Accueil Matalazen aztaletan Matalazen aztaletan

Matalazen aztaletan

0
0
201

1 – Sar hitza

Ibanek argiago ikusten züan Beñat Goihenetxen joka moldea. Ez zen Xiberoatarren erreboiltaren bürü jarri. Hau lehenagotik abiatürik zen, eskualdeko zinegotziek1 hotsamanik. Bera Mitikileko presoen defentsan agertü zen. Horietan ziren Joanes Aizager eta Andreü Goihenetxe bere iloba. Ibanek arxibak kurritü zütüan eta paper horietan Beñat Goihenetxen lehen aipamena 1661ko üztailako gütün batetan agertzen zen. Lextarreko Brosser gobernariordeak eta Costere prokürareak Pariseko errege kontseilüala igorri gütüna zen: «…Goihenetxeko Bernard, Xiberoa Mitikileko erretorak, bertako etxe batean sortuak, pagamenduaren ez egiteko zurrumurrua hedatu zuen herrian, pagamendua ezeztatzen zuen Laguntzen kortearen erabakia eskuetan zuela herriaren berme gisa. Arrakasta gehiago lortzeko herrian banatu lituzke erabakiaren kopiak, Herriaren zati bat bere alde hartuz…». Sail hontan ziren Xiberoako laborari, ofiziale eta merkatariak, hots Xiberoako biztanlegoaren gehiengoa. Iban ohartü zen Jean-Louis Davant historialariak kontatü zeionaz : ikasle zelarik ezagütü züan Mitikile Goihenetxea erosi züan apeza. Artegiet izeneko apez horrek bere familiako Beñat Goihenetxen gertakariaz bildü xehetarzünak agertü zeitzon, hala nola Beñat Goihenetxen azken hitzak : «Agian, agian, egün batez jeikiko dira egiazko Xiberoatarrak, egiazko Eüskaldünak, frantses zorrikeria horren ohiltzeko. »

Eta berantago, Eüskal Herriko historiaren lehen libürüa idatzi züalarik, Jean-Louis Davantek «frantses zorrikeria horren ohiltzeko» erranaldiaren ejerkiago agertzeko, «tirano arrotzen ohiltzeko» errana jarri züan. Benito Lertxundiri Beñat Goihenetxek bizitü tragedia gustatü zeion. Benitoren kantore batek Eüskaldünen beharrietan sartü züan tirano arrotzen hiltzeko errepika. Ibani zorrien itxüraren erabiltea ez zeion nola nahikoa : estolpe zikinetan bizi den barbalot ttipia da, ixil ixila jenteen korpitzeala heltü eta odola hürrüpatzen düana. Beñat Goihenetxek Maule-Lextarreko jaun zonbait Xiberoatarren odolaren hürrüpazale ezarten zütüan. Ibanek bazakian ere Brosserkoa Ortezeko merkatari familia aberats batekoa zela, abokatügintza ikasirik, Maytieko alabarekin ezkontürik eta honen aitaren gobernariorde kargüa herentziaz esküalatürik. Costere aldiz Saint-Goin-eko abadia jabedün familia batekoa zen, abokatüa eta prokürare kargüa Gabriel Etxarti erosirik. Biak merkatari-burges familietarik jinik eta Lextarreko kargü handienen jabe. Ibanek hor ikusten züan klase-borroka itxürapen bat : frantses zorriak alde batetik eta Herria saileko herritar xümeak bestetik.

Mitikile Goihenetxeko etxaitzine amiragarria begistatü ondoan, Iban alde gaineko tontorrealat bürüz abiatü zen. Oihanaren gora joan zen, apirilako azken egünetako aro ederra zen. Zühaintzeak ostatzen ari ziren eta ebiltean lürreko osto idorrak karraskaz ari zeitzon. Hego aizea adarretan, txoriak kantan eta traktürren burrunbak hürrünean ezagün, Ibanek borogatzen züan bedatseko giro erakargarria. Bena bere atenzionea lürrari sogitean sartürik züan. Patarrean, zühaintze herroken artean, lürraren axalaren former so zen. Xiberoako tontor hanitx kurritürik bazüan. Leheneko bizileküen herexak ediren zütüan radiesthésie edo irradiakako zaharoekin, lür lantüetan eta oihanetan. Haatik herexak hobekienik ageri ziren oihanetan eta kapar artean. Hor laborarien tresnak ez beitziren sartü lürraren leüntzeko. Bide lekü eta ezpondak beti hor ziren, mentetan Andere Natüraren biziak ekarri hongarriek, osto eta adar eihartüek tapatürik. Haatik horien formak aisa ikusten ziren orano oihan xokoetan. Gaineala heltzean, soro bazterrean zühaintze eli bat bazen ordokian. Ibanek sakolatik zaharoa elki züan eta eraikuntzarik bazenez galtegin zeion. Zühaintzeen artean herexak agertü zeitzon. Harat honarat ebili ondoan, eraikuntza biribil bat ediren züan, dozena bat metrako traukakoan. Bazterrer so egon zen ixtant batez. Ondoko tontor goragoa leüna zen, eraikuntzak eta bizizaleak kurri itxüratzen zütüan, düala hamasei menteko bizi moldean : zaldiak, ahüntzak, gari herrokak eta sagartzeak maxelan. Traktürrean horra zen laborariari günearen izena galtegin zeion. Lehen tontorra Etxexuri altea eta tontor handiagoa Larleta ihardetsi zeion. Ibanek ediren eraikuntza biribila Etxexuria zen. Hor bizitü ziren familiak gero apalago harrizko etxeetan jarri beno lehen. Kobrezko zaharoa plegatü eta sakolan sartü ondoan, Iban karrikala eraitxi zen eta elizan eküratü. Ondoan zen apezetxe ohia, orai Herriko Etxeak bi alokaideko bizileküz berrantolatürik, Goihenetxearen aldepean. Etxe handi hortan bizi izan zen Beñat Goihenetxe, bere bikarioekin hogeita hamar bat urtez Mitikileko eta Ospitalepeko erretor.

Iban berriz paperetan sartü zen eta 1634an Bardozen egin dokümentü bati so egon zen: Pariserat zoan Beñat Goihenetxe. Parropiako mozkinen biltzeko haütatü ordezkarien egin beharrak zehazten zütüan: errenten biltzea, bikarioen pakatzea, eta beste. Ibani Mitikileko erretorak Bardozen notari baten etxean akta baten egitea bitxi zeion. Jakinez Bardoze Agaramonteko dükaren lürretan zela, ondorioztatü züan Beñat Goihenetxe Pariserat zoala, denbora lüze batentako, dükearen afera batentako. Brosser4 eta Costeren idatzian aldiz Matelas izengoitiarekin deitürik zen eta zaldiz agertzen zela biltzeetarat. Ibani gogoala jin zeitzon Matelats izengoitia matela lodi edo biribildünaren izentatzeko erabilten zela. Beñat Goihenetxek matela lodiak zütükean eta Matelats deitürik zen. Ondorioztatü züan Brosser eta Costerek, xiberoatar mintza moldea güti ezagützen züelakoan, Matelas izen frantziarra erabili züela. Eta 1634an, Bordeleko Teologia Unibersitatean ikasketak egin ondoan Mitikileko erretor zen, osaba baten segida hartürik. 1661an hirutan hogei urte zükean, ordüko denboretako gizon zaharra eta hortakoz zen zaldiz kurritzen. Ibani erria jin zeion ezpainetara: Etxahunek eta Lertxundik fama handia eman zeioen apez güdükariari. Xiberoatar erreboiltatüen aitzinean, makila esküan, lerden ebilten zena, egiazki, apez zahar eta lodixkota zen, hoinez nekez ebilten zena.

Itxüra mitikoa erdiatzen ikusten züan Ibanek, arraileriaren bideetan bazoalarik. Halere Iban ohartü zen Xiberoatarrek ordüan eraman borrokaren balioaz. Peyreko konteak lür komünak erosi zütüan eta Xiberoan jüstizia bere izenean eman nahi züan. Bietan Peyrekoak hüts egin züan eta honen ondotik, Frantziako Iraültzak Xiberoako egitüraketa desegin arte, Lextarrerik xüxentüko ziren Xiberoako afera eta lür komünak. Ibanek ezagützen züan Mauletar zonbait, düala ehün urte beren burrasoak Nafarroako Burgi edo Aragoiko Salvatierra herrietarik jinik, han miseria gorrian bizi zirelakoz. Jauntto aberatsek lür komünak erosirik zütüen eta jente horiek ez züen beste lürrik beren kabaleen hazteko. Bizipide bakotxa jaunarentako lanean aritzea baizik ez züen, intrabaleko lana gainera, sasuaren araberakoa. Xiberoatarrak holako salmentari oldartü ziren eta irabazi ere. Zeren Frantziako Iraültzarik landa Xiberoako Botingoa eraiki beitzen lür komünen zaintzeko. Peyrekoak konte titülüa ardietsi züan erregearen armadan bildü famari esker. Xiberoaz jabetü nahi zen, halako feodal jabetza bat bildü nahian, bere ospearen handitzeko. Ordüala arteko Iruriko konterriak hamahiru etxalte baizik ez beitzüan.

Gogoeta hortan zelarik, Ibani brauki gogoala jin zeion berrogei urte lehenagoko Atarratzeko merkatüko oroitzapena. Axuri merkatüa zen eta laborariek lürrean zütüen axüriak estekirik, merkatarien haidürü. Bi merkatariak elki ziren Hotel du Fronton ostatütik, zorroa biribil eta koloreak gorri, eta laborarietara hüilantü ziren. Horik so ziren, haidürü, erri erpail bat ezpainetan eta kaokudi magida so batekin. So horrek Iban iharrausi züan. Bera bi urtez Afrikako herri batetan egonik zen. Han noiz nahi haurrak hüilantzen zeitzon eskean, sos zerbaiten esküalatü nahian, kaokudi magida erraitez, eman ezazü oparia, nausia galtoarekin, halako begi handi eta otoizlariekin. Ibanek Frantziako kolonia ohian izateari emaiten zeion Afrikako üsantxa hori. Bena Atarratzeko merkatüko laborarietan ber soa ediren züan eta horrek bihotza kolpatü zeion. Iban ohartü zen Frantziako kolonia batetan bezala bizi zirela xiberoatar laborari zonbait, soa otoizlari, beren lan sariaren pakamenaren biltzeko otoiztü beharretan. Hots merkatari aberatsen aitzinean ümil eta kutx agertzera behartürik. Ibanek laborariak ezagützen zütüan, bere anaia eta aüzoak ere hor ziren. Haien kaokudi magida soak min egin zeion. Xiberoatarrak ere kolonia ohi batetan bizi ziren. Frantziako kolonia ohi batetan beraz eta Ibanek erabaki züan bere egin ahalak eginen zütüala Xiberoa, eta Ipar Eüskal Herria, kolonia egoera hortarik libratzeko. Afrikan ezagütü zütüan kolonialismoaren ondorioak, leküko mozkinen ez baliatzea, kolon berrien beharren asetze soila, eta beste. Eta holako egin moldeak ediren zütüan Xiberoan, hala nola laborari etxetarako bide txarrak, Jean Pitrauren egin ahalak, mendiko laborantxako nekeziak eta beste. Ber denboran Iratiko etxolen eraikitzea zen. Zonbat koste zen ihork ez zakialarik. Behar ere, hamar bat urte berantago laborariek axurien biltzeko Axuria koperatiba eraiki züen eta kaokudi magida soa merkatüetarik desagertü zen.

Iban Oxkaxeko lepoan zen, horko soroan bildü jente andanak HELEP BAI itxüratzen züalarik, Amiküzeko jaun batek xede horren kontre egin ahalak egiten zütüalarik, bere etxalte handien berme. Bere izeneko jaunerriaren eraiki nahian, nolazbait Peyreko mosketariaren ospearen bildü beharrez. Beherakoan, bistan zütüan Sühola eta Gaztelügain. Düala hamazazpi menteko jenteak ikusten zütüan behi pareekin gari karreatzen, ahüntz saldoen hotsamaiten baita Erromatarren baliabide gosearen kontre borrokatzen. Xiberoa gainean ediren zütüan lehenagoko bizileküak : Altzaigaineko Odegin eraikuntzak herrokan, Maidekorralean lürrontzien gogortzeko labeak, Bostmendietako Mürüxen egoitzak eta Montoriko Agorrodi altean bürdüin labeak. Düala zonbait mente jenteek mendixka hegietako bizileküak ützi zütüen eta elge bazterretan harrizko etxeen eraikitzen hasi ziren. Ibanek Jentaine ondoko tontorrean saila bildürik ikusten züan. Lextarreko zorrien eta Iruriko kontearen jabetze gosearen oztopatzeko ekintzen asmatü beharrez. Eskualdearen biziaren elementüak hor ziren: Erromatarren eta hebenkoen gaztelü eta lürlantü ezponden herexak, biek erabili leküen izenak, ondoko lürzain eta potestaten etxeen izenak eta arxibetan agertzen ziren lekükotarzün apürrak. Eten gabeko tira-birak asmatzen eta üdürikatzen zütüan, kanpotik jinik ziren azkarragoekin baita barnean aberastüekin. Allande Oihenartek bildü atsotitz misteriotsüa jin zeion gogoala: «Ez horak zahia jan, ez oiloer ützi». Oskaxeko maxelaren behera bazoalarik, horren desopilatzen ari zen, bazterrer so.

2 – 2014ko maiatza

Ibanek ordinagailüko taulan soa sartürik züan oren hartan eta bi idatzietan ari zeion jauzkan, batetik besteala, zerbaiten entelegatü beharrez. XVIIgerren mentean Xiberoatarrek nola ebilarazten zütüen Lextarreko egitürak jakin nahi züan eta idatzi zaharren artean bazabilan ütsü mandoka. Paper zahar hanitx ediren züan departamentüko arxibetan eta interneten bidez etxerik irakurten ahal zütüan. Negü betearen sütondoan igaiteko lan erakargarria agertü zeion. Bi gizon famatüen idatziak irakurri zütüan, Belako Jakes-enak eta Jaurgaineko Jean-enak, biak idazle emankorrak. Belako Jakes Sohütan sortürik zen, Belako Isaac bere aita Nobleen zindik egon zen eta biak Protestant fedekoak ziren. Isaac bizitü zen 1660ala artino, Jakesek züzenbide ikasketak egin zütüan eta Lextarren abokat lanetan hasi zen. 1614an Mitikileko Othegain etxea erosi züan eta honek Noble eskübidea ükenez, Lextarreko Nobleen taldean lekü bat ardietsi züan. 1667an «Tablettes» izeneko libürüa argitaratü züan. Ibanek 11 000 orrietarik zonbait irakurri züan eta Xiberoako biziaz xehetarzün hanitx ediren bazüan, idazmolde handius batek herritarren bizitzeko moldeari lekü güti eskentzen züala ohartü zen. Adibidez «… astolasterrak, maskatzeak, haurren dantzak eta müsika gaüza zinez zikinak dira…» erranaldia adierazgarri zeion.

Beste idazlea Ozaze Jaurgaineko Jean zen eta honek arxibazale fama bildü züan hebenko familia eta jente handietaz libürüxkak agerrarazi edo, hobeki kokatzeko, beren ospearen handitzeko familiek galtatü eta pakatü lanak eginez. 1900 urteetan egin zütüan ikerketa horik eta 1908an Paueko prefetürako sütean Lextarreko arxibak desagertü ziren. Arxiba horik ikertürik beit zütüan Jaurgainek, bere lanak erreferentziazko obra bilakatü ziren. Bena familia handien historiaren edertze lan horrek beste alde zonbaiten gorderik ezartera behartürik izan zela gogoala jin zeion Ibani. Adibidez Bordeleko arxibategian ediren züan Xiberoako zazpi zinegotziek Bordeleko Lagüntzen Kortean10 egin salaketa baten berri. 1661ko agorrilan salatzen züen baruen zorraren pakatzeko eginik izan ziren kabale bahitze, jente preso ezarte et hiltzeak Xiberoako herrietan. Ordü hetan Mauleko gaztelübürü zen San Martineko kontearen balentriak ziren. Eta basakeria horietaz hitz bat ere ez Belakoaren eta Jaurgainekoaren idatzietan. Hortakoz ere bere epaile-lürzainen ikerketan Ibanek baztertü zütüan idazle horien lanak eta ordüko beste idatzien ediren beharrez abiatü zen.

