohartü zen. Atzinekoak bürü gainean oihala züan, Maina ezagütü züan, eta bestea bürühas zen, ezkongabea. Lürrean zaküaren pausatzez, Maina mintzatzen hasi zen:

Agur Ixte. Heben lanak ejerki aitzinatürik ikusten dedützat. Gü doi-doia etxeen eraikitzera heltü gedützak. Haatik ühaitz bazterra orai argiago dedük eta ibitik aisa dedük honen zeharkatzea.

Erri goxo batekin so zeien Ixte. Bazakian Mürüxetarrak ere behera jin zirela Sarriko ordokian jarteko eta horiekin ühaitzeko arrainen biltzeko pataskek lüzaz iraün züela. Lehen arramahankak bakotxak bere gisala ezarten zütüan bena ordokietan jente haboro izan zelarik, algarri ebaska hasi ziren. Zonbaitek bizia galdü ere bai. Lakaharriko Domeka, Atagi eta beste Agerretarrak bildü ziren eta lüzaz aipatü ühaitzaren bazterraren altxatzea, ibiaren antolatzea eta arramahanken ezarteko epeak. Orai alde bakotxak aste batez beretako züan ühaitzaren gozamena eta txandakatze horrek bazterrak lasaitü zütüan.

- Emeki emeki ari gedützan gü ere, ihardetsi zeion Ixtek, bena egia dedün ühaitzaren bazterrean lan hanitx egin dedügüla. Hor eraiki ezpondekin ühaitza ez dedün haboro gaintitzen. Lür hanitx erabili deduñagü alor bazterretako arroiletarik ühaitzaren bazterreala. Haatik lür beltza heben bi eskü barnatara heltzen dedün eta horrek üzta lodiagoaren esperantxa emaiten dedün. Zola hortan sarats eta haltz baizik ez dedün, bata mardoxka eta bestea gogorxka. Habil aitzina bai, emazteak gaineko espilean dedützan jorran.

Emazteak joan ziren eta Maina ixilik aitzinatzen zen, Ixten erranak aisa bazter üzten zütüan. Lür erabilteak eta enbor txütitzeak ez züen bere gogoetetan lekü handirik. Mainak bizkarrean züan liho kana lodia eta horren trüke kalamükara jinik zen. Kalamü kordak lürrontzien egiteko baliatzen zütüen eta Odegitarrek hortan trebezia handia bildürik züen. Bena gantzügailü ere egiten bazakien eta behar zen egünetan aluan ezartez haurdüngoaren bazter etxekitzea ardiesten züen.

Ülüntzean Iunes beste hiru gizon gaztekin jarririk zen hiriaren bazterrean. Aizea epel zen eta zelüa izarrez beterik. Gazteak nabari bürüz jarririk Sarriko ordokiari so ziren. Iunesek ordokiaren antolatze lanak aipatü zeitzen, sarats enborren karreatzea eta lür ezponden altxatzea. Urkiren aipamenak Odegi altealat eraman zütüan eta gaineko bazter zabaletan gogoa kurritzen zeien. Urki zaldien hazte et hezte beharretan zen betidanik. Bohor eta mandoak Andozeko ibarrean alarazten zütüen eta ülüntzeko Odegiko zerratüan sartzen. Haatik lauek sasu zonbait lehenago agitü izigarrikeria gogoan züen : Apanizerik heltü zen talde bat zaldien ebastera, bi zaintzale eho eta bi dozena zaldirekin ezkapi ziren. Ondoko egünean Atagiarrak joan ziren ondotik eta Behorlegi altean taldea batü, gaitzeko borroka egin eta zaldiekin arrajin. Gertakariak bazterrak harrotü zütüan eta Atagiarrek zütüen orai alagiak zaintzen eta hortaz Urkiri xehetarzünen emaitea gustatzen zeion. — Lexarreko dorrean lau egoiten dedützak egün orotan eta beste lauak beti kurri dedützak Lexarregaraterik, Ahüzki hegiala eta hantik Lomendira, ützülian. Goiz arrats eraso trebatzen eta zaldien hezten aritzen dedützak eta bestelan beti hegietan kurri zaldien ürratsean. Beren lantzekin harro dedützak eta zaldien gidatzen trebetarzün handia dedüe. Horregatik zaldien biltzen ez gedüe batere lagüntzen. Gük dedüagü lasterka joan behar eta üngürütik bildü. Bena pürü ebasleak hürrün etxekitzen dedütze eta hori ere zerbait dedük. Orai bohor eta mando saldo ederra badedüagü. Besteak beha ziren eta bürüarekin baitzeko keinüa egin züen.

