Accueil Matalazen denboran Matalazen denboran

Matalazen denboran

0
0
182

 

1 – 1640ko ürrieta

 Erbexeren gibeletik Olaberrialat bürüz abiatü zen eta honen bistalatzean Erramunek hatsa hartü züan. Olaren ondoan orano ardiak bildürik ziren eta artzainak mintzatzen ahal zütükean. Herrenagarik abiatü zen argitzean eta aize hegoa epelarekin aisaxka egin züan bidea, gorritzen hasten ziren iraztorren gainti. Ordokian hüilantü arau, hobeki agertzen zeion olaltea, korrale ondoan dozena erdi bat jente eta ardi saldo handia. Mila bat bürü neurtzen züan eta itxüra horrek abiatze baten asmüa emaiten zeion. Bere ardiak olatik behera ekarri zütüan aitzineko astean. Ez zen artzain beharretan jinik Olaberriala bena bai Lakarri Domekako etxeko jaunarekin mintzatü nahian. Famaz baizik ez züan ezagützen, bera beno gazteago zen eta aitaren segida hartü berri züan. Aita ezagün handia züana hil berri zen eta semearekin nola mintzatü behar züan gogozkatzen ari zen azken egünetan.

Herrenaga lagüntzera jin ziküzü, bereixtea aisago dikezügü. Ala saldo handi baten ikusteko nahiak zütü honara ekarri ? Oihüstatü zeion Domekako Juanek, Erramun hüilantü ordüko, botz alagera batekin.

Juan hogei bat urteko gizona zen, handi, bilo beltz lüzeak xingola batekin bildürik eta begi berdeekin xüxen sogiten zeion. Erramun erri goxo batekin egon zen, mintzatzeko manera ezin atzamanez. Juanen erranetik ohartü zen aitaren hontarzünetaz harro zela. Bera laborari ttipi izanez, bi familien artea goizan pentsatüa beno handiago agertzen zeion orai. Zeren Domekarenak ziren ola zaharra eta ola berria, bertan mila bat ardik eta berrehün behik igaiten züen üda lau artzainekin Bostmendietako larreetan. Lau artzainak, Domingo, Estebe, Pette eta Kose ardien artean ziren Juanen bi mitilekin ardien banatzen eta korrale kanpotik Juan galto arrapostükan. Landesetarat negüaren igaitera abiatzeko egüna zela ohartü zen Erramun. Domekak Lextarreko potesta6 eskübidea ontsa baliatzen züala eta Juanek gertakariaren antolatzeaz agertzen züan griñak erakusten zeion geroan ere hola izanen zela.

Arrastirian ixtant bat bazünükea, otoi ? Azken aferetaz berri nahi nikezü, ausartü zen erraitera Erramun.

Begia belztü zeion Juani bena gogotik elekatüko zirela ihardetsi zeion eta artzainen gana joan zen, saldoaren abiatzearen zaintzeko. Belozkarren behera herrokatü ziren, artzainak aitzinean eta artean, Juan eta mitilak gibelean, horietarik batek zaldia kabastütik etxekitzen züalarik eta Erramun ondotik.

Berantago, Erramunek karrika erdiko etxe ederreko borta jo züan eta Juanen gana lagüntürik izan zen. Ez züan orano mintza molde egokirik ediren bena nola edo hala heltüko zelako esperantxa bazüan:

- Semea eraman ordüko Marisantz jin zela Büztanobiren ikustera eta, bitxi zitazüt hori, semearen ondotik joaiteko ordez edo Zibozeko Domekaren ikustera edo… Hasi zen emeki Erramun, jadanik mahainean jarririk zen Juanen ondoan ttottotzez.

- Nik ere ez dakit holakoetan zer egin nezaken, gogoala lehenik jiten dena segür ere. Protestantekin düzü afera, hori bai, bena Büztanobiko Jakes gaixoa, aferatik hürrün ikusten dit. Ene aitak erranen zeizün haboro, bai segür. Jakes gizon ümila eta zühürra düzü. Fedea baizik ez dizü aipagei, ordüan enetako aspergarri düzü. Bena zük, zer nahi düzü ? Bota züan segidan Juanek, Erramuni begietara soginez.

- Ni, beste hanitx bezala, egün hartako gertakariak harritü nizü eta ene gogoa argitü nahi nizün, ihardesten hasi zen zühürki Erramun.

Ez zütüt haboro lagüntzen ahal, moztü züan Juanek eta jeiki zen.

Erramunek ere kanporako bidea hartü züan, eskerrak emanez eta plaza bazterrean jarri zen, üngürüka ari zeitzon ideien herrokatü beharrez. Juanen hatsarreko batzarri hona goxo senditü bazüan, elealdiaren mozteak iharrausi züan. Ezaxolakeria horren gaztetarzünaren gain ezartea zen aisena. Haatik senditzen züan ber denboran Juanen aldetik ez haboro mintzatzeko gogoa edo ez sobera hitzegiteko nahia. Berriz mintzatzeko paradarik ez züan ikusten. Halere Protestantekin düzü afera orano entzüten züan. Protestanten gerla aspalditik ürrentürik zen bena lazgarrikeria horren gibelean poteredün Protestanta ediren behar züan. Güti jiten zeion gogoala : Belako Isaac Sohütan, Belzunzeko Arman Maulen gobernari eta Aramitzeko Marie Irurin, honek bai diru zabaltzeko ahala agertürik züan hanitxetan. Behera abiatzean Büztanobiren etxe aitzinetik igan zen bena ez zen Büztanobi gaztearen berri galtatzera ausartü. Erramunek bazakian Büztanobikoek Protestanteen zeremoniak egiten zütüela Sohüta Belakoaren jauregian, Mauleko gaztelü ondoan, Iruriko Aramitzeko Marieren etxean eta Montoripeko baserri batetan. Marisantz semearen berrietara Büztanobiren etxera jiteak seinalatzen zeion honek harreman xüxena bazükeala bizkonte gobernariarekin, biak protestant fededünak beitziren. Gogoeta horrekin ützüli zen Herrenagala.