Ikerzaleak alkarteko Joël Larroque eta Robert Elissondo kideek eman zeien Zihigako erretoraren papera. Hor jakin züan Marie-Laure Peyrot-ek aztertü eta zerrendatü züala Pierre de Souhy bere aita zenaren libürütegia. Bertaratü zenean Marie-Laurek batzarri hona egin züan bere xedeari eta paper zonbait igan zeitzon. Horietarik bat 1613an egina zen eta nahiz eta Jaurgaineko Jean-ek eta Belako Jakes-ek idatzietan aipatü, Ibanek beste irakurketa bat egin züan eta gogoeta hanitx ekarri zeion, bertan agertzen beit ziren ordüko kargüdünen tira-birak eta Lextarreko Kortearen ibilmoldea. Frantziarretik eüskaralatü idatziaren zati interesgarrienak hola herrokatzen ziren: «Kontseiluko jauneri eta Erregeari azaldu abisu gisako inbentario hau, Xiberoa herri eta bizkonterriko korteko abokatuen zindikak, defendatzaileak, herriko noble batzuen zindikak, eskatzaileak 1613ko maiatzaren 14ko gutunean eginaren kontra. [...] Aldeen eztabada nagusiari doakionez, eskatzaileak erran lezake errege auzitegian nobleek boz adierazgarria eta erabakigarria baizik ez dutela, aldiz errege epaileak audientziak zuzentzen ditu, eta kausen banaketan ez dute eskubiderik, horrela agertzen da Xiberoako Usaian, nahi eta ez ontsa betea izanik ere, idatzia da potestatak astean behin egoitera behartuak direla eta nobleak bi astetarik behin. Baina justiziaren banaketa gaian ezinean dira eta horregatik erresumako ordenantzek justiziaren banaketa mugatzen dute zuzenbidean jakintsun, graduatu eta esperientziadun jendeetara. Horrela, gobernariordea presente denean justiziaren banatzeko, nobleak eta epaileak ez dira bere administrazio lanetan sartzen, zeren justiziaren zeregina soberania akta bat da eta Erregeak edo berak izendatu ordezkari batek baizik ez du zuzentzen ahal, eta hori faltan denean, ez dute ezer egitekorik. [...] Eta kontseiluari ohartarazten dugu Xiberoa lehen Nafarroako erresumaren barne zela eta Erregeari saldua izan zela, Gosse eskualdea bezala. Garaian jaurerriko justizia gauzatzen zen eskualdeko nobleen bidez, halaber Biarnoko soberanian bertako baruek luzaz justizia administratu dute, eta Baxenafarroako Amikuzen nobleek zuten justizia kudeatzen. Baina banaketan gertatzen ziren gehiegikeriak ikusirik, Biarnoko soberanoak, Nafarroako erregeak, noble eta baruer kendu zuen justizia eta kontseilu bat eraiki zuen, zuzenbidean graduatu jendeekin, bi presidente eta hamabi kontseilerekin, eta Amikuze eskualdean nobleak atxiki zituen polizaren kudeaketan, Bordeleko parlamentuak konfirmatzen du hori, [...] Eta gauza handiagoa dena oraino, herrian zortzi ehun zerga-pagazale da soilik, usaiako 3gerren artikuluak dion bezala, beti izan dira 10 potestat eta 58 lurzain, horietarik gehienak orai merkatari eta laborari dira, ez dakitenak, irakurtzen, ez idazten, ez eta ere frantziar hizkuntza ulertzen, horiek dute edo nahi dute boz erabakigarria, ez direlarik inoiz justiziaren kudeaketan sarturik izan, kargu horiek oinordez eskuratu dituzte, lurzain titulua zuten etxe nobleen herentziaz, baina ez dute errege kortean leku berezirik eta sartzean edozein lekutan jartzen dira…».

Ibanek eraiki züan lehen oharra zen Etxarteko Gabriel prokürareak bildü züala Noble zonbait bere xedearen bermatzeko eta beste Nobleak Belako Isaac zindikarekin zirela, funtsean zelarik jüstizia Kortearen ebilmoldea. Ebilmolde hortaz arrenküratürik gütün hau idazten züan abokatü batek eta Pariseko errege kontseilüari xüxentzen zen. Ibanek bazakian Erregearen meneko gizonen eztabadetan beti Erregeari dei egiten zela, honen gain beitzen oinarrizko ebilmoldearen bermatzea zeren 1520an François I.ak beitzüan Xiberoako legedia frantziar erresumako legedian sartü. Bena legegizonen tira-birak ondorio bat baizik ez zirela ohartü zen Iban zeren funtsean gobernariordea faltan zen, eta itxürala, aspalditik ments zen. Alta irakurririk züan Henri IV.ak, beraz 1609a beno lehen, izentatü züala Xiberoako gobernari eta Amikuzeko baile Belzunzeko Arman, bestalde Meharineko bizkonte zena eta hau gobernari egonen zen 1641a arte. Honen Xiberoako ordezkaria, beraz Lextarreko auzitegibürüa, faltan zen.

Bena idatzian abokatüaren «errege auzitegian nobleek boz adierazgarria eta erabakigarria baizik ez dutela» erranaldiak harrotü züan Iban, hor ikusten beitzüan epaileen funtsezko izaeraren aitormena. Auzitegian epaileek bazüen mintzatzeko eta erabakitzeko ahalmen osoa, gainera Ohidüra Idatziak bermatzen züana, beraz aspaldiko eskübidea zen. Eta gobernariordea edo errege prokürarea hor ziren soilik aferetaz jakinean izateko bena ez epaile lanetan aritzeko. Gobernariordearen lana zen ere kausen edo epaitü behar ziren aferen banatzea, hots zoin epailek zer afera epaitüko züan erabakitzea. Honek bere garrantzia izan zezakeen bena Ibanek ontsa altxatü züan Lextarreko epaileek frantziar erresumako epaitegi batetan beregain züela jüstizia zibil eta kriminalaren bürützea. Eta ez zeion nola nahiko gaüza üdüritzen, idatzian jakin beit züan eskübide hori galdü züela Biarnoko eta Amiküzeko Nobleek eta orano azkarrik zela Xiberoan. Beste irakurte batetan Ibani erria jin zeion ezpainetara, ironiaz hartü nahi beit züan «beti izan dira 10 potestat eta 58 lurzain, horietarik gehienak orai merkatari eta laborari dira, ez dakitenak, irakurtzen, ez idazten, ez eta ere frantziar hizkuntza ulertzen» erranaldia. Honek klase tiraka itxüra ekarten zeion gogoala edo hobeki pentsatüz, jüstiziaren bi ikusmoldena: Ohidüran bermatzen zirenena eta frantziar erresumako legedian bermatzen zirenena, nolazbait zahar eta berri dialektikarena. Mespretxüzko hitz horien erabiltzalea erresumaren aldekoetan jarten züan Ibanek. Honek frantziar erresumako unibersitate batetan ikasketak eginik zütükean eta züzenbide titülüan bermatzen zen harrokeria horren aitzinatzeko.

Bestearen deskalifikatzeko manera horren ikustean, Iban bera nola terrorista deitürik izan zen jin zeion gogoala. 1980 hamarkadan Ikastolako burrasoak Mauleko herriko etxeala jiten ziren saldoan lehen mailaren egiteko herriko gela baten galtatzera, eta Merak beti ezetz. Behin Meraren ezetza bildürik eta herriko etxetik kexü elkitzean, idazkariak «vous êtes des terroristes!» erran zeion ozenki. Ibanek ez zeion kasü handirik egin bena hogei bat urte berantago Mixel Estebanek idatzi «La seconde guerre en Pays Basque» libürüan altxatü züan delako idazkaria zela Ahüzkiko alemaniar soldadoa eho züan erresistente taldearen bürü. Ordüan alemaniar armadak erresistenteak terrorista deitzen zütüan eta horien ekintza salatü züan. Berrogei urte berantago terrorista ohia bera zen guri terrorista deitzen. Ustebitxi horren konprenitzeko Ibanek idazkariaren leküa miratü züan: idazkari postüan Meraren defentsan zen, biak frantziar alderdi sozialistako kide eta kontrakoaren deskalifikatzeko berak ontsa ezagütü züan terrorista hitza erabilten züan. Berriz 1613ko idatziko epaileetara jinik, Iban ohartü zen Belako Jakesek nola idatzi züan bere «Tablettes» libürüan «Lextarreko korteak epaitzen dü llabürzki intzaurtze baten azpian». Alta irakurririk züan ere departamentüko arxibetan nola sei hilabetetarik egiten zen epai arrunta igan zela 1641ko azaroaren 5an: hirutan hogei kausa epaitürik egünean, bost epaigela, horietan hamahiru epaile, beste hainbeste abokatü eta idazkari, eta aferetan sartü jenteak kontatüz, 200 bat jente Kortearen barnean eta kanpoan. Ibanek Belako Jakesen erranaldiaren arraileriaren edo ironiaren entelegatzeko lanak bazütüan bena halere ohartü zen egün hortan hamahiru epaile baizik ez zela, hiru potesta eta hamar lürzain, aldiz teorian hamar potesta eta berrogeita hamazortzi lürzain titülü bazelarik epaile kargüen joanarazteko. Pentsatzen hasi zen mente hatsarreko lürzain-epaile titülüdünen eta 1641ko Lextarreko kortean presente zirenen artean bazükeala lan jakiteko nork zer egiten ahal edo nahi züan. Ibani arxibetan irakurri Lextarreko sailen izentatzea bitxi zeion, idazkariek frantziarrez «Clergé, Noblesse et Tiers-Etat» ezarten züen, itxüraz frantziar erresumako sailkapena erabiliz. Aldiz Lextarreko Noblezia saileko kideek ez züen frantziar Nobleziako titülürik. Horien Noblezia titülüa zen Lextarreko epaile edo lürzain titülüarena eta idatzian agertzen zen bezala hirutan hogeita zortzi ziren biltzarrean, horietarik bat Nobleziaren zindik kargüarekin. Xiberoan baziren frantziar Nobleziako titülüdünak, hala nola Atarratzeko Lüküzeko barua, Barkoxeko abadiaren jabe Moneinsko barua, Montoriko abadiako jabe Gramonteko düka eta berantago Iruriko kontea, bena txostenetan horien izenak ez ziren seküla ikusten Lextarreko Noblezia sailean.

Bestalde Beñat Goihenetxekin biltzen zen saldoak «Herria, Herria!» oihükatzen züan eta sail hortan sartzen ziren elizgizon eta Korteko epaile ez ziren besteak oro, Herren Estatüa, frantziarrez «Tiers-Etat» delakoa. 1660ko Biltzarreko txostenean agertzen ziren Herria saileko zazpi zinegotziak, Xiberoa zazpi zinerri edo eskualdetan partekatürik zelarik eta zinerri bakotxak zinegotzi bat biltzarreala igorten züan. Horietarik batek zindik kargüa bazüan, zonbait aldiz Xiberoako zindik orokor titülüarekin zena, zeren Herria sailaren baimenik gabe ez beitzen erabaki bat honartürik izaten ahal biltzarrean, oraiko «veto» ahalmena zatekean. Gainera Ohidüra Idatziak honartzen züan hirutan hogeita zortzi parropietako bi personek biltzarrak entzüten ahal zütüela. Iban 1660ko biltzar nausi inportantaren zonbakitzera atrebitü zen : hiru errege ofizier (gobernariordea, prokürarea, gaztelübürüa), sei elizgizon, hirutan hogeita zortzi epaile-lürzain, zazpi zinegotzi, horik oro mintzatzen ahal, eta parropietarik jin behazaleak: 136. Orotara 220 jente nonbaiteko sala handi batetan jarririk eta Ibanek oraiko Eki Eder jauregian itxüratzen züan saldoa bildürik, Lextarreko plazako zühaintzeer zaldiak lotürik eta biltzarretik landa kantüko ostatüetan gero jentetza hori biltzarraren komentatzen. Leheneko ebilmoldearen zehazteari eman zeion lehentarzüna, Belako Jakesek idatzi hirutan hogeita zortzi lürzainen zerrendan eta biltzarretako txostenetan sartü zen eta Xiberoako kartan ezartera abiatü zen. Zinerriak eta epaile-lürzainen leküak agertü zeitzon manera bitxi batekin:

Iparraldean, Arüeko zinerria : potesta bat (Etxarriko Amitxalgun) eta bederatzü epaile-lürzain (Lohitzüneko Berho, Arüeko Casamayor, Rospide eta Olhasarri, Etxarriko Oihenart eta Tartas, Lohitzüneko Larrondo, Ozerainekoa eta Jeztazeko Casamayor).

Domintxineko zinerria, Arüekoaren barnean: bi potesta (Bimein eta Olhaibi) eta bost epaile-lürzain (Domintxineko Arroquy, Garat eta Casamayor, Ithorrotzeko Cascue eta abadia laikokoa).

Larüntzeko zinerria: hiru potesta (Sarrikotapeko bi eta Ezpeizekoa) eta hamalau epaile-lürzain (Onizepeko abadia laikoa, Onismendy, Carrique eta Saldun, Larünzeko Barretx, Sarrikotako Casenave eta Lissague, Ündüreineko Domeka eta Jaureguiberry, Bildozeko Domec, Sohütako Jaurigoyhen eta Sala, Mitikileko Othegain eta Larroriko abadia laikoa).

Arbaila handia zinerria: potesta bat (Geintein) eta zazpi epaile-lürzain (Urdinarbeko Ahetze, Garindaineko Arrokain, Mendikotako Bereterretxe, Casenave, Jauregizahar eta Jauregiberri eta Muskildiko Erbis).

Arbaila ttipia zinerria: potesta bat (Ozaze) eta sei epaile-lürzain (Doneztebeko Sala, Züharako Peys, Irabarneko Domeka eta Jauregiberri, Gotaineko Sala eta Zalgizeko abadia laikoa).

Ibar esküina zinerria: potesta bat (Lakarri) eta bederatzü epaile-lürzain (Alozeko Sala, Altzaiko Athagi eta Irigarai, Zihigako Domeka, Altzabehetiko Etxebarne eta Gorritepe, Zunarretako Harismendi, Alozeko Mendrisket eta Altzürüküko Ruthie).

Ibar eskerra zinerria: potesta bat (Ziboze) eta zortzi epaile-lürzain (Barkoxeko abadia laikoa, Astüeko Etxekapar, Liginagako Latxague, Montoriko Casamayor, Lexantzüko Rutigoity, Onizegaineko Sala, Zibozeko Sala eta Iruriko Casamayor).

Gogoeta hanitx sortü zeion izen horien herrokatzeak : zinerriak mendixketako bazkagietarik ühaitz handiala artino hedatzen ziren, nolazbait lür eremü baten zaintzaren erakustez, salbü Domintxine, hau Arüekoaren barne zen eta honek beste zaintza mota bat bazükean. Lürzain gehienak ühaitzaren bi aldetan ziren, gorenak Altzürükü eta Lakarri. Larüntzekoak zütüan parropiak kopürü handienean, hamazazpi beitziren hor, jüstoki Lextarreko egitüra, Mauleko merkatü eta gaztelü gotorraren üngürüan.