Ebasketa horren gora beherak hameka aldiz entzünik zütüen eta üsatü lazdüra senditzen züen beren baitan. Zaharrak Odegiko bizitze ederraz dolützen baziren, lau gazteek Altzahiriko bizia baizik ez züen ezagützen. Zaharrek zioien han beren gisara oro egiten ahal züela, Agerretarren bermearekin. Orai aldiz Larramenditarren eta Atagiarren artean ziren eta gaüza hanitx horiekin tratüan finkatzera behartürik. Gainera Atagiarrak ziren eskualdearen zaintzaz ardüratzen. Alde batetik laxükiagoki kurritzen ahal ziren bena bestaldetik, orotan Atagiarrak agerian ziren, eta zonbait aldiz sobera agerian ere. Arraileriaz, Urkik « Atagiarriak aterian hasik ta eder, eüri dagonean etxerat laster » errana errepikatü züan eta lauak erri karkazaz hasi ziren. Arte hortan Ixte bere etxearen aitzineko jargia lüzean ttotto zen, hau ere bazterrer so eta kalamü osto mastekatzen. Bere ondoan zen Enko, bizar xuriak agertzen züan bezala, adin bertsüko gizona. Üsatü akodinetaz mintzo ziren, gaüaren epelaren gozatzez. Jadanik Ixtek xeheki kontatü zeion elgeko lür bazterren lantzea arroila handiak eginez. Odegitik desberdintarzün handia zeion. Han orkatz eta otsoetarik oro zaintü behar zen hesolak eraikiz ; heben aldiz ibar zolako zühaintze eta sasiak egotxi zütüen eta orkatzak ez ziren hüilantzen. Holaz arroila bat üngürüan egin eta ihizeak kanpo egoitera behartürik ziren. Üzta egiteko lur beltz ederraz aski harro zen.

Enko ere zurgina zen eta algarrekin hanitxetan agitü ziren beharretan. Haatik Enko hegatzen egiten laketago zen eta azken saila aipatü zeion.

Elizaren hegatza aste hontan bürütü dedükeagü segür ere. Beste etxeak bezala dedüake zurdüra bena Agerrekoak aitzinea biribilean nahi dedüak. Bai otsez eta Aterartekoa hola eginik dela, arauz haiek bezain beste egin nahi dedüak. Haren ikustera izan nendüan eta aisa egitekoa ikusi nendüan. Haatik barnea ez zintzatan gustatü. Oro kürütxe lüze eta bertan Kristoren korpitza txilintxau, itxüra zinez tristea ediren nendüoan. Gük gure Ahaldünak agurtzen dedützagü, Mari, Ortzi, Amandrea, harpean eta Iteko trikuharrian. Bena ez dedützagü ikusten. Hor aldiz gizon bat besoetarik txilintxau, gaüza bitxia dedük. Beste gaüza bat ere badedük : elizan hilen arimen salbatzeko otoitzak egiten dedützek, horien salbatzea dedük gaineko zelüan sartzea. Gük aldiz hilen ezpiritüak beren lürreko leküalat lagüntzeko zeremoniak egiten dedützagü. Gainera gure hilen korpitzak hebenko lürrean ezarten dedützagü. Elizako apezak aldiz nahi dedük korpitzen ehorztea elizaren ondoan, Kristoren kürütxearen ondoan. Ez dedük aisa entelegatzea.

Erran horiek gogoeta andana ekarri zeien eta ixilik egon ziren ixtant lüze batez. Bi zaharrek ez züen molde berri hori begi honez ikusten bena ez züen deüsere arrenküragarririk asmatzen. Behera jitearen beste ondorio bat, besterik ez. Gainera Ixtek elizako beharra lasaiki hartzen züan :

Enetako ez dedük entelegatü beharrik, hori zeremonia berri bezala agertzen dizatak, egin behar bat haboro. Haatik ni ez nedük ezpiritü eta arima berextetan sartzen eta elizan aipatzen dizan sortzeko bekatüa beharrien bazterretik igaiten dizatak. Atagiarrak eta Agerrekoak aitzinean dedützak ahoa zabalik eta ni hürrün egoiten nedük, itxüraz gustatzen dizatzek apezaren aitzinean jartea. Oro bat dizatak, gük Iten eta harpetan gure Ahaldünak agurtüko dedützagü eta sasu berrian bildüko han, gainen, üsatü bezala, eta apezak ez dedükek harat agertzerik.