Ondoko astelehenean Atarratzeko merkatüan üsatü ützülia egin züan eta ostatü zonbait kurritü. Heipe erdikoan ikusi züan Zibozeko Domeka sartzeko mahain batetan jarririk beste bi gizonekin. Goratik mintzo ziren, ostatüa arrada beterik beit zen, ez züan jakin ahal izan zertaz ari ziren. Partitzeko txütitü zirelarik, hüilantü zen Domekako Martiz. Ixtant bat galtegin zeion eta algarren ondoan jarri ziren, algar ezagützen züelako marka emanez. Martik Ibar exkerreko potesta kargüa züan eta Lextarreko giroaz galteginik, xeheki ihardetsi zeion : aferak ontsa bazoatzala Kortean. Aldiz biltzarretan ez zela haboro agertzen Belzunzeko Arman gobernaria, eri eta ahültürik zela ümen. Hortakoz bere ordez igorten zütüala biltzarrealat Xarles semea eta gaztelüalat Bertran beste semea. Nahaspuila gaitza zela, Iruriko Peyreko semeak gaztelüa eta jüstizia bere ganatü nahi zütüalakoz, eta honek erosi errege eremüaren arra erosteko talde bat joan zela Pariserat. Konfiantzan zen Erramun eta galtegin zeion Bereteretxen ehaiteko manüa nontik horra zen asmatzen züanez.

Bai, lazgarrikeria hori ene lürretan agitü dük. Lextarren ihork ez dakik hortaz deüsere edo ez die erran nahi, segürrago. Hebenko persona bat ehorik izan dük jüstizia Kortean aipatü gabe. Ez dük haboro legerik. Gü zinez iharrausirik gütük. Ehün behi saldü zitian Nafarroan, üsatü bezala eta beste hanitx bezala. Ez dük hori aferaren herroa, beste zerbait badük. Ihardetsi zeion pausüki Martik.

Eta Protestantak ? Jarraiki züan Erramunek.

Hik ere hori ! Martik begiak altxatü zütüan etsipen keinüz. Belzunze familian ez dakiagü nork zer egiten düan. Baliteke bai. Frantziako erregeak Espainiako erregeari gerla deklaratü diok. Protestantek bermatzen die xede hori. Batailak badütük Flandrian, Italian eta Kataluñan. Izigarrikeriak bazter orotan, bena horietarik hürrün gütük heben. Ez deat haboro erraiten ahal. Dagün astean biltzarra diagü eta behar bada zerbait argitüko zitak. Nik ere jakin nahi beitüt afera horren funtsa.

Domekako Martik jeikitzeko keinüa egin züan, esküa Erramunen espaldan pausatüz eta, txapel biribila bürüan ezaririk, makila esküan, kanporat abiatü zen.

Erramun so egon zeion eta kapa llabürrak estaltzen züan korpitz lerdenak ohartarazi zeion Martik üsatü kraka noblea zaintzen züala. Ostatüko arrabots bizian egon zen ixtant batez entzünaren harikatzen. Ez züan berri handirik jakin zeren Andreu zinegotziak7 jadanik Lextarreko eztabadetaz jakinean jarri züan bena Martiren gogoeten berri züan jakin nahi eta orai bazakian. Ideien freskatzeko Pielle ostatüala abiatü zen, hanko kantarien aireak beharrietara heltzen zeitzolarik. Sartü ordüko üsatü mahaintak ediren zütüan: Lakarrarena, Altzaiarrena, Larraintarrena, Barkoxtarrena, Ligiarrena, Zihigarrena, algarri dritxokan eta koblakan, ororek eman kantoreen artetik. Ligiarren mahainean Dordorragako Pettiren ondoan arte bat ikusi züan eta han jarri zen. Pettik bizpahiru pastoral idatzirik bazüan eta azkena, Magalona izenekoa, Erramuni zinez gustatü zeion. Lehentze agertü beitzüan emazte gazte bat bere gisa antolatzen, hospitale baten montatzen, senargeia gerlalat joan izanagatik, aitametarik aparte. Emazte süjet hori ausarta kausitü züan eta Petti estimü handitan züan. Pettiri kontatü zeion Lakarriko Juanekin batzea eta hau erriz hasi zen. Kantore baten ürrentzean Lakarrarer eta Altzaiarrer bürüz kobla bat bota züan: «Lakarriko Juanek begi ejer Hau ezkontzez Atagik handi plazer Atagiarrak kanpoan hasik eder Euri dagonian etxerat laster.» Erri karkazak zabaltü ziren eta Pettik bazakian Merexe Lakarrarrak edo Larramendi Altzaiarrak ihardetsiko züela bertan. Bi lürzain etxeen jüntatzeak elealdi soka lüzea sortürik züan jadanik eta Atagiarren erran zaharraren sartzeak piper doia ekarten züan ostatüaren berotzeko. Erramuni Petti koblakan gustatzen zeion. Berak ez züan jite hori, idatziz nahiago zütüan hitzak herrokatü, paperean, denbora hartüz bere sükaltean. Berantxago Pettiri erakutsi zeitzon jadanik idatzi bertsoak eta bat ahapetik kantatü zeion: «Bereterretxek oheti neskatoari eztiki / Habil eta sogin ezan ageri denez gizonik.» Pettirik segidan ihardetsi zeion «Ave regina caelorum» ahaidea egoki zela trajediaren itxüratzeko eta gertakariak bertso hanitxen pasta emaiten züala. Jarraikitzeko düdak aipatü zeitzon Erramunek, hala nola Margarita esküetan odolaren biltzera jitea ez züala entelegatzen. Petti llabürzki mintzatü zen:

Uf, hori beste saltsa bat dük. Ezpeldoiko familia hori berezia dük. Alargüna lehotik ororen begistatzen, alaba gehiena beti otoitzean, bigerrena Ezpeldoipeko kabale saldoaren harrotzen eta azkena andere handi eta orotan kurri. Honek badik jadanik hameka gizon inganatürik. Habil hi jakitera zer saltsetan badabilan orai !


2 – 1642ko agorrila

 Maytiekoen jauregi aitzineala heltü zenean, Zibozeko Martiri bidean zütüan usteak segürtamen bilakatü zeitzon lehen soan : zaldi güti eta karrosa hanitx, gütitan batzen zütüan jente ospetsüen artean sartzera behartürik zen. Oloroneko apezküpü Maytieko Arnaud-en kümitüa üken züalarik aste bat lehenago, ez ohiko deia üdüritü zeion bena azken hiru urtetan hainbeste ez ohiko gertakari ezagütü beitzüan, bere potesta ardürarekin jarraikitzea erabaki züan segidan. Iruriko Peyreko Jean Parisen bizi zen aspalditik, gerla gizon lanetan arrakasta bildürik. Louis XIII erregeak Xiberoako errege eremüak saltzetan ezari ondoan, Peyrekoak eta bere amak erosi zütüen. Legeak ahalbidetzen züan Lextarreko biltzarraren esküetarat berriz ützültzea bena gobernaria ez zen agertzen, Belzunzeko Arman eri zen ümen. Martik harritzeko nahaspuila ikusi züan : Belzunze seme bata gobernariorde, bestea gaztelüko kapitain, biak nahiant bena deüsere entelegatzen Xiberoako Ohidüra eta ebilmoldeetan. Bordeleko parlamentüko kortealat eta Pariseko errege kontseilüalat berreroste galtoak igorri ziren eta ezezkoak ützüli bertan, azkena Pariserik maiatzean. Pariserik Peyrekoak egin ahalak egiten zütüan gobernari kargüaz eta gaztelüaz jabetzeko eta ber denboran Lextarreko Korteko jüstizia ahalmenen bereganatzeko. Martik pentsatzen züan han egin adixkideetaz baliatüko zela Lextarreko berrerostearen trabatzeko. Zibozeko familian potesta kargüa beti estimü handitan zaintü zen eta Martik tristezia handia senditzen züan ikusten zütüalarik Lextarreko Korte eta biltzarra intrabaleko egoeran.