3 – 2014ko seteme

Neskenegün batez Itheko oihanean Ebrard Dominique trikuharrien bisitaren gidari zen eta behazaleen artean zen Iban. Dominiquek berak hor ediren gaüzek milaka urtetako jente eta tresna trükatzea probatzen züela argitzen züan, hiru mentez lautan hogei korpitz erre puxkak hor gorde ziren edergailü zonbaitekin. Ibanentako trikuharrien eraikitzeko xedeak bere misterioa etxekitzen bazüan, harri handi horien erabilteko trebeziak jauzka eramaiten zeion gogoa : animaleko harriak eraiki, lau belaünaldietarik baten korpizkiak hor paüsatü eta harri zabalaren gainean errito bat egin, jente saldo handi batez üngüratürik, oro hor barneratü albidataren partekatü nahian. Bisitaren jarraikian Dominique Pottoko ola ondoala joan zen, ola ondoko ttonttorren erakustera : bide berriaren bi aldeetan agerian beitzen ttonttor zonbait, lür altxatüan jente egoitza edo kabale zerrategi izan zitekeelako hipotesia aitzinatzen züalarik. Sogileak Dominiken argitarzüner beha ziren artean, Borda Alain hasi zen ttonttorraren traukatzen alde batetik besteala, kobrezko bi hariren esküetan etxekitzez, ixil ixila, eta denbora llabürraren bürüan mintzatü zen: «Metra erdiko mürrü biribil bat bada, sei metrako barnea egiten dü eta bi sarelkitze bada.» Harridüra itxürarekin, jentea hüilantü zen eta Alainen egin molde bitxiari so egon. Hau bihotz honez hasi zen ondokoari kobre harien esküetan ezarten eta erabilten erakusten. Besteak bezala, Dominique eta Iban joküan sartü ziren eta biek mürrüen mügak zehaztü eta neürtü zütüen. Alain-ek argitü zeien kobre hariekin hur kurrigiak edireiten ahal baziren, zoin nahi eraikuntzen fundamenak ere zehazten ahal zirela, geroztik mürrüen harriak elkirik izanik ere, lürrak horien memoria etxekitzen balü bezala.

Aste zonbait berantago Atarratzen aitzin historiako gotorleküetaz eta «gaztelü» etaz konferentzia antolatü züen Ebrard Dominiquek eta Allard Philippek. Hor mintzatü zen Casaubon Jakes-ek, Eüskal Herriko gotorleküen üngürüetako lekü eta etxe izenak bildürik, izenen erran nahia leküekin eta leheneko bizileküekin lotzeko egin ahalak eginik zütüan. Horren bildüma eskentü züan: Keltak gure eskualdetik igan zirelarik, Kristo beno mente zonbait lehenago, herritarrak mendixketan bizitzen jarri ziren, gotorleküak eraikiz. Gero Erromatarrak heltü zirenean, edo menpean ezari zütüenean, mendixka zolen lürberritzen eta lantatzen hasi ziren, eta hor bizileküak eraiki zütüen, horietan Salaberri, Jauregiberri eta beste hainbeste «berri»dün izen. «Berri» horrek seinalatzen züan jabearen leküz kanbiatzea, adibidez, mendixkako Sala etxearen jabeak beheraxago Salaberria eraiki züala. Iban konferentziari beha zen eta gogoa lasterkan hasi zeion: Lextarreko epaile «lürzain»ek eremü apürren jabetzan izanik, mendixkako antolakuntzaren eta bertako ardüra baten ondorioz zükeen «zaintza» titülü hori Lextarreko Kortean. Beraz XVIIgerren menteko lürzainen egoitzen alde gaineko mendixkala joanez, Kelten eta Erromatarren denborako bizileküen herexak edirenen zütükealako ideiarekin etxerat ützüli zen.

IGN karta batetan Ibanek zinerriak eta epaile-lürzainen etxeak markatü zütüan eta Domintxinekotik hastea erabaki züan, eremü ttipiko zinerri horren ezagütü beharrez. Olhaibi eta Amitxalgun lürzainak baziren zerrendan eta horien alde gainean Mendiko izeneko mendixka. Bethe etxearen ondoan autoa ützi eta Iban maxelaren gora abiatü zen, kobrezko bi zaharoak esküetan. Kihila igan ordüko zaharoak okertü zeitzon et sei ürratsen bürüan berriz xüxenean jarri. Berriz ürratsetan arra jin zen, exker eta esküin kurritü eta segürtamena bazüan hor eremü bete bat bazela, sei ürrats largokoa eta maxelan gainti trebes bazoana, zinta baten gisan. Maxelaren gora berriz abiatü zen, ürratsak kontatzez eta zaharoer galtatzez beste eremü beterik bazenez bena zaharoak xüxen egoiten ziren eta hirutan hogei ürratsen bürüan ziren okertü. Gaineko ordoki mehe eta lüzeala abantxü heltürik zen eta hau osoki traukatü züan, zaharoak beti okertürik, zortzi ehün ürrats egin züan hola, bazterreko oihaneala artino ; hots gainea oro eremü betean zen. Mendixka hegitik Amitxalgun etxealat bürüz abiatü eta eremü betearen bazterretik hamazazpi ürrats egin züan hütsean eta beste hamazazpi ürrats largoko zinta bete bat ediren züan. Berriz hegiala jin eta Aizager etxealteari bürüz abiatü zen, horrat maxela goxokiago behera beitzoan, eta eremü betetik elki ondoan, hamabi ürrats egin züan hütsean eta beste hamabi betean, eta hola lau aldiz ; beraz baziren lau zinta eremü betearen üngürüan eta Kelten denborako gotorleküaren proba agertzen zeion: gaineko eremü betea bizilekü eta üngürüan defentsako zur hesolak. Halere Iban düdakor zen: hamabi ürratseko edo zortzi metrako largotarzüna sobera zeion zur hesola batentako, hesola bai bena beste zerbait bazatekean hor. Hola ebili zen Tuquet, Touron d’Espiute, Ainharbeko Agerria, Mitikileko Elizamendi, Garindaineko Arrokia, San Gregori eta beste hainbeste mendixketan gainti eta ediren eremü beteak forma desberdinekoak ziren.

Zaharoen erabiltean ere trebatzen ari zen, bete/hüts mügak zehatzago senditzen zütüan eta eraikuntzen bereixten hasi zen: mürrü herexak eta pasaleküak edo bortak. Ozaze Jaurgainearen ikustera joan zen, 17. mentean arraheinki Lextarreko txostenetan agertzen zen lürzainaren etxalte gainearen ikustera. Züharako bide bazterretik gora abiatü zen eta fitexka hamabi ürratsetako lau zinta bete ediren zütüan, hamabiko arte hütsarekin, üdüriala gortorleküaren üngürüa egiten züen zintek. Gero eraikuntza andana bat: hamabi ürratsetako zinta karratü baten barnean bost mürru alde batealat eta beste bost bestealat, barneko mürrü horiek ürrats bat largo züelarik. Gaineko ordokian bost zinta xüxen trebeskatü züan, hamabi ürrats largo eta hirutan hogei ürrats lüzekoak, ontsa paraleloak, ez züen defentsa betebehar manerarik eta beste eginbehar batekoak ziratekean. Gaineko ttonttorreala heltzean, kartan 264 metretan seinalatüala, bidexkaren esküinetarik eraikuntza handi bat ediren züan. Hogei ürrats largo eta lautan hogei lüzekoa zen eta honen aitzinea biribila, barnen mürrü andana batekin. Aitzin biribilak estonatürik, bidearen beste aldera joan zen eta eraikuntza berra hor ediren züan: eraikuntzen handitarzünak eta aitzine biribilek Iban mündü ezezagün baten bortan jarri züen.

Ühaitzaren bazterreko mendixker jarrikiz Maidekorraleala heltzekotan zen Iban, hau beita aspalditik aipatürik den gotorlekü berezia zeren arkeologoek dioie bakotxa dela harrizko defentsadüna. Lehenik Lüküziloko Jean Pierra-ren ikustera joan zen eta honek aipatü zeitzon aüzoko leküen izenak: Lükü aüzoa, Maidekorrale zolako lepoa «Zilarrüne» eta honen peko soroa «Tiragia maxela». Azkenik erran zeion: «Gisala, Maidekorralean badük ürre pertika bat Lamiñek lürpean gorderik!». Izen eder horiekin Ibanek beste edireite bitxien egiteko esperantxa bazüan eta Zilarrüne lepotik iraztorraren gora abiatü zen. Berehala maxelan bertan eraikuntza lüzea agertü zeion trebesean: barneko mürru lüze bat, hiru trebes, barneko pasaleküekin eta peko aldealat bortak kanpoko mürrüan. Mürrüak ürrats bat largokoak ziren eta horien artean hamabi ürrats kontatzen züan. Beraz eraikuntzak hogeita zazpi ürrats largoan eta berrogeita hamabost ürrats lüzan egiten züan, hots hamazortzi metra largo eta berrogei metra lüze. Maxela erdixetan esküinetarik ikusi züan harrarte baten aitzinean ordoki bat eta harat joan zen. Ordokiaren erditan, aldepeko eraikuntza bezalakoa eta harrien ondoan biribil ezezagün eli bat. Ixtant batez egon zen üngürükan zaharoekin eta düdak gaintitü zütüan: biribila zen, hiru ürratseko diametroan eta ürrats erdiko arroila bat bazoan ordokialat bürüz, biribiletik elkitzen ürrats batez, ixurgia bat bezala. Holako bost ediren zütüan ordoki zolako harrartean. Maxelaren gora segitü züan eta gaineala heltzean beste ordoki bat eta eraikuntza bat erdian. Zolako harrartean zaharoak paseatü zütüan eta sei labe berdintsü ediren. Esküinetarik, hegiko harrien artealat joan zen eta han hamabi labe herrokan agertü zeitzon. Eta hegiaren bestaldean beste eraikuntza ttipiago zonbait bazen. Hegiala berriz ützüli zen eta zaharoak berriz igan: gaineko biribilak iparraldealat züan ixurgia eta besteek aldiz hegoaldealat xüxen. Bista ederrari so egon zen memento batez bena ez züan horren gozatzeko gogorik.

Arkeologoek hor ediren zütüen Kristo beno lehenagoko mentetako lürrontzi puskak eta erraiten züen harri txüt horiek defentsa bezala eraikirik izan zirela. Aldiz Iban beste gogoeta batetan zen: ez zen hor harrizko defentsa soil bat bena bai lürrontzien errearazteko labe herroka bat harri txütez süstengirik. Etxera heltü ordüko interneten sartü züan labe hitza. Animaleko zerrendan jauzka ebili zen eta Euskonewsko eüskarazko artikülü batetan sartü zen. Xabier Orue-Etxebarriak Bizkaia eta Gipuzkoako «haizeolak» aipatzen zütüan, lekü zonbaitetan «agorrolak» deitürik ziren bürdüin olak. Hiru ehün aizeola ikertürik bazüan, oro mendi maxeletan jarririk aizearen baliatzeko eta ixurgia baliatzen zen lehenik aizearen sarrarazteko eta gero süak errearen kanpo kurriarazteko. Hor baziren bürdüin beila (agoa) eta eskoriak (zepa). Eta lekü izenek «ola» herroa bazüen. Bürdüin Aroan erabilten hasi ziren, Erromatarren denboran zinez garatü, horik joan ondoan lo egon eta hamargerren mentetik aitzina berriz baliatürik izan. Gero ühaitzen indarraren baliatzen hasi zirelarik, bürdüinolak erreka bazterretan ezari ziren eta aizeolen erabiltea ützi zen, nahiz eta düala ehün urte zonbait latsün egiteko baliatürik izan ziren.

Iban pentsamentükan egon zen: «Agorrola» izenik ez züan Xiberoan ezagützen bena bai «Agorrodi» Idauzen, Hauzen eta Barkoxen. Hitzaren desopilatzen hasi zen « agor » izena entzünik züan, «ütürri hori agortzen dük üdan», idorte zerbait bazenean agitzen zena. Agorrila hilabete izena bazen bai eta Mendebaleko «agoa» herrotik egina zatekean. Ondoko «odi» lotzen züan hodi izenarekin, Aita Lhandek hur hodi eta arroila erran nahia emaiten zeiolarik. Agorrodi hitza ere «agoa» eta «hodi» herroekin lotzen züan eta «agoa» ala «agor» bereixteari ez züan inportantzia handirik emaiten, biek labegintzarekin lotüra bazüelakoz. Gainera Orue-Etxebarriaren idatzian labe üsatüenaren itxüra agertzen zen : barrika txüt baten forma, sei metra gora eta hiru largo, erdia lürpean, bazterrak bustinez eta harinaz eginik, metra bateko ixurgia, larrüzko taulak aizearen sarrarazteko, egün bat edo biko süak bazterrak erdiarazten, bürdüin mardoaren marteilükatzea, beste erretze bat barretan biltzeko, eta beste. Kartan soginez Hauzeko aüzo batetan ikusi zütüan Agorrodia, Aroztegia eta Arozpidia izenak algarren ondoan eta Iban harat abiatü zen. Arozpidiaren alde gaineko mendixkala igan zen eta ekialdeko hegian güneka ziloak ikusi zütüan. Zaharoek erakutsi zeien labe ziloak zirela, sei ürratseko diametrokoak eta ixurgia ekialdealat bürüz. Mendixkaren hegiala heltzean eraikuntza bat ediren züan, erdiko mürrü batekin eta pasaleküak bi aldetan. Eraikuntza hegiaren gainti bazoan aitzina hiru ehün bat metrotan eta honen aldepean labe zonbat. Aitzina jarraiki züan eta ondoko maxelan, Agorrodia eta Espelette etxalteen bistan, maxelan bertan dozena bat labe. Honen exkerreko bazterrean bi labe handi bata bestearen gainean, hamabi ürratseko diametroarekin. Gibelilakoan berriz neürtü zütüan eraikuntza eta labeak : eraikuntza bazoan hegi orotan eta alde pean baziren hamabi ürratsetako bi labe eta sei ürratsetako hogeita sei labe. Bürdüin indüstriagüne ederra!

Arozpidialat ützültzean laborari bat ikusi züan lanean eta galtatü zeion nola deitzen züan mendixka hegi hori, «Oliberoa» ihardetsi zeion Munahuntek. Ibanek Oliberoa desopilatü züan: oli edo hodi eta bestetik beroa, beraz aizeolen mündüko hiztegia. Herrian bertan eküratü zen jakiteko meategirik izan zenez lehen. Hargin ohi batek erakutsi zeitzon «bürdüin meategi» izeneko hiru güne, herriaren pareko maxelan. Ibani hor argiago zeion zertako Gramonteko Antoine dükea Hauzeko «jaun» bezala aukezten züan Jaurgaineko Jean-ek. Bürdüina ardiesten züan meategi eta aizeolen bidez, baita bürdüinolen joanarazteko Oloroneko for delakoa erabilten. Hori bere aberastarzünaren parte zen zeren Bastidako portuan barkoak egiten beizütüan ber denboran. Eta Hauzeko bazterrer so egon zen, ikusten zütüan meategitik mandoak herrokan bürdüin mea kargekin elkitzen eta Agorrodialat joaiten. Han aldiz batetik oihanetik mandoz egür inkatza ekarten eta aterbean metatzen, eta bestetik aizeolak sütan maxela hegian eta honenbeste jente üngürüan harat honarakan.