Bi kalamü osto ahoan sar eta mastekatzen hasi zen, ülüntzen ari ziren Bostmendier so. Biak ixilik ziren eta gibeleko etxetik heltzen zeitzen erri karkaza eta uhatxer beha egoiten ziren. Bost emazte bildürik zen, harrietan jarririk. Iani txütitü zen eta goratik mintzatzen hasi :

Mainaren trükatzea bezala dedün, liho xuri kana bat ützi dedün. Berehala Ixteri galtatü beharko dedüñagü lihoaren metatzeko aterbe bat eta honek egin dedükegün eliza beno handiagoa, barnea oro liho xuri, ezkoxinik gabe ere gaüaz sartzen ahal. Lihoa orotan ikusten dedüñat, meta xuri horrek lanoa bezala tinkatzen nedüñan. Nik amesten dedüñat lihoa kolorez, gorri, gorrail, berde-ülün, berde-argi, urdin-ülün, urdin-argi, bena nik eginik, nik tintan eginik. Jadanik gorria erabili dedüñat Oiasoko tratülant batetarik bildü tinta errautsarekin eta ez dedün orotan ontsa hedatü bena hobeki egitera hel nedüken berehala. Eta ez tintatü baizik bena jauntsiak egin ere bai, puskak moztü, bazterrak doblatü beste koloreko oihal zinta batekin, zaia zabalak, Aterarteko merkatüala joaiteko eta han trükatzeko ere bai. Gizonak heben ütz dedüzkeñagü gariaren lantzen eta gü joan gedüken gure ekoizpenen trükatzera. Gizonek hartü dedüzguñe gari lantzea bena gük beste behar aisago bat ediren dedükeñagü, espilean konkortürik aritzea fini dedün, aterbean goxoki jostea gure egin beharra !

Batak uhatxez besteak erriz bena oro begiak zabalik Ianiren aipamenari beha ziren, koloreak begi zolan dantzan eta gari lantzeko bizkarreko minak gogoan. Zaharrek aipatü Odegiko emazteen beharrak, ihize aragien gatzatzea eta lürrontzietan sartzea, espiletan gariaren lantzea, lan horik desagertü ziren. Gizonen ihizka ez zen haboro hanitx egiten, orai elgeko lürren lantzean sartürik ziren eta horrek gogoeta nahasiak sortzen zeitzen. Emazteen gain zen garia orai gizonetara iganik zen. Bena bestaldetik, gizonak ez ziren hürrün eta lasterka joaiten, egüna hiriaren ondoko alorretan igaiten züen. Hainbat hobe. Bena emazteek ardüra bat galdü züen eta beste bat agertzen zeien Ianiren aipamenak, kolorez eta jauntsi forma ejerrez beterik. Iani jarri zen besteen ondoan, bilo korda erien artean kurriaraztez, ixilik. Beste ezkongabeak bezala bürühas eta kasko motz zen, biloak erras moztürik salbü gibelean bilo korda lüze bat espaldala heltzen.