Maytiekoen gelabürüak lehen selaürüko gela nausiala lagüntü züan eta hanko tximinia handiari bürüz eküratü zen nora joan ez jakin : bi kaidera herroka üngürüan, tximinia ondoko mahain ttipi batetan bi gizon jarririk, lüma esküan, bi notari segür ere, eta jente zonbait txütik elestan. Lehen soan bat baizik ez züan ezagütü, Irabarne Jauregiberriko lürzaina, eta hari hüilantü zen segidan, nolazbait ezinegonaren baztertzeko. Haatik Maytieko Arnaud apezküpüa gelan sartü zen, lerden eta ürratsa anple, bilo xurien zehaztearekin adin berekoak zirela pentsatü züan Martik. Maytiekoak oro agurtü zütüan eta bilküraren xedea zehaztü : berreroste bürütü ezina, Lextarreko biltzarraren kinka larria, gobernariaren falta eta Xiberoako instituzioen zaintü beharra. Eüskara ederrean mintzo zen, Martiri gustatü zeion azken urteetaz egin züan errepaso eleganta eta hitz goxoek xarmatürik, beha egon zen. Haatik errepasoan hütsüne bat agertü zeion eta kaideran arrabildü zen : horik oro hala ziren bena aferaren funtsa bazter baratzen zen. Berea ez zen eremüa saltzetan ezari züan erregeak eta Peyreko mosketariak erosi züan gordaxka, Xiberoarekin deüsere aferarik ez züalarik. Irabarnekoari sogin züan eta honen begietan ediren züan ezinegon bertsüa. Maytiekoak zehaztü züan xedea: Oihenarteko Allande eta Bonnecaseko Pierre errege kontseilüala bidaltzea berrerostearen gaüzatzeko, hortarako emanez 40 000 libra berrerosteko eta 20 000 libra bidaje eta egonaldiarentako. Sosaren jesaiteaz mintzatü zen Chabosko Domingo, honek Oloronen ezagützen züalakoz mailegazale bat, urtean 4 000 librako interesarekin 60 000 libra emanen züan Monclako abadea. Notariekin egin zen jesaite akta eta sinazale izan ziren Ithorrotze Abadiekoa, Muskildi Abadiekoa, Bildoze Casenavekoa, Gotaine Arbideko Chabosko Domingo eta Irabarnekoa. Martiri afera egoki zeion, zerbait ausart egin behar zen eta Oihenartekoaren hor izateak segürtamen bat emaiten zeion, zeren Herriako zindik ezagütü züan eta ohartü zen bere Ohidüraren errespetatzeko axola handiaz.

Kanpoala heltü zirelarik Irabarnekoari eskentü zeion kantüko ostatüala joaitea eta segidan han sartü ziren:

Bitxi egin ditak, hasi zen Irabarnekoa, lürzain bakotxa nündüan sinazaletan, ez zitak batere goxo. Apezküpü jauna bai bena besteak oro merkatari edo notari, ez dakiat norat ari giren.

Aitortü behar diat nik ere ez dütüdala ontsa ezagützen, jarraiki züan Martik, gainera sos aferetan Chabosko Domingo zinez jakintsü agertü dük.

Prefosta, horrek sos mündüa ontsa ezagützen dik. Urdiñarbeko komendari dük, Gotaine Arbidearen jabe, Oloroneko kalonje eta apezküpüaren iloba izateak bide egiten lagüntü likek. Düala hameka urteko afera batetan fama bildü züan. Oloroneko apezküpüak Xiberoako dexematik lodi biltzen züan, urtean 4 000 libra han nonbait, Frantziako erregeak laurdena galtatzen zioan gerlaren egiteko eta Maytiekoak ez ardit bat ere emaiten. Hortakoz Frantziako elizgizonek xüxenka sos biltzea erabaki züean, Arbideneala heltü eta Arbidekoak oldartü eskopeta, sarde eta aküilüekin. Asmatzen dük komedia ! Eta elizgizonen ordezkariak esküak hütsik joan zütüan.

Erriz historiaren gozatzen ari zirelarik ostatüan sartü zen Muskildi Arruteko Pierra, Arbaila handiko zinegotzia eta Zibozekoak deitü züan:

Errak Pierra, haügü gurekin, hik erranen deikük nolakoa den Chabosko Domingo.

Nolakoa den ez dakiat, mahainean jarri zen Arruteko Pierra, ez gük nahi bezalakoa pürü. Ez dük Urdiñarbeko aferetaz batere axolatzen, erretora doi doia pakatzen dik bena zeinüa erdiatürik dük eta ez dik berritzen. Alta biltzen dik dexema ederra, pentsa, Muskildi, Urdiñarbe, Idauze, Mendi, Garindaine eta Bildozeko laborarien dexema, urtekal 3 000 libra nonbait han, hogeita hamar idi paren balioa. Ospitalean ez dük deüsere praube eta kurrizaleentako. A bai, lau gela badira xahürik bena beretako, bere lagünekin Napalera ürzakara jiten deneko, eta praubentako deüsere. Kalunje eta zonbat nahi jaunkilot ! Behar ere beste gisako jentea badük heben. Goiz hontan Bereterretxe notariaren etxen nündüan, Ahetzalteko Pierra Larrestegarairen testamentüaren jakilegoan. Üsatü testamentüa, berrogei meza, kantoreak eta apezen sariak bena iloba bakotxari lau libra üzten dik, alta hamalau badik eta Adamet primüaren alabari 300 libra üzten dik ezkontzen deneko. Laborari ttipia bena bihotz handikoa ! Ale, üzten zütüet, noiztenka etxerat agertü behar beitüt.