4 – 2015ko urtarila

Paperetan bürüa sartürik züan aspaldixkatik Ibanek, zor famatüaz zerbaiten argitü beharrez zen. Historialariek zioien zorraren ezin pakatüz altxatü zirela Xiberoatarrak 1661ean, eta gero zorra pakatü züela 1662tik aitzina. Jaurgaineko Jean-en « Les Trois Mousquetaires » libürüan ediren züan Zihigarrek idatzi gütün bat eta hor zorra aipatzen züen zorrozki: «Lehenik, aipatutako diru maileguaren egiteari Herriak ezezkoa eman zion Xilbietan, Xilbieta Herriaren biltzar gunea izanki, maileguaren egiteko xedea zen errege eremuaren berrerostea eta horretarako ordezkarien bidaltzea, lurzainen eta elizgizonen sailen bermearekin ; baina Herria saila ohartu zen berrerostea kaltegarria zitekela beretako, geroko gertakariak horren lekuko dira, eta maileguaren aktaren kontra egin zuen aste bat berantago, zinerrietan biltzarrak eginez eta ordezkarier jakinaraziz, horrela Herria sailak ez du ordezkariek egin maileguaren ardurarik, zeren mailegua Herria sailaren baimenik gabe egina izan da. Gainera ohargarri da Moneins eta Mesples baruek dirua beren gisara erabiltzea, eskualdearen izenean, eskualdearen baimenik gabe, osoki jabetu nahi ziren eremuaren erosteko, eta berrerosteak huts egin ondoren, Iruriko jaunak kontseilu pribatuan beraien kontra gainjartzea egin zuelakoz, horretarako Pariserat bidali dirutzaren zati bat eskuratu zuten, baina ez dena, esaten duten bezala, eta eskuratu ez duten zatia dute Xiberoa herriari eskatzen, ez dakit zoin arrazoinengatik, zeren beraiek dute dirutza osoa nahi erara erabili ; erran nahi beita Herriaren baimenik gabe Parisera eraman dute dirua, nahi zutena berreskuratu eta bestea utzi, beraz dirutza eman duteneri galdegin dezatela eskaera, zeren Herria saila ez da ezertaz arduradun ; zeren ez du ezer ukitu ez eta inor bere manuz.» Zihigarrak mailegüaren egiteko manerarekin ez ziren akort, ez eta ere sosaren erabiltekoarekin.

Peyrot Marie-Laurek eman paper batetan Ibanek ediren züan mailegüaren akta eta presente zirenen zerrendatzea gustatü zeion: «Gauza jakina da 1639ko martxoko lege-aginduaren ondorioz, Zure Maiestatearenak diren Xiberoa herriko bizkonterri eta eremuak, beraien Justizia, kausa eta eskubideekin, adjudikatuak izan ziren Iruriko jaunari, adjudikazio horren kontra jarri dira hiru sailak, justiziaren formalitateetarik kanpo egina izanagatik eta herria saileko zindikak Kontseiluan aurkeztu helegitea erabakigabea zelakoan, eta gainera 1641ko uztailaren 3ko aktak azaltzen duen bezala, Erregeari aurkeztu eskaera umilek ez badute helburua lortzen, hiru sailek erabaki dute berrerostea eta horretarako ahalmendun jarri dituzte Arbideko jauna, Pagolako Pierre Oloroneko apezpikuaren bikari orokorra, Urdinarbeko komendari Chaboiskoa, Aruekoa, San Martinkoa, potestat eta nobleziako zindik Sohuta Belakoa elgarrekin, Bildoze Casenaveko Arnaud, Irabarneko Chaboisko Domingo, Muskildi Abbadieko Bernard, Ithorrotzeko errege notari Abbadieko Guillaume, Barkoxeko zinegin eta abokatu Arhetzko Pierre, beharrezko jarraipen eta arduren egiteko, berrerostera ailegatzeko beharrezko maileguen egiteko ahalmena, Zure Maiestatearen eta Kontseiluko jaunen aurrean kausaren aurkezteko Xiberoako biztanleek ordezkari karguan jarri dituzte Oyhenardko Arnaud abokatua eta Bonecaseko Pierre herria saileko zindika, eta ordezkaritza hori baimendu dute Chaboiskoak eta Arbidekoak. Helburu horretara ailegatzeko 60 000 librako dirutzaren mailegatzea erabaki zuten eta Mirassorko Jacob otoiztu zuten, hau Monclako abadea eta parlamentuko abokatua, Bretainia erregimenduko kapitainburu Hittonko Jean noblearen dirua eskuetan duena, eta honartu zuen 60 000 librako mailegua, baldintzatzat jarriz obligazioetan jartzea Arbidekoa, Chaboskoa, Aruekoa, Belakoa, Arhetzkoa, Ithorrotze Abadiekoa eta gorago aipatu ordezkariak, denak obligazioan sarturik izango zirela herriko ordezkari gisa baita ere beraien ondasun pribatuekin, eta obligazio horretan sartuko zirela ere Oloroneko apezpiku Maytieko Arnaud, Moneinsko Clement barua, Meharineko bizkonte Belsunzeko Charles, Mauleko gazteluburu Belsunzeko Bertrand, Othegain aitoretxeko jaun eta abokatu Belako Jacques, Irabarne Domeka aitoretxeko jaun eta abokatu Sartillonko Pierre, Ziboze Sala aitoretxeko jaun Martinko Pierre eta beherago azaltzen direnak, eta zuhurtasun gehiagoren hartzeko elkarkide berme bezala izanen da Mesplesko Cesar barua (…)1642ko irailaren 15an egina, Xiberoako Maule hirian eta apezpiku jaunaren jauregian.»

Iban Zihigarren kexüaren konprenitzeko ahaleginetan sartü zen eta lehenik sogin zütüan hiru sailek erabaki dute berrerostea eta horretarako ahalmendun jarri dituzte taldeko kideak:

- hiru elizgizon: Irabarne Chabosko Domingo, Urdiñarbeko komendaria eta Oloroneko kalonjea, Pagolako bikari orokorra eta apezküpü jauna;

- hiru potesta: Arüekoa, Altzürükü San Martinkoa eta Sohüta Belako zindika;

- hiru lürzain merkatari: Gotaine Arbidekoa, Bildoze Casenavekoa eta Muskildi Abadieko eta notari bat: Sohüta Arhetzekoa.

Ibanek arrunt eraiki züan Xiberoako biltzarreko hiru sailek izendatü taldean falta zirela Belzunzeko Arman gobernaria edo bere ordezkoa eta Herria saileko zindika. Ibanek hartü züan notarien akta sinatü züenen zerrenda : Itorrotze Abadie, Muskildi Abadie, Irabarne Chabos eta Bildoze Casenave. Hor ere Lextarreko biltzarreko kargüdünik ez. Haatik goraxago aipatü bermeetan bi izen ikusi züan «Meharineko bizkonte Belzunzeko Charles, Mauleko gazteluburu Belsunzeko Bertran». Bazakian 1606an Frantziako erregeak Xiberoako gobernari izentatü züala Belzunzeko Arman, bestalde Meharineko bizkonte eta Amikuzeko baile. Charles semearen bizkonte titülüak erakusten züan aita hilik zela eta geroztik Charles Lextarrera horra zela, bere anaie Bertrand aldiz gaztelüko kapitain kargüan. Haatik Charles delakoak ez züan gobernari titülüa agertzen aktan, edo ez züalakoz edo ez zelakoz aktaren berme agertü nahi. Hola aisa konprenitzen züan Lextarreko biltzarrak ez züala berrerostea ontsa egin, ber denboran Lapurdikoak egin züan bezala: 1641ko errege eremüaren saltzean, Belzunzeko Arman eri edo hilik zen eta Xiberoa gobernaririk gabe zen.

Ibani klase borrokako itxüra bat agertü zeion: Meharineko bizkontea feodalzalea, nafar aristokratek holako fama beitzüen, Xiberoako instituzioetarik desagertü zen eta haren leküaren hartzera lehiatzen ziren Xiberoako elizgizon eta merkatari burgesak. Talde hortan ezarten zütüan sos hanitx erabilten züen Chabos, Pagolakoa eta Maytie, nahiz eta merkatarien hedadüraz güti jakin. Gainera Iban ohartü zen apezküpüa, bikari orokorra eta Oloroneko kalonjea Oloronen bizi zirela. Berriz Zihigarren idatzian sartü zelarik argi gorri bat piztü zeion : «Gainera ohargarri da Moneins eta Mesples baruek dirua beren gisara erabiltzea, eskualdearen izenean, eskualdearen baimenik gabe, osoki jabetu nahi ziren eremuaren erosteko». Moneins eta Mesples baruak, biak Biarnokoak, eremüaz jabetzeko nahian ikusten zütüen Zihigarrek eta Ibanek pentsatü züan betiko lehia zela hor agertzen, Biarnesak Xiberoaren menpean hartzeko nahia. Jaurgaineko Jean-ek idatzietan üsü agertzen züan hori, alta Jaurgainekoak ez züan Zihigarren idatzia aipatü bere Xiberoako libürüetan, nonbait ez zükean gustükoa.

Zihigarrek idazten züen ere «Parisera eraman dute dirua, nahi zutena bereskuratu eta bestea utzi» eta ohartü zen baruen eta Herria saileko ordezkarien bilküraren aktaz, 1663ean eginaz : «ordezkariek dirutzaren erabilpenaz ezagutza orokor eta nahasi bat agertu dute, haztapenean eraman 80 000 libretarik 38 000 itzuli dira, eta denbora iragan arau, interesek honen zati handi bat xahutu dute» eta hor jauzi bat egin züan. Pariseko berreroste egin ahala 42 000 libra kosta zen eta afera 1643an bazterreala heltürik zen. Eta 1642tik landa jesan 80 000 librentako baruen ondokoek 150 000 libren pakatzea galtegiten züen 1663an. Interesen joküarekin sos biltze ederra egin züen baruek, eta lan hortan Oloroneko elizgizonak lagün üken zütüen. Halere Iban ohartü zen Maytiekoa 1646an hil zela eta behar bada hortakoz afera likidatü gabe egon zela; bena beste mailegü egileak hor ziren: Chaboskoa, Abadiekoak eta besteak.

Paperak oro mahainaren gainen barreatürik, Iban gogoetan zen, zeren ikusten züan aferan ez zela arazo bat edo bestea bena arazoak kürütxatzen zirela : Belzunze gobernariaren desagertzea, elizgizonek antolatü mailegüa, Maytie apezküpüaren desagertzea, baruen aberastea eta lürretaz jabetzeko nahia eta funtsean Peyrekoaren Xiberoaz jabetzeko nahia. Ahatz gabe Belzunzeren ondotik jin zen Toulonjonko gobernaria ez zela aferaren xahatzera heltü edo ez züala nahi üken.

5 – 2015ko ürrieta

Iban Baionako mediatekako mahain batetan jarririk zen eta bostpasei libürü bazüan aitzinean. Jadanik departamentüko arxiben irakurten hein bat denbora iganik bazüan, Beñat Goihenetxen denborako altxamentüaz xehetarzün bildü beharrez. 1661ko paperetan agertzen zen «Herria» sailekoak, laborariak, ofizialeak eta komerzantak, altxatu zirela Lextarreko Noble eta Elizgizonen kontra, Peyrekoak erosi eremüaren berresküalatzeko 80 000 librako jesaitea gaixki erabilia izan zelakoz. 1642an sos hori jesan zen eremüaren berrerosteko eta honek hüts egin züan 1643an ; haatik afera ez zen likidatürik izan eta sos emaileek, Moneins eta Mesples baruek, 1659an 110 000 libra galtegiten züen. Urte hortan bi baruek Bordeleko parlamentütik esküalatü züen xüxenean sosaren biltzeko ahala. Lextarreko zinegotziek galtatürik, ondoko hilabetean Lagüntzen Korteak, Güienako sos aferen kudeatzeko eraiki korteak, parlamentüaren erabakia baliogabetzen züan. Aitzinetik baruen ordezkariak ebili ziren herri zonbaitetan sos biltzen, emaiten ez züenen behien bahitzen eta laborariak preso ezarten Donapaleün. Ordüko Xiberoako ebilmoldearen kontra zoala zioien laborariek zeren sos biltze oro Lextarreko biltzarrak züan deliberatzen eta bürützen. Bi baruen bahiketak aldiz legez kanpokoak ziren eta « Herria » saila oldartü zen. Mediatekako libürüetan idatzi bat ediren züan, Txomin Peillenek egina (La réforme, un humanisme – 2007): «… Xiberoan Matalaz deitu Goyhenetcheko Bernard berdin egitera saiatu zen eta «artzain-mutil matxinada» baten buru jarri zen, horik ziren apezen eta nobleen kontrako laborariak. 1661 urtean erreformatuen kontra antolatzera heldu zen eta Xiberoan zehar jazartzen zituzten. Herriak hain zuen gorroto agertzen erreformatuen kontra, horiek alde egitera behartuak izan ziren. Matalaz bera oso bortitz agertu zen: erreformatuen zeremonietarako erabilia zen Sohutako Jaurigoihen etxeari su ematen zuen eta Montorin, erreformatuak prosezio egitera behartu zituen eta beraien apezak haizatu…»

Iban harritü zen, Beñat Goihenetxe laborarien «erreformatuen kontra antolatzera heldu zen», zeren hor agertzen zeion Beñat Goihenetxen beste egin molde bat. Ez zen soilik laborarien eskübideen defendazale bat bena Erreformatüen kontra herritarrak altxatü zütüana. Txomin Peillen eüskalzaina da, idazlea eta Sentazin noizean behin bizi da, berak Xiberoaz hanitx idatzi dü eta honen ikusmoldea inportanta zeion. Iban pentsaketan egon zen Beñat Goihenetxen egin moldeaz, Mitikileko erretora izanez, Mitikiltar laborari presoen defentsan jartea normal ikusten züan bena Erreformatüen kontra altxarazte horrek beste manera batetan erakusten zeion. Baionarik Xiberoalako bidea ez züan üsatü bezain lüze ediren: Beñat Goihenetxe nor zen benetan galtoa kurri züan bürüan, beraren idatzirik ez zen, beraren kontrakoek hartaz idatzia zen bermü bakotxa. Etxera heltü ordüko Iban arxibetan berriz sartü zen. Brosserko eta Costereko Lextarreko ofizierren idatzian sartü zen eta gertakari horien aipamena ediren züan: «Egun horretan (uztailaren 3an) populu hori bildu zen Lextarre lekuan, Goiheneche zoan zazpi edo zortzi ehun gizonek lagundurik, Sohutan Mauleko eta inguruko erreformatu fededunek zeremonietarako erabiltzen zuten etxea eraitsi zuen… Uztailaren 4an, Montorira joan zen Goiheneche, bere hiru mila gizonezko tropekin eta han kokatu, bereziki erreforma fededunen etxetan eta horietako hamabost bat etxekojaun behartu zituen elizako altarean, argizaria eskuan eta bikarioaren aurrean, katoliko fedeari juramendu egitera, eta berriz fedez aldatzen baziren beraien etxetan su emanen zeietelako mehatxua egin zuen, konbertitu berrien etxetan kokatuak zirener manatu zeien ez konbertituen etxeetara joatea, eta azken urtetan erreforma fedeko zeremoniak egiten ziren etxea eraitsi zuen…». 1661ko üztailako idatzi hori Pariseko errege kontseilüari igorria izan zen eta Erregearen armadaren jitea galtatzen züan altxamentüaren ekürüarazteko. Brossekoa eta Costerekoa errege ofizierrak ziren, Brosserkoa gobernariorde kargüan, Toulonjonko kontearen zerbütxüan, eta Costerekoa prokürarea, Bordeleko parlamentüaren ordezkaritzan. Biak urte lüzeetan izan ziren Lextarreko egitüren defentsan Peyrekoaren ataken eretzean. Halere Costerekoa Etxarriko Amitxalgun noble etxeaz jabetü zen, beraz Noble taldean lekü bat ardietsi züan. Brosserkoa aldiz Maytieko Marierekin, Oloroneko apezküpüaren arrebarekin ezkontürik zen. Hortakoz Ibani üdüri zeion bi ofizierrak, 1642ko sos jesaitearen erabilpen okerraz jakinean izanik ere, Xiberoako klase desberdinen arteko tirabiran ez zirela aparte egoiteko baldintzetan eta Noble eta Elizgizonen aldealat tiratzeko maneran zirela. Funtsean Noble taldeko Belako Jakesek ere ber ikus moldea agertzen züan bere idatzietan.