7 – 1125eko martxoa

Ürrats arinean Graxi sartü zen hospizako gela handian eta bazterrak begistatü zütüan. Lastozko matalazak mürrüaren kontra atetürik, erratza iganik eta harlauzek argitzen, hurez xahatürik zirelako markarekin. Ohartü zen bere manüak ontsa konplitürik izan zirela. Gaüan heben lo egin zirenak joanik ziren eta bost jente zen sartze ondoko ohe ttipietan etzanik. Haietara hüilantü zen Graxi, bazakian gogor zeiela hor egoitea eta bere bürüa bakotxari hitz goxoen erraitera behartzen züan. Lehena gizon gazte eta tiesoa zen, esküineko zankoa hersirik züan. Gaztelüaren handitze lanetan zanko zolako ezürrak harri baten erorteak hautsi zeitzon. Graxik berri galtegin zeion eta etsipenezko erranaldier pazientza hitzak ützüli zütüan. Ondoko ohettoko gizona zaharrago zen. Gaztelüko soldadoa zen, exkerreko besoan zauri lüze eta barna bat bazüan, ezpata edo zastakai batek eginik. Graxik ez zeion gertakariaz deusere galtegin, orobat zeion, bena zauriaren artatzeaz axolatü nahi zen. Mezperan fraidearekin gogorki eztabadatü zen. Honek beti « ezpiritü gaxto » delakoen kanporatzea aipatzen züan, zauriaren hersiki estekatzea eta otoitz egitea manatüz. Berak aldiz nahiago züan zauria ardu epelarekin xahatü, oliba olioz estali eta herskünte bat ezari. Fraideari baietz erranagatik, bere nahiala egin züan zeren fraidea ez zen berehala hospizan agertüko.

Beste hiru oheren ondoan ere egon zen, lehena emaztea eta besteak bi gizon, adinekoak eta praubeak, sükarrarekin, eta horier lasaigarriak emaiten zeitzen. Graxi hobekitzeaz ohartü zen, bakotxari hitz goxoak erran eta seroren egoitzalat abiatü zen. Serorategiko gelak alkarren ondoan ziren : kapera, jangela, sükaltea, xahagela eta selaürüan logelak. Jangelatik haurrak kantan ezagün ziren eta Graxi sartü zen Odile serorageiaren agurtzera. Dozena bat neskatxona goiz oroz biltzen zen hor eta Odilek erakusten zeien irakurten, izkiribatzen eta noiztenka kantatzen ere bai. Erri batekin ohartü zen jangela zela gela handiena eta hor egiten zütüela bazkariak, biltzarrak eta eskola. Lehenago hospizako jüntagela erabilten züen bena azkenik agitü kanbioekin beste gisa antolatzera behartürik izan ziren. Bi serora eta zortzi seroragei ziren, serorabürü zen Graxi bi urte lehenagotik. Aitzineko serorabürüa, Eneka, hil zenean, berak segida hartü züan. Hamar urte hartan serora beitzen, etxea ontsa ezagützen züan. Haatik Maltarren heltzea gogorra izan zen. Nafarroako eta Aragoiko Errege Alfonso Lehena jin zen Maulera eta gaztelüaren berritzea erabaki züan bena ber denboran, seroren hospiza Maltako fraideen eskü ezari züan. Alfonso Lehena Müsülmanen kontra hanitx borrokatzen zen eta hiri zonbaitetaz jabetü zen, hala nola Zaragozaz. Borroka hori baizik ez züan gogoan Erresumako lanetan. Bazter orotan gaztelü gotor eta hospitale eraikitzea züan xede bakarra. Ondorioz hospiza gaztelüaren meneko ezari züan eta Güilem fraidea horren bürü izentatü. Erromako Elizaren hedatzeko xedea egoki agertzen zeion Graxiri bena lehen aldian Güilem ikusi züalarik erregearen ondoan, gogoa nahasi zeion : fraide arropa ederrak eta ezpata lüzea gerrian. Fraide-gerlari itxüra ez zeion batere gustatzen. Hospizako bortaren gaineko Kristoren kürütxearen ordez Maltako kürütxea ezari züalarik, bihotzean piko bat senditü züan. Erromako Elizaren hedapena bihotz honez ikusten bazüan, ez züan iholaz ere bere fedeko lehen mailan ezarten Jerusalem hürrün hartan eliza baten menperatzeko beharra.