Irabarnekoa eta Zibozekoa memento batez egon ziren ostatüan elestan, Xiberoako gertakari eta egoeraren jorratzen. Irabarnekoarekin egonik Marti hein bat kontent zen, Maytienean senditü ezinegona barreatü beitzeion, nahiz eta funtsezko gogoetak beti beitan üken. Ostatütik elkitzean Martik so bat egin züan Harrixuri etxeala, arraheinki horrat jiten zen biltzarrarentako. Kanpoko itxüra Xiberoako egoeraren miraila üdüritü zeion : atzineko mürrüan erdioak agertzen, bi leho okertütik, biek konpontü beharra agertzen züen. Marti bera bortü eta alagien erabilteaz axolatzen zen betidanik, bere aitak egin züan bezala. Bostmendieta, Intxuriste et Iratiko bazkagien üsaintxak zorrozki zaintzen zütüan : kabaleen harat honaratak, artzain ezaxolen zigortzeak eta lür komünen begiratzea. Lüzaz lehiatü zen Belzunze gobernariarekin sail hortan, honek lürren alokaidean ezarteko nahia agertzen züan, «affièvement» aktekin gaztelüalat sos habororen biltzeko. Aldiz Martik eta Muskildiko Pierrak mügen ezarteko egin ahalak egin zütüen. Bazka leküak salbatü zütüen, alokaideak iraztorretan eta beste sasi patarretan baizik ez beitziren emaiten orai. Marti bazoan Maytieko jauregiaren eretzean estekirik ützi züan zaldiaren ganat. Jauregiaren aitzineala heltzean goizanko Maytieren mintzaldia gogoala jin zeion, bereziki errege eremüaren saltzearen bazter üzteaz ohartü zen.

Alta beretako hor zen aferaren funtsa: Louis XIII erregeak saltzetan ezari züan errege eremü izeneko zerbait, berea ez zena. Erregearen meneko gaztelü-gotor, merkatü, zübü, eihera eta oihanak ezagünak ziren eta horik oro gobernariak kudeatzen zütüan. Lürraldeko beste egin beharrak, bide, zübü, oihan, bazkagia eta besteak Lextarreko biltzarraren eskü ziren. Hortaz ontsa jakinean zen Zibozeko potesta Marti, François Lehenaren denboran egin tratüak ontsa ikertürik beitzütüan, horien biltzeko esperantxarik ez zeion ikusten Peyrekoari. Haatik Peyrekoa Parisen balin bazen bere arropa ederren paseatzen, bazakian ere bere amak egin ahalak egiten zütüala Iruriko konterriaren famaren handitzeko. Bere semearen sosekin Aramitzeko Mariek nahi züan Xiberoa osoa konterrian sartü. Jadanik gaztelüaren eta lür komünen jabetzean hüts eginik züan eta orai parropietan jüstizia eman nahi züan, zonbat nahi abokatü, epaile eta prokürare bazütüan bildürik Iruriko Elizabean, Lextarreko Kortearekin lehiatzeko. Eta bere legegizonek aktak « Iruriko konte » aren izenean sinatzen zütüen. Gogoa alageratü zeion Martiri : erregearen lagün handi izateko fama züan Iruriko konteari erregeak faltsükeria ederra egin zeion. Deüsere ez züan « errege eremüa » saldü zeion. Irurikoak aize baizik ez züan ediren 40 000 libreen trükean. Martik gogoan züan Herrenagako Erramuni aipatü behar zeiola: ixtoria horrek kantore bat merexi züan !

 


3 – 1640eko abentüa

 Atarratzeko merkatüan üsatü üngürüaren egiten ari zen Herrenagako Erramun eta xahalak bildürik ziren leküalat hüilantü zen, biga eta xahal herroka ederrak merkatü bazterra oro betatzen beitzüan. Erramun bera ardietaz axolatzen zen haboroenik, etxalte ttipia züan Etxebarre bazterrean eta horiekin bizitzea gustatzen zeion. Haatik aüzo zonbait behi saldo handien eraikitzera heltü ziren eta horietan ere begia etxeki nahi züan. Jente andana bazen üngürüan, mitilak, jabeak, tratülantak eta bera bezalako küriosak. Hürrünetik txapel biribil batek seinalatü zeion Zibozeko Marti eta hari bürüz abiatü zen, aitzineko merkatü batez üken solasaren jarraikitzeko nahiarekin. Kantüan egon zen eta taldetik elki zenean Martik agurtü züan:

To, Erramun, hitzen herrokatzea ützirik, xahalen herrokala jinik ! Nik egünko afera eginik diat, Izaltzuko Domingok hartü ditak bi xahal eta kontent nük, Biarnesak beno hobeki pakatzen dik honek. Sarrixe heipean emanen deat Lextarreko berri. Jüstoki, Goihenetxeko Ximun hor dük eta mintzatü behar hüke.

Erramunek eztiki ihardetsi zeion ez züala Ximun aski ontsa ezagützen holaxe ausarki hüilantzeko. Martik brauki xehetarzünak ehün zeitzon : Lakarrerik jin zela Idauzeko Goihenetxeko alabarekin ezkontzera, Lextarreko biltzarrean Jeinteineko lürzaina ordezkatzen züala eta jarrera honekoa üdüritzen zeiola. Gainera Lakarrekoa izatez Baxenafarroako aferak ontsa ezagützen zütüala. Erramun ohartü zen Belako Jakesen emaztea Lakarrekoa zela baita Urdiñarbe Ahetzeko jabea ere Amikuzen bizi zela. Hor tiratzeko hari bat agertzen zeion, ustegabetarik, eta Ximunen gana abiatü zen.

Geroxago Pekoin ostatüan ziren jarririk Ximun eta Erramun, lasaiki mintzo. Ostatü hortarat biltzen ziren tratülantak eta xahal saltzaleak ere bai, prefosta, bena orai hüsten ari zen, xahalen merkatüa finitzera beitzoan. Xahal eta behien hazkuntza aipatü züen lehenik, Ximunek Idauzeko larretan behi andana bat bazkarazten züan eta arrestiri hortan biga bat ikusi züan Montoriko Cazauren saldoan, gorrail ülün kolorekoa, gustatü zeion eta segidan erosi. Bere troparen edertzeko nahia senditü zeion Erramunek. Pinttoa manat eta Bereterretxen afera kontatü zeion. Haatik xehetarzün beno galto haboro agertzen zen bere erranetan, eta aski fite Belzunzeko Arman-en segidaz galtegiten hasi zen.