Iban bi idatzi horier so zen eta Sohütan 700 gizon Erreformatüen zeremonia egoitzaren desegiten itxüratzen zütüan, oraiko jauregi hortan nonbait, karrika erditan. Haatik Montorira 3 000 gizonen joaiteak düda bat sortü zeion. Garaian Xiberoan 15 000 bizizale bazen eta 3 000 holaxe Montorira joiatea, Erreformatüen kontrako afera batentako soberaxka zeion, altxamentüaren arrazo nausitik aparteko afera beitzen. Erreformatüen historian sartü zen eta Paueko SSLAko agerkarian ediren züan «Le Protestantisme en Béarn» titülüarekin artikülü andana. Errelijionen gerla 1563an hasi bazen, 1599an ürrentü zen Nantesko lege-aginduarekin. Geroztik errelijione bakotxaren jarraikia haizü zen eta ondoko mente hatsarreko Erreformatüen antolakuntzak agertzen ziren. Baziren Sohütako kapera pribatüa, Mauleko gaztelü gotorpeko kapera baita zeremoniak Xarran, Donapaleün eta Montorin. 1620an Erreformatüak konzilio batetan bildü ziren Loudun herrian eta bertan zen Büztanobiko Jacques ministroa. 1671an Garlinen bildü ziren Biarnoko Erreformatüak eta Büztanobiko Pierre ministroa hor zen, Xarrako, Mauleko eta Erribeitako zerbütxüen ardüradün. Beraz Lakarrin sortü Büztanobiko Jacques erreformako ministro zen 1620 eta 1661 urteen artean. Belako Jakesek dio 1661an lautan hogei urte züala, eta honen seme Pierrek segida hartü zeion. Bena idatzi horietan ez zen Sohütako eta Montoriko kaperen eraixteetaz hitz bat ere. Haatik Ibani gogoala jin zeion Berterretxe kantoreko Marisantzen «anaia maitea» errana gogoala. Büztanobi ez zatekean bere anaia bena bai Büztanobi Pierre, erreformako «anaia» deitzen zen ministro «gaztea», Büztanobiko Jacquesen semea. Ibanek ondorioztatü züan Bereterretxen ehaitea agitü zela Büztanobiko Pierraren ministro gazte denboran, beraz 1640 urteen altean eta ez, Jaurgaineko Jean-ek zion bezala, 1449 urtean. Paueko AD arxibagünean Ibanek ediren zütüan «Centre d’Etudes du Protestantisme en Béarn» (CEPB) alkarteko paperak: Biarnoko Erreformatüak zazpi eskualdetan antolatürik ziren, Oloronekoan Nabarrenkose, Maule, Donapaleu, Salbaterra eta Saliese. Montori aldiz Aretakoan zen. Urtean behin kolokio bat egiten züen beren aferen xuritzeko eta hor « Bustanobis » izena arraheinki agertzen zen, Mauleko ministro, urtean 480 librako soldatarekin. Haatik 1639 eta 1669 urteen arteko kolokioen txostenak galdürik ziren eta CEPBko kide batek zion ezin edirenak zirela. 1669 eta 1670 urteetako kolokiotan «Bustanobis» agertzen zen Mauleko, Erribeitako eta Xarrako ministro, Olivier ministroarekin batean eta Montorin ere Jauriber zeremonia egile agertzen zen. Ata ez zen zeremonia güneen desegite edo berreraikitze aipamenik. Ibanek jakin züan Osse-en-Aspe herrian Erreformatü familia ospetsü bat izan zela, Cadier izenekoa, eta horrek Erreformatüen gora beheretaz hanitx idatzi züala.

Iban Oloroneko mediatekala hüilantü zen, eraikuntza berri eta ederra, üharte batetan eraikia, kanpoko argia orotarik sartzera üzten züana. Alfred Cadier ministroaren libürüan sartü zen eta lehen gaüza batek harritü züan: 1512ko üztailaren 15an Aita Saintüak Nafarroako erregea eskomünikatzen züan eta ber egünean Kastillako armada sartzen zen Nafarroan. 1563n Aita Saintüak Errege horren alaba, Albreteko Jeanne, eskomünikatzen züan eta honek Erreforma sartü züan Biarnoko fede bakar. Erromako Aita Saintüek herra zerbait bazükeen Nafarroaren kontra edo Kastillako inperio indartsüaren meneko ziren. Alfred Cadierrek, 1892ko libürüan, Albreteko Jeanne «erregina noble eta pietatetsüa» goraipatzen züan baita Erreformatüek Biarnon eta üngürüan egari atakak oro zerrendatzen. Haatik Xiberoako tenploen desegite herexarik ez zen hor agertzen. Dubarrat apez katolikoak Cadierren lanak jorratü zütüan eta honen bost tomoak lerroz lerro ikertü zütüan «gezürrak» salatü beharrez 1895 urteetan. Honentako Albreteko Jeanne «tirano eta ebaslea» izan zen bena honen idatzietan ere Ibanek ez züan Xiberoako desegiteen berririk ikusi. Frossard, Communay, Planté eta Puaux izan ziren gei hortan idazle eta horien idazlanetan Ibanek ez züan deüsere bildü. Albreteko Jeannek unibersitate bat eraiki züan Ortez hirian eta orai han erreformaren müseo bat bada. Eraikin zahar eta ontsa zaintü hortan sartü zen Iban, Xiberoako gertakarietaz zerbaiten jakin nahian. Müseoa kurritü züan eta ohartü zen aspalditik, 15. mentetik, Elizaren erreformatzeko eztabada bazela Elizaren barnean. Indülgentzien komerzioak eta Saintüen adoratzeak Ebanjelioaren desbideratzea ekarten züela uste züen apez hanitxek. Eztabada lehertü zen eta katoliko/erreformatü fedeak bakotxa beren aldetik abiatü ziren. Halere Iban beti Montoriko eta Mauleko desegiteetaz zerbaiten jakin nahian zen eta xehetarzün bat bildü züan. Henri IVek 1599an Nantesko lege-agindüaren bidez bi fedeen erabiltea legeztatü züan eta honen arrasemeak, Louis XIV.ek, 1685an hori hautse züan, erreformatü fedearen erabiltea debekatüz. Taula batetan ikusi züan departamentüan hogeita sei persona galeretarat kondenatürik izan zela, erreformatü fedearen pratikatzeagatik. Horietarik bat Montorikoa zen. hogeita hamabost urteko Jean Cassier, Montoriar maiastürüa, galeretarat kondenatürik izan zen 1687ko urtarilaren 18an eta nonbaiko hospitalean hil zen 1695eko ekainaren 11an.

Iban Paueko Libürüaren Saloinean sartü zen eta CEPBko mahainean eküratü zen. Prefosta, 1661ko gertakarietaz galtegin züan, han Biarnoko erreformako ministroetaz libürüa oso bat ediren züan eta bertan Büztanobi aitasemeak eta Olivier zehazki markatürik ikusi zütüan. Bat batetan alkarteko presidenta agertü zen, Chareyre jauna, Unibersitatean erakasle eta Erreformaren historiaz honenbeste libürüren egilea. Ibanek bere ikerketa xedea aurkeztü zeion eta Chareyre esperantxa güti ützi zeion, garaiko paperak desagertürik zirelakoan, halere ikertüko züala hitzeman zeion. Aste baten bürüan Chareyrek idatzi hau helarazi zeion : «Xiberoako herri honetan zure maiestatearen gobernari Tholongonko konde monsinoreari. Maule et inguruko herrietan ustezko erreformatu fedea aitortzen duten familiaburu eta beste personek umilki erregutzen dute, Jinkoaren graziaz beren jardunen burutzeko askatasuna izan dutela oratorioan baita Mauleko beraien etxetan, hala nola Mauleko errege gazteluan 80 urte baino lehenagotik, orai Maulen bizi diren ministroak atxikiz, et memoria ospetsuko Erregeak gazteluaren desegitea manatu zuenetik erreguzaleek fedeko jardunak Sohutako Domec etxe noblean egiten dituzte modu probisionalean eta bertaratzen dira gazteluaren desegin zenetik 17 urtez geroztik. Monsinore, herrian gertatu desorden eta mugimenduen baketzean sartu dira osoki erreguzaleak, zure gloriaren zaintzeko helburu bakarrarekin, desorden horiek Maulen fedeko jardunaldien berrezartea oztopatu dute, Nantesko lege-aginduak ahalbidetu izanagatik. Lehenik 2. artikuluak zehazki adierazten du erreformatu fededuner onartua zaiela jardunen antolatzea beraien herri eta gunetan, agerian eta hori 1596, 1597 urteetaz geroztik. Monsinore, erreguzaleak kasu horretan dira eta ondoan jarria den ziurtagiriak legez eta benetako izaeraz konfirmatzen du, errege prokuraiaren bermearekin, erreguzaleek Maulen eta bertako gazteluan jardunaldiak egiten dituztela 70 urtez geroztik, agerian eta biztanle guzien jakinean, ez da horretaz ezer gehitzerik, nahiz eta oztopo batzu jarriak izan diren zure lege-agiria baliatuz. Hori ikusirik, Monsinoren graziari gusta dakiola erreguzaleer bi gauzetarik bat onartzea, edo Mauleko etxeetan beren jardunekin segitzea, lege-aginduak ahalbidetzen zuen bezala, edo Mauleko dezimarioan fedearen jardunaldietarako gune baten eraikitzea, horretarako edozein oztopo eta nahaskeria debekatuz, zure maiestatearen suieter doakion lasaitasuna jarriz, eta halere jardunen segitzeko ahalmena Sohutako Jaurigoihen etxean, hau Bela Sohuta jaunaren alargun anderearena izanki, horren erabiltzeko ahalmena bermatuz eta nahastera etorriko diren jendeak baztertuz, Maulekoaren berreraikitzea arte eta justizia eginez. Lodia: Toulonjonko kondeari Mauleko Kalbinisten eskaera»

Idatziaren egüna falta zen eta Iban edireiteko lanetan abiatü zen: herrian gertatu desorden eta mugimenduen baketzean sartu dira osoki erranaldiak Beñat Goihenetxen altxamentüaren ondotik jartzen züan. Gainera Sohutako Jaurigoihen etxean, hau Bela Sohuta jaunaren alargun anderearena izanki idatziak agertzen züan Belakoaren alargüna, Belako Isaac 1660an hil beitzen. Toulonjonko monsinore delakoa Xiberoako gobernaria zen 1646tik 1671ala, katolikoa, eta honek Belzunzeko Arman Erreformatüaren segida hartü züan. Honek gaztelüan jarri Erreformatü kapera ez züan erabilten ütziko, hortakoz Maulekoaren berreraikitzea arte aipatzen zen. Ibanek izigarriko inportantzia emaiten zeion paper honi: azken menteko Erreformatü fededünen gora beherak aipatzen zütüan eta Beñat Goihenetxen altxamentüaren ondotik egina izanez, ez zütüan Brosserkoak eta Costerekoak aipatü Sohütako Jaurigoihen etxearen desegitea eta Montoriko espedizio gaitza aipatzen. Ibanentako Beñat Goihenetxek Erreformatüen kontra egin erasoak gezür hütsak baizik ez ziren, Louis XIV Erregearen ganik armadaren jinarazteko asmatürik. Eta gezürrez beterik zen gütün hortan bermatüko ziren Toulonjon Pariserik Herriari idazteko, Belako Jakes bere «Tablettes» idatzian, Jaurgaineko Jean bere libürüetan eta Txomin Peillen 2007an.

Ibanek halako sentimentü bitxi bat senditü züan sabeletik gora jiten eta Irakeko gerlaren hatsarreko itxürak jin zeitzon gogoala. Telebistan eta prentsan ikusi zütüan Sadam Husseinek prestatü «saldoen suntsitzeko armak» ontsa marrazkitürik, lürpean gorderik, teknika berrienekin eginak eta beste. Gainera Estatü Batuetako eta Inglaterrako presidenteek azpimarratzen zütüen arma horien izatea eta mündü zabalaren arrisküan ezartea, gerlaren ezinbestearen bermatzeko. Eta Iraken sartü ziren eta oro desegin, militarrak eta zibilak andanan, eta poderetik kanpo ezari Sadam Hussein delakoa. Bena delako «saldoen suntsitzeko armak» ez zütüen ediren eta animaleko gezürra izan zela agertü zen, Estatü Batuetako zerbütxüek asmatüa, gerlaren abiatzearen builtatzeko. Gezürra bazterreko prentsan eta webgünetan salatü zen, aldiz telebista eta prentsa handiek ez züen aipatü. Ibani gogoala jin zeion telebistako eta prentsa handiko arxibetan ez zela gezürraren herexarik izanen, berak Beñat Goihenetxen ustezko protestant elizen desegiteaz herexarik edireiten ez züan bezala. Berriz ere pentsatü züan «Historia»ren zepoa beti zabalik zela: komünikabide «handiek» zabaltü mezüek Historia ofiziala egiten düe, «bazterreko» komünikabide xümeek Memoria eraikitzen düen bezala. Bena bera bezalakoa arxibetan ebilten delarik, Historiako arxibak aisa atzamanen dütü, aldiz Memoriako arxiben atzamaiteko paperak azkarki karrakatü beharko dütü.

6 – 2015eko abentüa

Mahainaren gaineko paperen sailkatü beharrean zen Iban, multzoetan ezari nahi zütüan bena sailkatze manera ez züan orano ediren. Zaharoekin bildü herexak IGN kartan ezari zütüan, Ühaitz handiaren bi maxeletako hegiak kurritü zütüan eta mendixka orotan eraikuntza eta zintak ediren zütüan. Henri Lefebvrek [B.30] idatzi tesiako argigarrien arabera, lehenago, hebenko jentea ebilkari zen, batean mendian, bestean ürrüpean, lür lantzen heben, kabaleen alarazten han, bietan ihizen eta früta biltzen, egoiteko etxola arinak altxatüz eta eraitxiz, hots nomada gisan. Düala bi mila urte beno lehen lürrean kokatzen hasi ziren, egoitza iraünkorrak antolatüz. Ibanek Jakes Cazaubonen erranak ere gogoan zütüan: düala hiru mila urte Keltak hebentik igan zirenean, jenteek mendixketan gotorleküak eraiki zütüen. Ibanek bere zaharoekin herexa andana bat ediren züan delako mendixketan eta hipotesia horien üztartzen ari zen edo üztartü nahian gogoetan ari zen. IGN kartan bere herexen marrazkier so zelarik ohartü zen eskualdeka multzotzen ahal zütüala:

- mendixka gaineko eremü bete zabalak Domintxinen, Arüen eta Nabasin;

- eraikuntzak zintaz üngüratürik Ürrüxtoi-Larrabilen, Garindainen, Urdinarben eta Müskildin;

- egoitza herrokak Ozazen, Zihigan, Zunarretan, Altzabehetin eta Onizegainean;

- labe eta ateleria lüzeak Maidekorralean, Astüen, Montorin eta Hauzen.