Ühaitzaren gaineko karrikatik bazoan zale zalea eta ofizialeen güneala heltzean, merkatü egüna ez izanik ere, merkatü egünetako aranak heltzen zeitzon : arotzen marteilü kaskak, larrügileen larrü busti ürrin bortitzak, ehüleen tresna klaskak eta bere aitaren oihal tinta ürrin goxoak. Gaztelüaren berritze lanek ofizialeak oro txüpit lanean jarri zütüen eta bere aita ere gaztelüko gelen apaintzeko oihalen tintatzen ariko zen. Bera ere gaztetan lan hortan laketü zen, hala nola tinta berrien Iruñearik biltzen eta esprabatzen. Haatik ez züan ardietsi Italiako oihalen kolore bizien heinekoaren egitea. Alta bere aitak hanko oihalen saltzearekin züan afera hoberena egiten. Halere egün ez zen aitetamen ikustera joanen eta esküineko zurezko etxe ttipian sartü zen, Matti emagintsaren egoitza zen. Berak haur denboratik ezagützen züan Matti, emazte goxoa eta misterioski mintzatzen zena. Graxik bazakian jente zonbaitek sorginkerietan ebilteaz aküsatzen züela bena nola eri hanitxi sendagailü egokiak emaiten zütüan, zinegotziek bermatzen züen eta bere lanetan lasai jarraikitzen ahal züan. Graxik goratik agurtü züan sartzean bertan, alta ez zen ihor ageri gela ttipian. Berak bazakian oihalaren gibelean edirenen züala Matti, bere gaüzen prestatzen. Sütondoan zen Matti, süaren ondoan bazen lau bertz ttipi eta zaharo batekin barnekoaren nahasten ari zen, artoski begiratzez barnekoaren egostea. Matti txütitü zen eta begietara sogin zeion, begirada goxo eta zorrotz batekin. Graxik kalamü melga nahi züala erran zeion eta Mattik estajera ttipi batetan goititürik ziren topetetarik bat hartü züan eta esküan ezari, gero berriz bere bertzetarat hüilantzeko. Graxi botzik zen, melga hortarik txorta bat sagar ardu godalet batetan ezar eta erien minak segidan eztitzen ziren. Bi ardit xuri mahainean pausa eta kanporat abiatü zen, Matti bere lanean ez haboro nahasteko.

Graxi berriz karrikalat heltü zeneko Iune neskatxona hüilantü zeion eta bere etxera joaiteko galtegin, presaka, aita eri zelakoan. Graxi jarraiki zeion, Iune Pako sagarrardu saltzalearen alaba zen. Aita komerzant handia eta ezagüna zen, merkatüala barrikarekin jiten zen eta egün orotan godaletakak saltzen prezio merkean. Pakoren zurezko etxe handian sartü zen. Sartzeko gelan bazkariak eta komerzioko aferak egiten zütüen, gibelean zen sükaltea bena Iune eskeleren gora abiatü zen eta exkerreko gelan sartü. Ohean etzanik zen Pako, üsüan animaleko gizon azkarra zen, begitarte gorrail batekin bena hor ohean sartürik zen, begitartea xuri-xuria. Graxi hüilantü zeion eta zaküan hartü arrosa hur txorta zonbaitekin mokonasa busta eta kopeta torratü zeion. Sükarra handi züan eta eztül buhada azkarrek korpitza oro iharrausten zeioen. Graxik ezpain ondoko odol tonak txükatü zeitzon. Iuneri galtatü zeion godalet handi bat, erdi hur erdi sagar ardu, ekartez. Bertan kalamü melga txorta zonbait ezari züan eta Pakori edatera eman. Arrosa hurak eta edariak lagüntürik, Pako elestatzeko heineala heltü zen eta Graxik azken egünetako harat-honaraten berri galtegin zeion.

Üsatü beharretan ebili nüzü, merkatüan prefosta, hasi zen Pako, besainkoaren bermü bürüaren altxatzez. A bai, igaran hilabetean Oiason izan nüzü barrika eramaiten, badakizü sagarrardu berria oro barriketan dizügü eta hanko portüan hobekienean saltzen düzü orai. Graxik eztiki arrosa hura begitartean igaiten zeiolarik gizona lasaitzen zen. Bena odol txortek arrenküratzen züen eta Iuneri ezkoxin bat galtegin zeion.