Gizona ez dük haboro ageri bena bi seme gehienak haren leküan agertzen dütük aspaldixkatik, kontatzen hasi zen Goihenetxeko Ximun. Bertran haren ordez Mauleko gaztelü bürü agertzen bada, Xarles Donapaleun baile eta Lextarren gobernariorde jarririk dük. Ez diat uste biltzarrak lan handirik emaiten deion, ez eta Korteko kausen begistatzeak, küjüberia arruntak dütük. Aldiz Donapaleüko bailegoa beste dük, berak ahal dik nahi düana arrestatzen, preso sartzen, isunak emaiten eta gero düe epaileek jüstiziako estalgi bat ezarten. Xiberoan oso bestela dük, hebenko poliza lanak epaileen meneko dütük, han aldiz bailea dük jaun eta jabe. Badakik justiziaren erreforma martxan dela Baxenafarroa orotan, berrogei urte hontan hasirik eta orano tiraka handiak badütük.

Bena giro hortan ez diat konprenitzen zertako jin den honarat basakeria horren egitera, ihardetsi züan Erramunek. Larraine Xiberoa gainean dük eta Baxenafarroarik aski bereix.

Jüstoki, hor dük bai giltza, tiraka handiena dük jüztiziabürü mailaren galtzea, orain arte Lextarrekoa bezala, Donapaleüko epaitegia jüstiziabürü züan. Bena Paueko parlamentüaren meneko ezaririk izan beita, senexal mailara eraixtea erabakirik izan dük, hortakoz aferak berrogei urte iraün dik. Eraixte hortan dütük ere errege ofizierrak, horiek frantziar erresuman ikasketak egin ditie eta hebenko epaileak ez ditie ikusten ahal ere eta hor bere karta jokatü nahi dik Xarlesek. Frantziar armadan ofizier egonik, harro agertzen dük, errege ofizierren süstengüa badik eta bailegoaren primantza agertü nahi dik. Ximun Goihenetxe anpleki mintzo zen. Lakarreko familia batetan sortürik zen eta askazgoa azkarra bazüan Nafarroako Ursuakoekin. Horien bidez etxen hazi behi eta xahalak Nafarroan aisago saltzen zütüan. Düala aspaldi Jeinteineko alaba Ursuako semearekin ezkontü zen eta biak Ameriketako lürralde berrietarat joan ziren. Geroztik Ursuakoek Jeinteineko etxe eta lürrak zaintzen zütüen eta ürrietan egonaldi bat egiten, hebenko ürzoen txestatzeko gisan. Jeinteineko etxea estimü handitan züen eta potesta-epaile kargüa hütsik balin bazen, Ximuni galtatzen züen Lextarreko biltzarrean presente izatea eta Jeinteineko potestaren ordezkari bezala agertzea.

Izan liteke bai, jarraiki züan Erramunek, düdakor. Hain basaki jokatzea bere indarraren agertzeko, bena zerentako Johaine Bereterretxe ?

Jarraik ezak ildoa enekin, Louis XIII erregea Espainarekin gerlan dük, Espainiako armada aragi beharretan dük eta behiak prezio honean erosten ditik. Nafarroaren gainti behiak eta xerriak epantxürik gabe igaiten dütük, hebenko jaunek ez die deüsere erraiten, adibidez Agaramontekoak kieto dütük, ordüan nor da heben Louis XIII erregearen defentsan agertzen ? Belzunzeko Xarles !

Beste ardu pintto bat bildü züan Erramunek, nolazbait Ximunen ele üholdetik elkitzeko. Erranak xüxen izan litekean bena Baxenafarroako giroa ez züan ezagützen, bereziki jaun eta errege ofizierrena, Xiberoako errege ofizierren joküa ontsa ezagützen ez züan bezala, funtsean. Historia bertsotan kontatü nahi züan eta Ximunen erranekin gaixki senditzen zen. Behar züan berriz lürrealat ekarri eta galtatü zeion:

Eta zerentako Larrainen hartü, bizirik eraman Ezpeldoiala eta han eho ?

- Horren arrapostüa Amiküzeko legean dük, ihardetsi zeion Ximunek, ez lege arruntean prefosta bena gertakari latzetako legean, eta hor dük Belzunzekoaren abilezia edo nik erran nezake abrekeria. Espainiako armadari behi saltzea Frantziako erregeari « maiestate-damü » egitea zela konsideratü dik eta kasü hortan baileak ogendantaren segidan ehaiteko ahalmena badik. Eta zertako Ezpeldoian ? Lege berrak zehazten dik salazalearen aitzinean bizia ebakitzen dela, beraz salazalea Ezpeldoiko norbait dük.

Erramun aho zabalik baratü zen, bizkar ezürrean ikara senditzen züan eta pentsatü züan bere ezinegonak algarrizketa gaixki finitzera eramanen züala. Godaleta hüstü züan eta Ximun eskertü bere argitarzün baliosentako. Bera baratü zen orai hütsik zen ostatüan eta bere bürüa ere hütsik senditü züan. Bere etxerik jadanik Ezpeldoi alteari so egonik zen, üngürüneko mendixka ejerren arteko lepoari so, hor agitüaren entelegatü nahian. Haatik beharrietan sartü berri zeitzon hitzek ez zeien haboro lepo hari so egoiteko inbearik emaiten.

 

 4 – 1650ko ürrieta

 Apanize erreka ondotik horra ziren Zaldakiko Joanes, Onabeherako Johano eta Basagaitzeko Gaxenaut, hoinez eta makila esküan. Olibero zolan haidürü zütüen Monahonteko Pierra eta Jauregiko Petiri eta bostak bürgialat abiatü ziren. Ürrietako denbora ederra zen, iratzeak gorri eta üsü soa Iparraldealat xüxentzen züen ürzo saldo baten ikusi nahian.

Afera hau plegatüko dügü azkenean, mintzatzen hasi zen Monahonteko Pierra, gaztena izanez, gazte ezinegonaren ezin etxekiz. Badü bi urte Andüreinekoak aipatü zeiküla eta bazterreala heltü behar lüke behin. Eraizeko alagia gizenen kurritzea berantzen zeit.

Ene ustez Agramontekoa ez dük presan, bazter orotan beste hontarzün hanitx beitü, jarraiki züan Onabeherako Johanok. Andüreineko hau dük Erüsoko olaz bere bizkarretik elki nahian. Alta olalte nasaia dük eta naba hortarik kabale hanitx kurritzen dük Belaguaren behera, batere epantxürik gabe. Gerla horrekin zerbait ikusteko badikek.

Ez dük hori baizik, arra hartü züan Monahontekoak. Ene kosia Peirehorrada altean ebilten dük, kabaleen kurritzea gero eta gaitzago düe gisala eta Landesetan pino lantatzen ari dütük, alagiak debekatüz. Agaramontekoaren saldoaren bazkagiak ürritzen ari dütükek.