Herexak ez ziren düdan ezarten ahal eta Iban gogoetan ari zen. Herexak bizi moldearen seinaleak ziren, jentea hola antolatü zen, lan eta bizibideek manatürik. Beraz herexa forma desberdinek erakusten zeioen beste bizibide bazitekeala. Baita ere egindüra bereziek jente multxo horren antolakuntza hanitxa erakusten züen. Gainera zaharoek eremü betea seinalatzen züen, «bete» horrek irradiatzen züan eta zaharoa okertzen zen. Jadanik «bete» horren jakin nahian ebili zen, porrü eta azaz lantatü baratze batetan edo arto alor batetan eta hor ez zeion zaharoa okertzen. Beraz eremü «bete» horietan «beste» zerbait bazela edo, eraikuntza herexek erakasten züen bezala, hor lürra barnaki erabilia izan zen, nonbaitik ekarria eta hor atetürik izan edo beste. Hola entelegatzen ahal züan lür erabili izana zeiola zaharoak seinalatzen, bena hipotesia bat baizik ez zen.

Güne interesgarrienetarik bat zen Larrabileko Gaztelütxaga izeneko mendixka. Lehenik mendixka zolan Aizager eta Gaztelü izeneko etxeak, mendixkaren üngürüan zinta largoak eta gaineko ordokian lau eraikuntza. Eta maxela hegitik gora joaitean bidexka bat, sei ürrats largokoa, eta gaineko ordokitik beste mendixkalat bürüz, bidexka berdina. Delako zinten gotor edo defentsa itxüra bidexka horrek desegiten züan. Zer defentsa eta hesola antolatzen da lau metra largoko bidexka bat erditik igaiten delarik? Ibanek ondorioztatzen züan zinta horietan lürra metatü zela lür lan batentako eta bidexkatik jentea eta kabaleak kurritzen zirela beren akodinetan. Jadanik Iban Irulegiko mahastier amiratürik so egon zen, mendi maxeletako lür gorrian ezponda hersiak antolatürik mahats ondoen ezarteko eta lantzeko. Eta holako zerbait itxüratzen züan bere zaharoek seinalatü zintetan. Gainera Larroriko bide bazterrean den Agerria etxearen alde gaineko maxelan orano ikusten ahal zütüan delako ezponda hersiak. Txilintxarekin lür lantze horien adina galtatzen züalarik hamabi edo hamabost mente agertzen zeion. Beraz bostgerren eta zortzigerren menteetako lanen ondorioak ziren, jüsto Erromatarren ondoko mentetakoak. IGN kartan Ager izeneko etxeen txerkatzen hasi zen berriz Iban eta ohartü zen eskualde batetan baizik ez zirela Ager eta Aizager izenak: Larrori, Mitikile, Larrabile, Larünze, Lextarre, Garindaine, Urdinarbe, Ozaze eta Altzabeheti. Aizager izena lehenik desopilatü züan: aüzo + ager. Mendixkan bizi zen jenteak aüzo bat osotzen züan eta Jakes Casaubonek hiri izenaren sortzea hor kokatzen züan. Hiri horietan agertzen ziren ere Sala, Jauregi eta Benta izenak bena Ager etxekoek egin behar berezi bat zükeen. Ibani Erromatarren lür sailkatzea gogoala jin zeion: bere lürlaneko baliagarri ziren eskualdeak Ager izentatzen zütüen eta besteak Saltus, hots barbaroen beste eremü interes gabekoak. Erromatarrek gari, sagartze eta mahats ekoizpenak builtatzen zütüen ager eremüetan. Erromatarren hiztegitik baratzen da ere vic herroa: vic zen aüzoa eta vicinal izeneko bideak orano badira. Ibanek hortik ikusten züan ager eta aüzager izenen erabiltea: Erromatarrek tratü egiten züen aüzo horiekin eta ager izenarekin deitzen zütüen. Ager herrodün izenak kolorez markatü zütüan Ibanek eta gogoetan egon zen. Ager izenak Erromatarren presentzia seinalatzen züan, Larroritik Altzabehetira, Garindainetik iganez, Xiberoa bitxiki traukatzen züan eskualdea zen.

Etxeen izenetaz gogoetan ari zen bezala, Iban ohartü zen izen haboroxenak kokapenari lotürik zirela: Bidegain, Bidarte, Etxegarai, Etxebehera, Etxarte eta beste. Ondorioztatzen züan jadanik hor ziren bide edo etxearen ondoan jarri etxe berriari aüzoek eman zeiela izena. Eta hari hortarik tiratzez Ibanek beste ondorio bat elki züan: aüzoek eman balin bazüen etxe berriaren izena, pentsatzekoa zen hor jarri familiak ez züala izenik, edo bestelan ere, familiaren izena ez zela baliatü etxearen izentatzeko. Horrek konpreniarazten zeion Henri Lefebvrek aipatü ebiltari edo nomada garaian familiek ez züela izenik. Ibanek hor entelegatzen züan etxearen izenaren inportantzia, hala nola ezkontzearekin familiaren izena hartzen zela eta sor-izena galtzen, eta beste. Lürrean kokatzen eta etxe iraunkorraren eraikitzen hasi zirelarik familiek izen bat ardietsi züen, etxearen izena, eta horren etxekitzeko ezkontze arauak ere moldatü zütüen. Halere Iban düda batekin zen : betiko etxeki behar zen izen horrek, absülütoki etxeki behar zen etxe izen horrek, lürrean kokatzea baizik ez züan markatzen, beraz menteetako ebiltari bizi moldearen ürrentzea ala bizi lekü iraünkor batetaz jabetzea?

Ager eta Aizager izenen eskualdeari so zelarik Iban ohartü zen hiru püntadün elizen eskualdearekin lotzen ahal züala. Ibanek jadanik gogoeta lüzeak eginik bazütüan eliza mota horrekin zeren Xiberoan bi zeinütegi mota ediren züan : zeinütegi planoak eta zeinütegi karratüak Plano horietan jarten ahal ziren zeinü lekü bat, bi edo hiru eta horien gainea pünta batekin edo hiru püntekin ürrentürik zen. Hiru püntadün elizak ageri dira Mitikile, Ürrüxtoi, Ezpeize, Ündüreine, Sarrikotape, Bildoze, Onizepe, Maulegaine, Gotaine, Irabarne, Idauze, Mendi, Altzürükü, Ziboze, Onizegain eta Astüe herrietan. Kasik Ager eskualdearen eremüa zen, nahiz eta eliza mota hori ikusten zen ere Nabarrenkose aldeko Agnos eta Viellenave herrietan. Ager eskualdea Erromatarrekin lotzeko hipotesia bat bezala ikusten bazüan Ibanek, Xiberoan Elizaren sartzea Erromatarrekin egin zelako segürtamena bazüan. Haatik bazakian Elizak gizartean bi konzeptü etengabe sartü zütüala : patriarkatua eta jabetza indibidüala. Erromatarren denboran parropiak zehaztü ziren, elizak eraiki, laborarien dexema antolatü, jabetza indibidüala aholkatü eta patriarkatüa builtatü. Adibide argiena testamentüarena zen. Aita familiakoak, etxeko jaun izandakoak, bere partea banatzen ahal züan nahi bezala eta, inportantena, Elizari, fraidetegi eta serorategier emaitzak egiten ahal zütüan. Ibanek bazakian hizkuntzan eta primützan gizon/emazte parekotarzün osoa zela. Ikusten züan patriarkatüaren gizartean sartzeko biderik azkarrena testamentüa izan zela. Ibani Viellenaveko hiru püntadün elizak konpreniarazten zeion Erromatarren komünikazio zentroa Nabarrenkose zela. Bena horregatik Xiberoako hiru pünten sortzeaz ez zakian deüsere. Ibanek idatzietan Jinko bakarreko errelijionen desgarrajeak ezagützen zütüan eta gustatzen zeion ikustea hiru püntadün zeinütegietan Jinko bakarreko fede gogorraren eztitze bat baita ere gogo zabaltze bat kanpo zabalean Trinitatearen agertzearekin.

Aspaldiko izen horietaz argitarzün bildü beharrez, Iban sartü zen Mauleko mediatekan, beitzakian hor bazela «Censier gothique de Soule» izeneko libürüa, idatzi zaharrena zelako fama züan idatzia. Libürü hori esküetan hartü züan Ibanek : Izpegi argitaletxeak argitaratü züan 1994an eta edükina Gazteizko Unibersitateko Ricardo Cierbide erakasleak egina zen, gaztelarrez, eta JB Orpustan erakasleak frantziarrera egokitürik. Haatik delako «Censier gothique» idatzia okzitaniarrez idatzia izan zen eta Michel Grosclauden ützülpen eta argitarzünak ere agertzen ziren. Sar hitzean bertan Xiberoaren izentatzeko erabili hitzek Ibanen atentzionea bildü züen: Plinio greziarrak Sibyllates, Cesar erromatarrak Sibusates eta Alfonso I Nafarrako erregeak Mauleko harrizko gaztelü gotorra 1122an eraikarazi züanean Sobola eta Soula hitzak agertzen ziren latinezko idatzietan. Mintzaje zaharretako hiztegi batetan Ibanek ediren züan Greziarrek sibylla deitzen züela geroaren ezagützeko eta honen iragartzeko dohainak zütüan emaztea. Ibani erria jin zeion ezpainetara: Sohütako maskaradetan ikusi et entzün zütüan emazte-artzainer sibylla kraka ederra ikusten zeien, nolazbait Plinek ikusi zütüan Sibyllates delakoen ariako xüxenak! Azkenik Iban idatzian sartü zen eta herri bakotxean zoin etxek zonbat pakatü behar züan zehazki agertzen zen, zonbaitek morlans sosetan bestek ogi, gari, arto eta olo ontzietan edo sagarrardu eta mahatsardu barriketan. Herri zonbaiten idazteko manera bitxiaz ohartü zen Iban, hala nola Endurein Suson / Endurein Juson eta Aucet Suson/Aucet Juzon. Azken hitz pare hau Orpustan-ek Altzai eta Altzabeheti herriekin lotzen züan, beraz suson=garai eta juzon=beheti, okzitaniarraren eta xiberoatarraren lotürak egiten ahal ziren. Iban Suson hitzari so egon zen zeren Bixoe Atarratzeko notariaren 1650ko akta bat gogoala jin zeion, honek Mendikotako erreka «Seson» deitzen beitzüan. Beraz Suson hitzak garai edo alde gaineko erran nahia zükean ordüko notari eta idazkarientako eta Mendikotan ühaitzaren Seson deitzeak erran nahi zükean alde gaineko ühaitza Seson deitürik zela. Haatik Iban ari zen txerkatzen zeren alde gainekoa zitekean, behar bada Mauleren alde gainekoa, eta hortarik jinen zen gero Saison hitza ühaitzaren deitzeko. Ibanek Izpegik argitaratü libürüa zerratü züan, bürüan honenbeste ideia nahasten zeitzolarik: data falta, düdazko erabilpena, izentatze okerrak eta ustezko interpretazio zerrenda lüzea. Azken axalean irakurri züan «Izpegik püblikoari zabaltzen düan Censier gothique da Pirinio iparreko eta bereziki Xiberoako Erdi Aroaren ezagützeko lau dokümentü nagusietarik bat, inportanteena, bere Erdi Aroko ezagütza eta informazioen zehaztarzünen gatik…».

Jüstoki Ibani hori zeion ez fidagarri, honi düdazko zeitzon Erdi Arokoa izatea eta erregearen legarrak bildürik izan zirenik ere. Berak ikusi paper zaharretan Xiberoatarrek errepikatzen züen ez zirela sekülan erregeari legarren pakatzera behartürik izan. Ricardo Cierbidek dataren finkatü beharrez gogoeta hanitx egiten züan bere lanean. Jaurgaineko Jean-en erran batetan bermatzen zen 1377 urtearen honartzeko. Jaurgaineko Jean-ek beitzion Inglesen menpekotarzünaren garaian egin zela idatzi hori. Idatzian erregeari pakatü beharreko legarra zehazki aipatzen zen, etxe bakotxak urtean pakatzekoa zehazki agertzez. Aldiz Ibanek ontsa irakurri züan XVIIgerren menteko paperetan agertzen zela Xiberoatarrek ez züela erregeari legarrik pakatzen, bakarrik Lextarreko biltzarrak erabakia eta Elizaren dexema ziren legar bakotxak. Bena Iban «Censier gothique» delakoaren datatzean edo idazte ünearen finkatzeko eztabadan sartü zen, honek libürüaren parte hon bat hartzen beitzüan. 1690an, ordüko JeanPierre Hegoburu gobernariordearen manüz, «datarik gabeko» idatzi zahar hori kopiatü züen Lextarreko idazkariek.

Ibanek Hegoburu delakoaren kargüen zerrendatzen hasi zelarik ustegabe ederra bildü züan : sekülako titülü eta kargü metatzea egin züan gizon horrek. Atarratzeko merkatari familiako gizona Brosserko Jacques-en alaba bakotxarekin ezkontü zen, emazte hau Oloroneko apezküpü Maytiekoaren küzüña zen. Familia hortarik herentziaz bildü züan gobernariorde titülüa eta holaz Lextarreko instituzioneak gidatzen ahal zütüan. 1690 urtean Mauleko baile kargüaz jabetü zen, kargü horrekin gaztelüko sos sartzeetaz axolatzen zen, bereziki zübiko eta merkatüko bidesariak, eihera eta merkatüaren zaintza. Urte hortan Lextarreko bi idazkari jarri züan «Censier gothique» delakoaren berridazte lanetan. Ibanek hor konprenitzen züan idatzi hortako «gazteluari pakatzeko» legarren erran nahia. Hegoburu Elizako dexemaren biltzeaz axolatzen zen bere baile kargüan zeren hirutan hogeita zortzi parropietarik jin olo eta ogi zakü metak sosetan biltzeko lekü egokiena merkatüa zen. Urtean 136 000 libra kurritzen zen elizgizonen esküetan eta Hegoburuko Jean-Pierre horien güzien kudeazalea zen. Ibanek entelegatzen züan nola biarnoarrez idatzirik zen «Censier» delakoak zehazten züan laborari bakotxak «Mauleko gaztelüala» eraman behar züan pakamena. Oloroneko apezküpüak bere küzüñaren senarra Xiberoako dexemaren biltzearen ardüradün jarri züan. Hegobururi titülü eta kargü biltzale trebearen itxüra ikusten zeion Ibanek : izenak ez züan «hegoaldeko bazterra» seinalatzen bena segürrago bere «Egoaren bazterreala heltürik zela.

7 – 2016ko bantaila

Ibanek argiago ikusten züan Beñat Goihenetxenen jokü : Xiberoatar zonbait, eta horietan bere herritarrak, preso sartürik izan ziren Donapaleün eta horien defentsan zen agertzen hasi 1661ko bedatsean. Peyrekoak lür komünetaz eta Jüstizia eskübideetaz jabetzeko lana hasi züan hogeita bi urte lehenago. Ondotik hamarnaka auzi, debekü, preso sartze eta zorpetze heltü zen. Eta hilabete hanitxez preso etxikirik egon ziren, heltüko ez zen auzi baten haidürü. Aldiz Xiberoako legean hilabete bat baizik ez zen norbait preso egoiten auziaren haidürü. Hortarik landa kondena beste nonbait egiten züan edo arrunt libro elkitzen zen. Donapaleün preso etxekitzea injüstizia handia zen ordüko Xiberoan. Xiberoako gobernariaren hütsaz baliatü zen Peyrekoa «errege eremüaz» jabetzeko 1641an eta ondoko urtean Lextarreko kargüdün zonbait bildü ziren berrerosteko eta talde bat Parisera igorri züen errege kontseilüan horren ardiestera. Iruriko ama semek 40 000 libratan erosi züen. Bena Aramitzeko Marie amak 30 000 librako gain jartea egin beitzüan, berrerostea 70 000 libratan zen azkenean eta beste 20 000 libraren jesaitera behartürik izan ziren. Lextarreko biltzarrak berrerostea deliberatü züan. Haatik sos jesaitea ez zen Lextarreko egoitzetan egin bena bai Maytie apezküpüaren jauregian. Iban ohartü zen jünta hortan bazirela elizgizonak, burges-merkatari zonbait bena ez Herriako zindika.