Honen argiarekin hobeki Pakoren begitarteari sogin züan : begietako gorria sükarretik jin zitekean haatik lepoan tona ttipi beltzak ikusi zütüan, beharri petik papoala artino. Torratü zütüan bena ez ziren desagertzen, korpitzaren barnetik horra ziren. Pakori ez zeion horren berri eman eta goxoki mintzatü ondoan, kanporat joan zen. Oiasoko portüan kozadüra zerbait bildü lükeala pentsatzen züan Graxik. Portü handia zen eta hortaz nola zer jakin txerkatzen ari zen. Ohartü zen bere aitaren aferetan Italiako merkatariak agertzen zirela. Haietako bat batüz gero zerbait jakiten ahal zükeala eta segidan aitaren etxerat abiatü zen. Haurtzaroan hainbeste denbora igan züan aterbeen ondotik joan zen. Liho oihalak metan, oihalen tintatzeko bertz handiak, tinta ürrin bortitzak gogoala horra zeitzon eta ümore honarekin etxean sartü zen. Aita gelan zen, üsatü jarlekü handian. Parean züan gizona ezagüna züan : Gisepe Karoli merkataria. Bi gizonek beroki agurtü züen eta berak Gisepen jauntsieri so bat egin züan. Jarlekü hegian kapa blüa eta soinean atorra gorria, Italiako jauntsi ederrak beti miresten zütüan. Bena egüneko arrenküra altxatü nahian Giseperi izurriteaz berri galtegin zeion.

Handia düzü bai gisala, Florenzan eta Genoban milaka hil izan düzü. Aberatsak baserrietako etxalteetarat ezkapi dütüzü bena hiriko jente hanitx hil düzü. Eta ez hor baizik, Marseilan eta Barzalonan ere bai, itxaso bazter orotan. Harat ützültzeko ez dit presarik. Merkatüak zerratü ditizüe eta jenteer bidajatzea debekatü. Gure komerzioarentako katastrofa düzü. Aste batetan hiltzen düzü jentea, ospitaleetan bazter etxekitzen ditizüe. Erizainek oihalezko maskak erabilten ditizüe eta ozpinez üsü esküak xahatzen. Han izurritea « la grande moria » deitzen düzüe. Izigarrikeria düzü.

Graxi Berroatarat ützültzen zen eta Pako sagarrardu egilearen itxürak gogoa tristetzen zeion. Izurritearen lehen seinalea zen eta hedatüko zela senditzen züan, nola ihardoki jakin gabe. Maltar Guilemen arrapostüa ezagützen züan : « Gure bekatüen pünitzeko Jinkoak igorri deikün gaztigüa da » eta otoitz egitera abiatüko zen. Honek, gaztelübürüak bezala, hegoaldeko Müsülmanen kontrako borroka baizik ez züan gogoan. Jadanik gaztelüko ikurra ere kanbiatü züen, orai « leho gaixtoa txütik », kürütxadetako Kiristinoen ikurraren erabilten hasi ziren. Bide hegian eküratü zen eta serorategiari so egon zen. Exkerreko ordokiko lürrak oro ontsa lantürik ageri ziren, bazakian hortik aski mozkin sartzen zela serorategialat, seroren beharren betatzeko eta hobekitzeko ere bai. Hobekitze hori züan gogoan serorategiaren üngürüer soz zelarik eta gogoan eraiki züan bere xedea. Exkerreko soroan, serorategiaren ondoan, zurezko etxola bat eraikiko züan, izurriteko erien hor ezarteko, hospizako erietarik aparte. Eta serorek oihalezko maskak erabiliko zütüen. Erabakia hartürik züan eta erri batekin sartü zen hospizan.

  • De la souveraineté à la soumission

    Le Basque d’autrefois, s’est fait une réputation… Sommaire 1 – L’h…
  • A la recherche de Matalas

    I – Préambule 2016 Iban voyait bien plus clairement l’histoire de Bernard Goyheneche. Ce d…
  • Du temps de Matalas

    II – Octobre 1640 En voyant Olaberria après avoir franchi Erbeche, Erramun se sentit plus …
Charger d'autres articles liés
  • De la souveraineté à la soumission

    Le Basque d’autrefois, s’est fait une réputation… Sommaire 1 – L’h…
  • A la recherche de Matalas

    I – Préambule 2016 Iban voyait bien plus clairement l’histoire de Bernard Goyheneche. Ce d…
  • Du temps de Matalas

    II – Octobre 1640 En voyant Olaberria après avoir franchi Erbeche, Erramun se sentit plus …
Charger d'autres écrits par etxart
Charger d'autres écrits dans Gure arbasoak

Laisser un commentaire

Consulter aussi

Matalazen denboran

  1 – 1640ko ürrieta  Erbexeren gibeletik Olaberrialat bürüz abiatü zen eta honen bistalat…