Alta Agaramontekoak hiru ehün gazna eta axuri arraheinki biltzen zitian ümen, ihardetsi züan Basagaitzekoak. Erüsoko artzainek bizipide ederra ziean bai. Lehenik Zozateko olan eta gero Erüson, gaine hortako kurrigia zabala eta nausia hürrün, hori dük artzainaren ametsa.

Gogoetan jarriki züen bürgiala artino eta hara heltzean hiru gizon ikusi züen bide bazterreko lehen etxearen ondoan. Andüreinen etxe ederra zen eta hor züen jüntagünea. Hauzeko bi laborari ziren hor, Irigoiheneko Domingo eta Etxekaparreko Allande eta bestea aldiz Montori Karrereko Beñat, Hauze Mainuko primarekin ezkontürik zena. Zortziak algarretaratü ziren eta kartieleko berri eta ürzakaz moalkan egon ziren ixtant batez. Berehala agertü zeien Andüreineko Pierra eta goxoki agurtü zütüan:

Jinkoak deizüela egün hon. Züen heben ikusteaz kontent niz, züer esker Erüsoko olaltea Hauzen baratüko da. Düala berrehün urte Andüreineko familia eta Agaramonteko familia jüntatü ziren eta Agaramonteko Grazian Hauzeko aferetaz hanitx axolatü zen, meatzeak eta aizeolak eraiki zütüan, holaz jente hanitx lanean jarri zen heben. Lextarreko biltzarrean ere agertü zen behin. Orai aldiz aferak azkarki opilatzen ari dira, Agaramonteko Antoine Erregearen kortean da üsü eta hanko manüen jarraikitzera behartürik da. Frantziak Espainari gerla egiten deio eta hebenko tratüak zonbaitek begi txarrez ikusten dütüe, alta aspaldiko üsaintxak baizik ez dira. Terranobako balenaren biltzea ere debekatü deie Lohitzüneko arrantzaleer eta itxas ontzien egitea zinez apaltü da, ez düe haboro hebenko bürdüinaren beharrik. Ohartü zideen bezala aizeolak eküratürik dira. Destorbü handia da. Agaramonteko Antoinek Espainaren kontrako gerla hortan müga zaintü behar dü eta bekaxkerien baztertzeko, horko hontarzünen saltzeko erabakia hartü dü. Ah, prokürare jauna horra zaükü !

Ordüala arte ixilik egon ziren laborariak baztertü ziren zeren ziuntan heltzen beitzen karrosa handi bat. Lextarreko prokürare Etxarteko Xarles hantik elki zen, kapelü biribila bürüan ezartez eta bere ondotik Bixoe, Atarratzeko notaria. Etxartekoak oro agurtü zütüan eta Andüreinekoak besotik hartürik, etxerat sartzeko bidea hartü züen. Etxe barneko salu zabalean sartü ziren eta mahain lüzearen üngürüko kaideretan jarri. Etxartekoak zakütik paper zonbait elki züan eta mintzatzen hasi zen.

Afera honen bazterreala heltzekotan gira. Düala hilabete Pauen egon nintzan Agaramonteko Antoine dükarekin eta Erüsoko olaltearen saltzeko arauak finkatü güntüan. Horko gaznak estimü handitan zütüan eta olaltearen saltzeko beharrak dolü egiten zeion bena Andüreineko askaziarekin egonen beita, erabakia ez zaio hain gogor agertü. Lextarreko sarjentak saltze balioa estimatü dü hein hontan : ola eta tresnak mila libra, ehün behi eta bederatzü ehün ardi hiru mila bost ehün libra, erdia dagün astean eta beste erdia dagün martxoan, biak Bidaxüneko erretorari helaraztekoak. Honartzeko gisan zaüzüe ?

Dirutza handia düzü bai bena ürrietan sartürik beitgira, ez dizügü lüzatzerat üzten ahal, ihardetsi züan Etxekaparreko Allandek, taldeko zaharrena izatez besteen izenean mintzatzeko ahala bere gain hartüz. Haatik kabaleen zonbaki eta kalitateen segürtatzea nahi ginikezü. Ixtant bat hartüko dizügü gure artean aipatzeko.

Etxaitzinean jarri ziren zortzi laborariak eta jakin berri züen eskentzaren jorratzen hasi ziren. Etxekaparrekoak erran zeien nola agorrilan Erüson egon zen eta bi artzainekin mintzatü. Bata Bereterretxeko Petiri Larraintarra zen eta bestea Larratzeko Domingo Zaraitzuarra, biak aspalditik artzain ofizioan, batean Erüson eta bestean Landesetan. Behi saldoa ikusi züan, behi gorrail eder andana, zezen bat, lautan hogeita hamar behi eta berrogei bat xahal. Etxartekoak aipatü ehüneko behi saldoak eztabada sortü züan eta artzainen gordezko irabazia hor argiki agertzen zen. Bena hori ez zen Hauztarren afera, horien arrenküra zen behi ederrenen esküalatzea eta artzainen joküaren artetik baliagarri zerbaiten biltzea. Halere pakatü beharreko dirutzaren ezagützeak lasaitü zütüan, uste beno apalagoa zen eta zortzi laborarien artean aisa heltüko zirelako üdüripena züen.

Berriz sartü ziren saluan eta Etxartekoa notariak prestatü idatziaren irakurten hasi zen, lehen erranaldiak üsatüzkoak izanez, laborariek ez züen kasü handirik egin bena pasarte batetan erne jarri ziren: «Xiberoa herrian Gramonteko marexalak düan abere saldoa osorik, xeheki herrokatzez, 103 idi, behi, xahal eta mota hortako beste eta 901 ahari, ardi eta axuri, denak dük jaunaren bi artzainek Etxartekoari presentatürik setemearen 14 eta 15an, horregatik Etxartekoak zonbaki hortarik baztertü edo galdü abereen balioaren eskübidea etxekitzen dü, baita Andurein jaunak eta lehenago aipatü besteek artzainen ganik zonbaki xüxenaren garantia etxekitzen düe (…) erdia 2 250 librakoa da, sosetan pakatzekoa dagün astean, ürrietaren 10an Bidaxüneko Salinis jaun erretorari eta beste erdia, ber heineko 2 250 librakoa, sei hilabeten bürüan pakatzekoa date, hots 1653ko apirilaren 2an, sosetan, Bidaxüneko jaun erretorari edo düke jaunak izentatü beste ordezkari bati ; eta pakamen horren egitera alkartarzünez eta bata bestearentako behartzen dira Basagaitz, Jauregi, Etxekapar eta lehen izentatü besteak …».