Ibanek ikusi züan nola ondoko urteetako paperetan Herria sailekoek « ustezko mailegüa » salatzen züela eta horren ütürria hor zen. Sos jesaitearen aktan ez ziren Herriakoak hor eta Ibanek ez zakian zertako. Edo elizgizonek ez zütüen abisatü, ez zütüen kümitatü edo jesaite molde horrekin Herriakoak ez ziren ados eta ez ziren agertü. Sos mailegüaren tratüa Maytieko apezküpüak, Urdinarbeko komendari Chaboskoak eta Pagolakoa bikario orokorrak antolatü züen. Hiruak Oloronen bizi ziren eta mailegüa Oloroneko eta Paueko aberatsetan ardietsi züen. Berme ziren Mesplesko eta Moneinsko baruak, biak Xiberoan egoitza zonbaiten jabe eta Biarnoko parlamentükide. Iban ohartü zen ere Lextarreko kargüdünek harreman barnak zütüela Biarnoko kargüdünekin. Brosserko gobernariordea Ortezekoa zen, anaia Biarnoko parlamentükide züan. Costereko prokürarea San-Goineko abadiakoa zen. Ibani agertzen zeion hor Herriaren baztertzeko nahiarekin batean, Oloronen Xiberoako dexematik ontsa bizi ziren elizgizonen eta Biarnoko burges aberatsen üztartze azkarra. 1642an abiatü egin ahalak hüts egin züan 1643an. Pariserik Allande Oihenart abokata eta Pierre Bonnecase Herriako zindika arra jin ziren, 38 000 libra Pariseko bankü batetan ützirik, Oihenartek 3 000 libra sakolan eta Meharon abokatak 6 500. Afera 32 500 libra kosta zen bena mailegüaren likidatzea ez zen egin. 1661an orano Moneins eta Mesples baruen ondokoek 150 000 librako zorraren pakatzea galtegiten züen, urtean 4 000 librako interesa sakolan sartürik ere. Mailegüan parte hartü züan Maytiekoa 1646an hil zen eta urte hortan heltü zen Toulonjonko kontea gobernari kargüala. Zorraren aferaz ohartüko zen bena gobernaritza ez beitzen hortan sartürik, bazterrean lo ützi zükean.

Ibani ez zeion aisa konprenitzea nola zorra hola aitzina handitzen ützi züen Lextarreko kargüdünek. Edo Toulonjonko kontearen gain ützi züen aferaren konpontzea, hau Peyrekoarekin tratü zerbaitetara heltüko zelakoan. Edo nahitara ützi züen usteltzera, zorraren hiru-laurdenaren pakatzea Herriaren gain beitzen, zorra handiago eta sail horren menperatzeko parada handitzez beitzoan. Noblezia saileko kideak, epaile-lürzainak, jabetza gütikoak, Xiberoako lege zaharraren errespetüaz eta bazterretako lür komünen zaintzeaz axolatzen ziren. Haatik horien multzoa ttipitzen ari zen, berrogeita hamazortzi titüludün izanagatik, hogei bat zen arraheinki biltzarretarat heltzen. Herria sailekoak, laborari, merkatari eta ofizialeak aldiz saldo handiagoan ziren bena dirutza ttipikoak horik ere. Aldiz Toulonjonko kontea «Petit Versailles» baten eraikitzen ari zen Semeac herrian. Brosserko gobernariordea Maytie jauregian bizitzen hasia zen eta Costereko prokürareak Etxarri Amitxalgün etxalte handia bildü züan. Elizgizonak ere Elizako dexemaren parterik handienaz jabetzen ziren eta dirutza eder eta arraheina zen.

Auzi eta zorpetze horien üngürüan Ibani agertzen zeitzon Noblezia eta Herria sailen ahültzea eta elizgizon eta burges aberastüen indartzea. Ibani Udalbiltza afera jin zeion gogoala. Erakunde hau eraiki zen eüskal herrietako kontseilüen artean eskualdeen arteko alkartarzünaren pratikan ezarteko, hala nola eskualde aberatsenek praubeenak lagüntzeko. 2001 urtean Alderdi Jelzaleak erakunde hori ützirik züan eta Batasunaren gain baratürik zen Udalbiltza. Hona non, Xiberoaren egoera larriaz jakinean, Xiberoako xede ekonomikoen süstengatzeko sos bilketa bat abiatü züan Euskal Herri osoan. Xiberoako Herri Elkargoako presidentak eta bi kontseilü orokorrek gütün bat prentsan zabaltü züen, azpimarratzez «…ez ezazüela nahas alkartarzüna eta ahalkeraztea. Xiberoak arrenkürak badütü bena ez dü karitatea egiten…» Üdüriala exker abertzalearen süstengüaz ahalke ziren ordüko hiru kargüdünak. Alde batetik Herri Alkargoak egin ahalak egiten zütüan leküko xedeen builtatzeko sos lagüngoen txerkatzez frantziar eta europear egitüretan. Bestaldetik, Xiberoatarrak ere baziren Udalbiltzaren kanpainaren barnean. Berek honartü bezala, ez züen hiru kargüdüner Xiberoako xedeen süstengatzeko baimena galtegin. Pataska horren üngürüan Ibanek ikusten züan frantziar egitüretarik sos biltzeko bide egokia eta beste probintzietako exker abertzaletik hel litekeen lagüngoa ez-egokia. Ondoko üdako pastoralean Ibanek ezagütü zütüan Oiarzuneko eta Zizurkileko jente zonbait, bihotz honez sos biltze kanpainan lan eginik eta 400 000 euroren biltzean parte hartzeaz harro. Ibanek ez zeien aipatü hiru kargüdünen ahalkea, min sobera egiten zeion hari pentsatzeak. Pastoraleko giroan sartürik, hainbestetan filmetan ikusi Erromako Senatüko itxüra jin zeion gogoala Xiberoako hiru kargüdünen itxüratzeko. Peko herrokan senatür gaztea zaharren nagiaren ausarki salatzen eta gaineko herrokan senatür zaharrak ofentsatürik, lerden, noble beno nobleago izan beharrez, oihalezko arropa lüzea besoan bildürik, ezpainak tinko eta begia basa.

Berantxago Ibanek beste sos bilketa baten herexa ediren züan Atarratzeko Bixoe notariaren aktetan: «1663ko martxoaren 20an, Onizeko Bouldore etxearen aitzinean bildürik dira, alde batetik Oliberonko Pierre, Begeriako Jean, Argateko Miguel eta Bereterrecheko Jean eta beste aldetik Arsako Gratian, parropiako ordezkaria. Parropiaren ordaisariko Oliberonek 40 franko, Begeriak 20 fr, Argatek 36 fr, Bereterrechek 20 fr, Etchandik 20 fr, Uhaltek 20 fr, Uturraltek 20 fr eta Irigoinegaraik 33 fr pakatü behar düe eta Arsakoari galtegiten düe ordaisariaren apaltzea. Arsakek ihardesten dü parropiako kideer aipatüko düala.» Ibanek hor dexema famatüaren proba bat ediren züan. Parropia bakotxak laborarien ekoizpenen hamarretarik batekoa biltzen züan eta hori aspalditik, Erromatarren garaian ezari legearen ondorioz. Iban ohartü zen urteko ordaisaria ez zela nola nahikoa. Ordü hetan idi pare gazte bat ehün frankotan saltzen zelarik, Onizeko laborari horien partea handi zen eta beste parropietan ere berdintsüa zatekean. Gainera ordaisari finkoa zen, aitzinetik erabakia, etxalteko ekoizpenen araberakoa eta ez urteko ekoizpenen neürketa batek emana, nolaz bait etxalteak pakatü beharreko saria, aspalditik finkatüa. Ibanek eraiki züan ere laborariek ordaisariaren apaltzea galtatzen züela jüsto Lextarreko zorraren pakatzeko urtean.

Dexema horrekin lotüra züan afera bat gogoala jin zeion Ibani. Alain Bordak erran zeionaz, hamazazpigerren mentean Eskiulako laborariak auzitan izan ziren Pauko parlamentüan frütatze afera batentako. Parropiak frütatze ororen emaitzak kontütan hartzen zütüan dexemaren neürtzeko, Biarno osoan egiten zen bezala. Eskiulako laborariek aldiz zerrailüetako frütatzeak kontatzetik aparte ezarteko galtatzen züen arau bat aitzinean ezartez. Atarratzeko jaunak zütüan Eskiulan jarri Xiberoako arauekin eta arau horietan sagardoi eta beste frütatze alorren barnekoa zen kontütan hartzen dexeman. Zerrailüetako frütatzeak dexemaren kontatzetik kanpo ziren. Eta Pauko parlamentüak honartü zeien Xiberoako araua. Ibani aisago zeion konprenitzea zerentako orano ere hainbeste frütatze ikusten ahal züan Xiberoako alor eta soro bazterretako zerrailüetan.

8– 2016ko apirila

Bordeleko arxibategian sartü zen Iban eta eraikuntza handi hortan Xiberoako XVIIgerren menteko paperen galtoa egin züalarik batzarri hona egin zeioen. Bere departamentüko arxibak oro ikertürik zütüan eta Bordeleko parlamentüko eta Lagüntzen korteko erabaki kontra errankorrak jadanik begistatürik zütüan. Batak zion Moneins eta Mesples baruek xüxenka zorraren biltzeko eskübidea bazüela, besteak ezetz eta horien ondorioz altxatü ziren armetan Herria saila eta Beñat Goihenetxe. Iban egin molde bitxi horien entelegatü nahian zen eta harat artino joan zen, zorte hon batek zerbait argigarri eskentüko zeiolako esperantxarekin. Eta ezezagün dokümentü bat ediren züan, frantziarrez idatzia prefosta eta berak eüskaralatürik, hola agertzen zen: «Iruriko konde, zaldun, Peyreko Arnaud Jeanek erregutzen du umilki, agorrilaren 3ko bulegoaren ordenantzaren burutzeko gisan. Agorrilaren 26an aurkeztu zen Barnecheko Pierre jauna, bulegoari erakusteko Zure Maiestateak saldu Xiberoako bizkonderri eta eremuaren tituluak, Iruriko jaunaren eta bere ama zenduaren alde izendatu komisario jaunek idatziak, zehazten direlarik bizkonderriaren eskumenak, salmentaren ordainagiriak, erreguzalearen finantzen gehitzeak eta eremuaren berrerosteko baldintzak (…) Agintzen da gastuen aztertze eta likidazioaren burutzea, berak aurkezten dituen agiri eta frogen arabera, eta gainera eskatzen zaio, hilabete honetako 5an egin duen bezala, Xiberoako bizkonderri, eremu eta honen eskubideen saltzeko beti prest dela, 104 516 libra eta 10 solen diru-itzultzearekin, beste gastu eta domaiak ere berdin likidatuak izanen dira eta diru-itzultzea etortzen den epean, parropia eta lurretarik alde eginen duelako engaiamendua, guzien akta eman zaio agorrilaren 16an eta kopiak bulegoko idazkaritzan utzi dira, noizbait beharra izatekotan. Guienako finantzen bulegoan, 1668ko irailaren 10an.»

Ibanek jadanik arxibetan ikusi züan Barnecheko Pierre Peyrekoaren abokatü lanetan eta heben berreroste akta hontan Peyrekoaren eskübideen defentsan agertzen zen. Peyrekoak 1641an 40 000 libratan erosi züan errege eremü famatüa Louis XIII erregeari eta Louis XIV semeak 104 516 libratan pakatzen zeion 1668an. Ibani erranaldi batek atenzionea bildü zeion: « Zure Maiestateak saldu Xiberoako bizkonderri eta eremuaren tituluak, Iruriko jaunaren eta bere ama zenduaren alde izendatu komisario jaunek idatziak.» Erosleak ama semeak ziren eta ez, libürüetan agertzen den bezala, semea bakarrik. Nahiz eta Peyrekoaren Xiberoaz jabetze nahiak 1662 urtetik aitzina Erregeak baztertürik izan, amaren hiltzea egürüki züan eremüaren berrerosteko, Aramitzeko Marie, Peyrekoaren ama, 1667an hil beitzen. Honek lehen semea 1598an sortü züan eta Ibanek ordüan hogei urte emaiten bazeion, 1667an lautan hogeita bederatzü urtetan zentü zelakoa ondorioztatzen züan. Aramitzeko Mariek azken hirutan hogei urteak Iruriko Elizabean iragan zütüan eta Peyrekoa ez bazen sekülan honarat agertü, berak zütüan konterri eta beste pataska güziak hotsaman.

Andere horren izaera agertzen züan 1638ko afera Ibanek berriz hartü züan. Lextarreko korteko paperetan agertzen zen inkesta baten txostena: 1638ko Jondane Johanez, Iruriko Dufaur Joanes Aramitzeko Marieren gizonek arrestatzen züen eta Oloronerat eramaiten. Han, Lannes-ko senexalordeak galeretarat kondenatzen züan eta Toulouserik igan ondoan bere herexa galdü zen. Bere aita eta osaba, Dufaur Menaud eta Eneko, Atarratzeko merkatüan Joanesen libratzeko sos biltzen izan ziren eta hantik ützültzean, Iruriko elgean, Aramitzekoaren zerbütxariek erasotü zütüen: Menaud aita eho eta Eneko larriki kolpatü. Erasogileen izenak agertzen ziren: Lexantzü Altabegoiti, Gamere Eiherezki, Mendikota Bereterretxe, Atarratze Perenaud, baleztaz, fusilez eta zastakaiez armatürik. Lextarreko Korteak inkesta egiten züan bena Johannes delakoa Oloronen galeretarat kondenatürik eta Toulon hirialat eramanik zen jadanik. Ordüko Lextarreko gobernaria Belzunzeko Arman zen, Protestanta, Aramitzeko Marie bezala, eta hola konpreni liteke lege ürratze horren laxüan üztea. Gainera Menaud-en ehortzeta egünean Aramitzeko Mariek elizako zeinüen joitea debekatü züan. 1668ko akta horren azken lerro bat Ibani gustatü zeion : parropia eta lurretarik alde eginen duelako engaiamendua. Jakinez Peyrekoa parropia hanitxetako jüstizia eskübideetaz jabetü zela, hor erregearen gizonek eskübide horietaz desjabetzen züen klarki. Pariseko Tournon karrikako hotel handia saldürik zükean Iruriko jauregi handiaren eraikitzeko eta bere konterrian hamahiru etxezain, aroztegia eta teileria baizik ez zütüan. Herria saileko Xiberoatarrak hein bat kontent ziratekean zeren hogeita bederatzü urte iraün züan pataskaren ürrentzea hor ofizialki Frantziako erregeak sinatzen beitzüan gogoetatü züan Ibanek. Lür komünak, mendietako eta herrietako bazkagiak, Lextarreko biltzarraren eskü ziren osoki eta Justiziako ürratsak oro Lextarreko Kortean eginen ziren. Peyrekoaren eremü eta jüstizia eskümen ükeiteko egin ahalek hüts egin züen.

Soziologoek egin ahal hori berfeodalisatzea deitzen düe, leheneko aristokratek feodalisatze nahi argiak bazütüen, adibidez Agaramonte dükeak, eta honi bidearen mozteko Uztaritzeko biltzarrak 9 500 libra eman zeitzon Lapurdiko eremüaren erostetik aparte egoiteko. Garai hortan burges eta aberastü berriek, azkartzen ari zen giza taldeak, lür jabetze gogoa züan, aberastarzünari ospe handiago baten emaiteko gisan. Hola ziren Nafarroako eta Aragoiko lür komünak aberatsen eskü sartü eta bertako laborariak horien zerbütxari bilakatü, mente zonbait geroago Maulerat jinen zirenak espartingintzako langile, sorleküko miseriatik ezkapa. Haatik Biarnon, Lapurdin eta Xiberoan lür komünak herritarren kolektibo kudeaketan egonen ziren orano hamarkada zonbaitez. Akta horren irakurteak Ibani bihotza alageratü zeion : Xiberoatarrek berfeodalisatzea gibelarazi züen, aski kosta balin bazeien ere. Haatik kostüa ez züen berek finkatü bena bai Moneins eta Mesples baruek eta haiekin ebilten zirenek. Ibani gogoala jin zeion Matalazen aldarrikapena : frantses zorrikeriaren ohiltzea. Zorriak beti Maulen eta Lextarren ziratekean bena Xiberoatarren odolaren xurgatzeko ahal mendreagoekin, Ibanek hola itxüratzeko gogoa züan. Horregatik aisago konprenitzen züan zertako Belako Jakes-ek eta Jaurgaineko Jean-ek, biak burges berri ildokoak, ez züen beren idatzietan espanto handirik egin akta honekin, aipatü gabe ütziz, agitü ez balitz bezala. Herritar xümeen garaipenak ez beitü historia handiaren idazten lagüntzen.

9 – 2016ko seteme

Ibanek hamazazpigerren menteko arxiben üngürüaren ürrentzeala zoala gogoan züan. Departamentüko arxibategiaren ikertzeak ez zeion beste argitarzünik ekarten. Historia libürüetan irakurri züan Lextarreko jüstizia Kortea senexal kategorian jarririk izan zela 1690 urtean, Louis XIV erregearen erabakiz eta arxibetan ez zen deüsere hortaz agertzen. Jüstizia saila eramaiten züen lürzainentako erabaki latza ziratekean bena ez zen horien kexürik ihon agertzen. Ordüala artino Lextarreko jüstizia Kortea jüstiziabürü zen, independentea, kausa zibil eta kriminalak lürzainek jorratürik, 1520an François I. erregeak honartü bezala. Korte horren erabakier Bordeleko parlamentüko kortean dei egiten zen eta honen ordezkaria Lextarreko prokürarea zen. Senexal mailarekin Pauko parlamentüko legegizonen menerat igan zen eta holaz errege epaileek züen lürzainen leküa hartü.

Iban ohartü zen 1640 hamarkadan Amiküzen eraman erreformatzeko eztabada lüzeetaz eta horien ondorioz Donapaleüko jüstizia senexal mailan finkatürik izan zela, jadanik Uztaritzekoa ere senexal korte bilakatürik zelarik. Xiberoako lürzain güti agertü zen 1641ko Lextarreko auzi nausian, urtean bietan egiten zen hartan. hamahiru lürzain ziren epaile lanetan eta 1660an lürzainak bildü zirenean 15 000 librako zor partearen banatzeko, hamazortzi baizik ez ziren mahainaren üngürüan: «…Arueko Valentin San Martinko bizkonte jauna, Ezpeizeko Jean potesta jauna, Sarrikotako Isaac potesta jauna, Abadieko Arnaud Costere Amitxalgunko potesta jauna, Belaspect Salomon Undureineko Domek jauna, Zibozeko potesta Martinko Pierre Ziboze Salako jauna, Congetko Pierre Ozazeko potesta jauna, Sarrikotako Pierre Altzuruku Urrutieko jauna, Arue Olhasarriko Arnaud jauna, Altzai Irigaraiko Pierre jauna, Mendikotako Cazenave, Sarrikotako Garrie Onize Carrere jauna, Irabarne Jauregiko Joseph jauna, Hauze Undurainko Pierre jauna, Martinko Pierre Ozaze Jorgaineko jauna, Zuhara Peysko Jean Pierre jauna, Cazenaveko Bertran Onizepeko Saldun jauna eta Sartillonko Pierre apeza, teologian dotore, Altzaiko erretor eta Santagraziko kalunje, Lakarriko potesta eta Athagiko jaunaren ordezkari, berari sinaraztea bere gain hartzen duelarik justiziako zigorren menpe…» Eta zorraren pakazale lürzainen zerrendak berrogeita sei izen züan. Beraz, mente hatsarrean hirutan hogeita zortzi lürzainen zerrenda balin bazen, 1660an berrogeita sei titülüdün baizik ez zen eta horietan hamazortzi baizik ez bilküralat heltzeko heinean.

Ibanek pentsatü züan üsatü bezala erraiten ahal züala frantziar erregeak züala Xiberoako antolakuntzaren parte bat desegin bena honartzen züan lürzainen saila oso aurritürik zela. Flakezia hortaz erregearen ordezkariak baliatü ziren desegiteko eta, aspalditik amesten züen bezala, lürzainen ordez errege epaileen ezarteko. Protesta idatzirik ez edireiteak bermatzen zeion flakezia ideia hori. Ibanek desegiteko bidean zen leheneko orden baten herexetan bazabilako sentipena züan. Xiberoa lürraldea beregain egon zen mente zonbaitez, hortarako bazütüan Lextarren biltzarra afera orokorren arauen erabakitzeko: mendiko bazkagiak eta olak, bideak eta zübiak, parropietako elgeak eta familien hontarzünen zaintzeko legeak. Baita jüstizia Kortea desadostarzünen konpontzeko biltzarrak idatzi Ohidüra Idatziaren arabera. Prefosta, Nafarroako eta Frantziako erregeer fidelitate hitzarmenak eginez. Mendixketan eta gotorleküetan ebiltez Iban ohartü zen lehenago beste antolakuntza mota bat izan zela zeren hamalau edo hamasei mente lehenagoko bizileküen herexak agertü zeitzon mendixketan, batean etxeak bestean lantegiak eta aizeolak.

Iratiko Milagate hegian edireite ederra egin berri züan: Organbideko olatik gora joaitez, gaineko ordokian harrespilak ikusi zütüan, harri txütez markatürik. Popol mendizaleak erakutsi zeion Larrainerik horra zen leheneko bidearen helgia, arroila zabal bat mendi maxelan. Horren bazterretan irradiakako zaharoak paseatü zütüan eta exkerreko aldean hiru aizeola agertü zeitzon, düala hogei mente kobre eta brunze hurtarazten erabiliak izan zirenak. Esküinaldean aldiz “rubalise” zintekin herexak markatü zütüan eta egoitza bat agertü zeion, barnea hameka metra lüzekoa. Metra bat largoko mürrüek egoitzaren gotortarzüna seinalatzen züen. Egoitza hori aizeoletako egin beharretan ezarten züan: meakina eta zur inkatza axolbean eta idorrean etxeki, metal hurtüa metatü, metala lantzen zuen ofizialeak aterbetü eta beste. Etxerat heltü ondoan Iban sartü zen Dominique Ebrard-ek idatzi «50 ans d’archéologie en Soule» libürüan, horko 213gerren ostotik landa aipatzen beitzen Milagate V izeneko harrespilaren ikertzea, harrespil hau Ibanek ediren egoitzatik hogeita hamar metrotan delarik. Arkeologoek üsatzen düen bezala, ikerketa bürützen züan erranez düala hogeita hamar mente harrespila artzain-laborari hilen ohoratzeko lekü bat izan zela. Ibani kontakizün hori orai eskas agertzen zeion. Zeren aizeolen izateak günea metalgintza baten üngürüko jenteen beharretan kokatzen züan : meakin eta inkatz karreazaleen beharrak, aizeolakarien beharrak, obratü metalaren bestetarat eramaitea eta honen baliozki trükatzea, beraz omerzio egitea. Jakinez ere ekonomia horren jabeen nahiak eta manüak hor gaüzatzen zirela.

Ibanek harrespileri edireiten zeien ofizio desberdin horien markatzeko eginkizüna, behereko familia handi edo leinü zonbaiten eginkizüna, eskümena edo jabegoa behar bada, ez beitzüan asmatzen lehenagoko giroa potere gose, jeloskeria eta borrokarik gabe. Haatik sei harrespil alkarren ondoan, jabegoa desberdin eta alkarren aüzo, bakezko bizitzaren seinale zeitzon. Sei harrespilen alkarren ondoan ezarteak erakusten zeion sei familia independiente güne horren kudeaketa kolektiboan. Gainera arkeologoek harrespilen erabiltea artzain eta laborarien gain ezarten züela ikusirik, Iban gogoetan jarri zen eta düala hogei mente zer artzaingoa zen ote jakin nahian zen. Ardi eta ardi gaznarik ez zen orano aldiz zaldi, behi, ahüntz eta xerri bai. Xerriak haritz eta bago oihanetan eta zaldi eta behiak gaineko bazkagietan üdürikatzen ahal zütüan, artzainen etxolak pean eta gainean. XIIgerren menteko paperetan xerrien komerzio handia agertzen da, bereziki heben hazi eta Nafarroako merkatüetan saltzeko lekükotarzünetan. Aizeolen erabilteak beste mündü bat agertzen zeion, ekonomiko mündü antolatüago bat bere inkatz, meakin eta metal karreatzeekin baita horien komerzio harremanetan, zonbat nahi hürrün egin ziratekeenak. Eta IGN kartan idatzi Milagate hitza Meagarate hitzarekin ordezkatzen züan, hau «miagate» ahozkatzen beita, mea baliatzen zen lepoaren erran nahiarekin. Arkeologoek harpetan eta trikuharrietan ediren gaüzak Akitaniarik Kantabriara zabaltzen ziren eskualdean baliatzen zirela segürtarzünez erraiten düe eta Itheko trikuharrian aurkitü buttoek hori bermatzen düe. Jentea hanitx kurritzen zen lan trükatze eta komerzio beharretan baita errito güneetan ere egoiten zen. Ibanek üdürikatzen züan persona bat Eauzeko harpean margo bati so, gero Zihigako harpeko margo baten aitzinean eta beste zonbaiten artean Santimamiñeko harpekoari begira. Margo bakotxak ipuinaren zati bat agertzen eta margoak oro ikusi ondoan, ipuin osoaz jakinean, oraiko marrazki bizietan bezala, margo bakotxak bere erran nahia erakusten zeiolarik.

Ibani itxüra andana bat jin zeion gogoala bat batetan: Herria sailekoak ehünka bildürik Xilbieta mendixkan, Lextarren zorrikeria txapeldüna, Donapaulen presoak, Sohütako bataila, Matalazi bürüaren moztea. Altxamentü horrekin Xiberoatarrek burgesen feodalisatze nahia eküarazi züen eta gastü handia agertzen zeien: Calvo 20 000 libra sakolan eta Noble gazteak etxeetan ebatsi ürrezko bitxiz zaküak beterik joaiten, berrerostearen zorreko 130 000 librak Lextarrek pakatzen eta Louis XIVek Peyrekoari 104 000 libra emaiten. Haatik itxüra gogorrena Sohütako batailaren ürrentzekoa zen: Calvoren manüz, 100 presoak 400 hilen biltzen eta zilo batetan metatzen, gaüza lazgarria. Jakinez beste hainbeste gaztek ihes egin züala Nafarroako lürretarat. Ibanek beste gisaz sogiten zeion Lextarreko Kürütxe Xuriari. Matalazen oritzapenetan egin zen ümen bena segürrago ordüan hil ziren 405 Xiberoatar hilen omenez. Ohartü zen Etxahun Irurik « Matalaz » patorala idatzi züala et bi aldiz jokatü zela : Eskiulan eta Pariseko Xiberoatarrek Parisen, biak oraiko Xiberoako lürraldetik kanpo. Xiberoaren historiako trajedia inportanta izanik ere beste herrietan ez ziren horren jokatzera ausartü. Aldiz Lüküzeko barua, Beaumontarrekin Aragoitarren Nafarroan sartzean parte hartü züan traidore handia, Atharratze jauregia pastoralak ospatü züalarik.

Ibani gogoala jin zeion Joseba Sarrionandiaren «Oroitzera eseri» titülüdün idatzia. Hor asmatü züan hogei urte hartan Matalaz beti presontegian zela jakin züela gazte zonbaitek. Hortik elk eta berekin eraman züen, berriz erreboiltaren abiatzeko xedearekin. Bena bidean gazteak ütsü eta zahartürik zen gizon batekin nola erreboilta eraman galtokan ari ziren. Urdiñarbeko karrikan idatzi horrekin ikusgarri ederra egin zen. Oroitzera eseri (oritzeko ttotto jarri) titülüa bitxi ediren züan, kontatzeko edo berriz aipatzeko ttotto jarri, haurrei ipuin baten kontatzeko bezala, goxoki. Barkoxen gaztetan üsü egon zen Josebak Xiberoatarren izaera ontsa ezagützen züala bere idatziak agertzen züan: zakienak goxoki kontatü, ttotto, ausardiarik gabe. Holako historia latzak merexi zükean txütik eta harroki kontatürik izatea bena ez, Xiberoatarra ikusten züan ttotto kontatzen, ausardiarik gabe, funtsean beste herrietan Matalaz pastoralaren jokatzera ausartü ez zirenak bezala. Etxahun Irurik idatzi züan « Iruriko jaun kontea » pastorala, bere etxearen aitzinean jauregia altxatü züanaren trajedia. « Hiru Mosketariak » eleberriak Frantziako historiako lekü hoberenean ezarri zütüan Peyreko mosketariaren lagünak. Ibanek bazakian departamentüko arxibak ez zütüala Iruriko laborariak irakurri. Haatik ikusten züan Frantziako historia ospetsü horrek ez züala ütsütü eta ontsa senditü züala Xiberoatarrek egari lazgarrikeria. 1966an Irurin jokatü pastoral hortan Beñat Goihenetxen hil aitzineko kantorearen hitzak Gregori Aranenbordak hola airean zabaltü zütüan :

Argi leinürüa goizean jeiki zaükü Lextarreko plazan, Kürütxe Xurian.

Ürrats baratx batean, harat Matalaz doa, tristerik gaixoa, soldadoen artean.

Bi esküak algarri nolaxe tinkatürik, kriminelen gisan, tiran bizkarrean.

Gilotinara bürüz, hori zer lazkeria, izigarrikeria, ez denean ogendant.

Ene Mitikile, oi sorlekü maitea, banüan deseina lüzaz bizitzeko

Hire bake handian, hire boztarioan, hire besoetan ontsa gozatzeko.

Jaun konte txar horien pretentzione handiak sobera zeiztadan popülüarentako.

Orai hil behar düt bena nahiago düt hori eziz bizi Jaun horien esklabo.

Adios Xibero, zazpi probintzietako, ene ustez orotan, xokorik goxoena.

Ützi behar zütüt pena handirekilan zeren heltü beita ene azken orena.

Parkatzen düt dener Jinkoarek bezala. Begira dezazüen ene oritzapena.

Borreoa, orai nük hire gomendioan, egin ezak arren gustüan hire lana.

  • De la souveraineté à la soumission

    Le Basque d’autrefois, s’est fait une réputation… Sommaire 1 – L’h…
  • A la recherche de Matalas

    I – Préambule 2016 Iban voyait bien plus clairement l’histoire de Bernard Goyheneche. Ce d…
  • Du temps de Matalas

    II – Octobre 1640 En voyant Olaberria après avoir franchi Erbeche, Erramun se sentit plus …
Charger d'autres articles liés
  • De la souveraineté à la soumission

    Le Basque d’autrefois, s’est fait une réputation… Sommaire 1 – L’h…
  • A la recherche de Matalas

    I – Préambule 2016 Iban voyait bien plus clairement l’histoire de Bernard Goyheneche. Ce d…
  • Du temps de Matalas

    II – Octobre 1640 En voyant Olaberria après avoir franchi Erbeche, Erramun se sentit plus …
Charger d'autres écrits par etxart
Charger d'autres écrits dans Matalazen aztaletan

Laisser un commentaire

Consulter aussi

Gure arbasoak

1 – 360eko agorrila Odegitarren taldea Larramendirik elki berri zen eta bidexkan baz…