Ürrentzeala beha egon ziren oro ixilik eta ihork ez beitzüan deüseren xüxentzeko asmorik agertzen, Bixoek sinatzerat kümitatü zütüan. Etxartekoa eta Andüreinekoa joan ziren sinatzera eta laborariak kieto egon ziren. Nahiz eta erdiak bazakian ontsa sinatzen eta idazten, algarrekin egon ziren, ez berexi nahiz edo behar bada paperaren zolan beren sinadüraren ez agertzeko. Notariak paperak bildü zütüan eta kanporat abiatü zen, laborariak ondotik, aldiz Etxartekoa eta Andüreinekoa elkarrekin elestan egon ziren mahain bürüan. Karrosalat joanik zen Bixoe notariaren gana hüilantü zen Irigoiheneko Domingo eta Etxartekoa etxetik elki artino elestan egon ziren, karrosaren kontra bermatürik. Berantxago Andüreinekoak bortala lagüntü züan Etxartekoa eta beste güziak agurtü zütüan, ondoko asteko hitzordüa emanez. Karrosa joan ondoan laborariak bide bazterrean egon ziren ixtant batez eta Irigoiheneko Domingo kontatzen hasi zen:

Igaran hilabetean alabaren ezkontze kontratüa egin dügü bere etxean eta holaz Bixoe nitaz orit zen. Honentako Andüreinekoak karga handia bizkarretik elki dü egün, semea armadan dü Agaramontekoaren konpainian eta Bereterretxen ehaiteak sortü lehia ez düe orano gaintitürik, Belzunze semea Amikuzen, Aramitzeko Marie Irurin eta beste Protestantak Biarnoan, tiraka handiak badütüe. Itxüraz Agaramonteko dükeak bere anaierdia Maulen ezari dü horren xüxentzeko bena hau ez da honarat üsü agertzen.

Eta horrek Erüson saltzearekin badüa zerbait ikusteko ? galtegin zeion Monahonteko Pierrak.

Bai eta ez, Güienan eta Bordelen nahasketa handia dük Fronde izeneko lehian bena Espernonko eta Agaramonteko dükeek errege gaztearen aldea gogorki defendatzen die. Heben Agaramontekoak Espainiarrak Fronde hortarik bazter etxekitzeko kargüa dik. Bena harremanak etxeki nahi ditik, komerzioa ere bai, prefosta, sos sartzen beitzaio horrekin ere. Eta Bereterretxen ehaitearekin Protestantek agertü die Eraizerik kabale hanitx bazoala espainiar armadalat. Ordüan, saltzearekin afera hortaz bere esküak xahatzen ditik.

Ixilüne bat igan zen, bakotxa bere galto eta gogoetekin. Eta aste baten bürüko jüntatzea aipatü ondoan, Etxekaparrekoa eta Irigoihenekoa Intxuriste aldealat abiatü ziren eta besteak Oliberoako nabalat bürüz.

 

 

 

5 – 1661ko üztaila

Andreü hein bat kontent zen, bizarra moztü berri züan, askaltürik zen eta gaineko lehotik ikusten züan kanpoko aro ederra. Pentsatzen züan Mitikilen bedakan ari zirela eta aurten belar hona sartüko züela. Bere behi eta xahalek bazükien negüaren pasatzekoa. Eta hor gogoa ülüntü zeion : bazüan urtea abantxü ez zütüala behiak ikusi, ez eta ere bere etxe eta familia. Ezinegonaren gaintitzeko bere zaküala joan zen, museko kartak esküan har eta bere lagünak partida baten egitera kümitatü zütüan. Beste lauak aski ontsa ezagützen zütüan : Pierra Domintxindarra lastoan etzanik ametsetarik, Beñat Sarrikotarra paper baten irakurten, Gillento Etxarritarra gelan harat honarakan eta Joanes Mitikiltarra paper baten izkiribatzeko arkatzaren hortzekin tinkatzen. Hau aspaldiko ezagüna bazüan, besteak gela hortan zütüan ezagütü, algarrekin preso agitü zirenean. Bena mila aldiz gertakaria bürüan iganik züan. Lauak lürrean jarri ziren, bi lo egiteko lasto zaküetan ttotto eta besteak bi kaxetetan, erditan lasto llabür ate bat ttantto gisa. Partida aitzina zoalarik, zaindari bat agertü zen bortan Joanesen txerkara, bisita bat bazüalakoan. Joanes joanik, besteak bildü ziren eta elestan hasi. Aitzineko üztailako lehen neskenegüneko Garrüzeko feiran arrestatürik izan ziren eta geroztik hor ziren haidürü, ezinbestean. Laborari gazte gotorrak ziren, primü xedeetan sartürik eta hainbeste hilabetez etxetik kanpo egoiteak atsegabetzen zütüan. Etxekoen bisitak üken zütüen, abokatüenak ere bai eta ihork ez züan aferaren desopilatzea hüilan ikusten, afera berezia beitzen. Amiküzeko baileak zütüan ekürarazi, behi eta xahalak hartü eta berak preso sartü Donapaleün. Xiberoatarrak ziren eta Xiberoako legea ez zen Donapaleün aplikatzen. Hobeki nahasteko,

San Martinko baileak zütüan arrestatü, hau Amiküzeko baile zen eta ber denboran Mauleko gaztelübürü, baita Donamartiriko barua, hots Baxenafarroako Noble handiusa. Biarnoko Moneins eta Mesples baruen manüz ari zen ümen, horiek laborarier honenbeste sos galtatzen züen Xiberoako zorraren pakatzeko. Alta hartü zeitzen behi eta xahalekin aisa beren partearen pakatzekoa bazüen, bena halere beti preso ziren.

Joanes berriz sartü zen gelan, erri zabal batekin, bisita batetarik landa üsatzen zen bezala. Besteak segidan jeiki ziren berrien jakin nahian.

Ama zen. Oro ontsa dira, hasi zen Joanes, presaka. Ardiak eta behiak Oskaxen eta bedaketan hasirik. Urte hona izan behar lüke, aitzineko urteko galtzearen tapatzekoa.

Bi biga eta bi xahal ez beita zer nahi. Andreü begietara so zeion eta bürüarekin baiezko keinüa egin zeion. Bazakian Joanes Angusi ondoko aüzoko laborari ttipia zela eta lau kabale horien saltzea urteko irabazi nausi zitekean. Horren galtzea etxaltearen kolokan ezartekoa zen.

Jüstoki hire osaba ere sartü dük aferan, jarri zen Andreüri bürüz. Zinegotziak bildü ditik eta sos biltzale bat agertü ordüko deiadarra joiten die. Gaztelüko gizonak agertü dütük behin beno haborotan eta deiadarrarekin bildü armatü gizonak ikusi ordüko joan dütük, deüsere hartü gabe. San Martinkoa ere ez dük agertzen. Jenteek hatsa hartzen die orai.

Andreu harritü zen. Bere osaba Mitikileko erretora zen, hirutan hogei bat urte züan, ez zen aisa hoinez ebilten eta zaldiz kurritzen zen. Gizon ixila bezala ikusi züan familiako jüntetan, zühürki mintzo eta jenteekin goxo. Aitetamek kontatzen züen lehenago Ospitalepeko elizako aferen xüxentzen ebili zela eta paper zaharrak ediren ondoan, herritarrak auzien irabazten lagüntü zütüala. Halere lanak zütüan bere osaba gizon armatüen artean itxüratzeko. Gainera hein bat potolo zen, matela lodiekin eta herritarrek « Matelats » izengoitia jarri zeien. Eta horrek Andreü amiñi bat ahalketzen züan.

— Domintxinen ere oldartzen hasiko dütük ordüan ! mintzatü zen Pierra, alagera, orai arte kokot egon dütük eta orai, arauz, txütitüko dütük. Arüetarrak ttattit egoiten dütük San Martinkoak han etxetzar bat düalakoan eta honek galtatüa oro egiten die. Mateo mitilarekin jin züan Garrüzera eta harek nündüan ezagütü, gaizo milika !

Abilki jokatü züan bai, jarraiki züan Beñat Sarrikotarrak. Gurekin zen potestaren semea ez züan hartü, alta lau xahal bazüan. San Martinkoak ez züan nahi potestarekin ixtoriarik. Jaunttoak jaunttoa zaintzen eta gü bezalako laborarietaz prebalitzen. Aitak azken bisitan erran ditak potestaren bisitatzera izan zela eta honek erran zeiola berehala arrenjatzea ikusten züala. Eta gü abantxü urtea heben girela !

Bost gizonak lüzaz mintzatzen egon ziren, üsatzen züen bezala, bahitzearen berriz bizitzen, arazoen eztabadatzen eta jaunttoen joküaren jorratzen. Bisita batetarik landako üsatü giroa zen. Halere aldi hontan ehün gizon armadün saldoaren izateak harrotzen zütüan eta beren bürüak bertan ikusten zütüen. Berek ere armak bazütüen etxen, ihizkan ebilten ziren sasoan, ürzakan ere bai. Harrizko füsil berriak bazütüen, harriak tiroa aski fite partiarazten züan eta airez tiratzeko hobetze handia zen. Andreü gogoetan zen eta bere osabaren agertzeak nahasketa handia sartü zeion bürüan. Alde batetik gizon zahar eta goxo hura jaunttoen saltsa hortan sartzeak arrenküratzen züan, ez züalakoz aski indartsü ikusten haien eretzean borrokatzeko, bereziki ez gizon armatüekin, bera paperetan trebe izateko fama züalarik. Bestaldetik, osabaren abiatzeak esperantxa amiñi bat pizten zeion : arauz ohartüko zen iloba preso zela eta libratü behar züala.

Aste bat berantago bostak beti gelan ziren museko milagerren partidan sartürik eta zaindari bat sartü zen, presaka eta hatsalbo. Gaüzak hartzez eta kanpo jitez manatü zeien. Segidan obeditü züen, arrenküratürik, zer bilakatüko ziren jakin nahian. Kanpoan lau legegizon haidürü zütüen eta jarraikitzez manatü zeien. Hoinez hiriaren gainti joan ziren eta zübüalat heltzean jentea metatürik ikusi züen, zübütik horra ziren herotser so. Zübüan sartzean, bestaldean ikusi züen gizon saldo bat zaldietan, zübütik Aiziritzeko hargiala taldeka eta noiztenka tiro botatzen. Zübü bazterrean zen Domintxineko Etxetxine zinegotziak agur bero bat egin zeien eta bost gazteak lasterka hüilantü zeitzon:

Libro zidee, oihü egin zeien, züen txerkara jin gira. Tziauste, joan gitean berehala.

Ondoko zaldünek keinü egin zeien, zaldietara jauzi ziren eta patarraren gora abiatü, beste zaldün zonbait zübü ondoan egoiten zirelarik, armak azpien artean, zaintzeko itxürarekin. Andreü orotarat so zen, kanpoko argiala eta hürrün sogitera berriz üsatü beharrean. Hainbeste denboraz barnean egon ondoan, azpien artean zaldiaren giharreen senditzeak emozione handia sortzen zeion. Gainera ehün gizon armatüen saldoa üngürüan züan eta begiak zabalik so zeien, denak bera bezalakoak ziren, gazteak eta alagerak, erria ezpainetan. Aiziritzeko hargian osaba ikusi züan eta hüilantü ordüko mintzatü zeion:

Agur Andreü, azkenean heltü gütük, jüstizia egin diagü, bena hebentik berehala joan behar diagü.

Zaldünak patarraren gora bazoatzan, ürratsean eta alkarren ondozka. Andreük osabari ez züan hitzik erran, hainbeste bazüan erraiteko eta ez zeion hitz bat elki. Gero mintzatzeko parada zükeala pentsatü züan eta gibeleko gizonari galtatü zeion:

Eta gure biga eta xahalak ?

Ez dütük heben, gisala. Biarnon dütük nonbait. Ützüliko dütüela hitzeman die bena habil fidatzera ! Züek pürü bildü zütüegü, ez dük gaixki. Maytie apezküpüa tratüan ebili dük, hau ikusi, hura mintzatü, ez hel, bai hel. Bena gure batzeak eta tiroen entzüteak Donapaleüko bailearen gizonak harriarazi ditik, ohartemak !

Andreü ontsa zen, belar moztü berriaren ürrina senditzen züan, kanpoan zen, berehala etxera heltüko zen eta bihotza banbaka ari zeion. Afera ez zen batere argiago bena osaba ondoan züan eta gizon gazte saldo horren artean izateak lasaitzen züan.

 

 6 – 1661ko üztaila

 Maytie jauregiko borta handitik elki zen gizona lerden ebilten zen, bürüa txüt eta esküko makila beltzarekin ürratsak markatzen zütüan. Aitzineko korte bazterrean eküratü zen plazari sogiteko, bürüaren gainean kapelü blüa bazüan eta kapaitzin zabaletik barneko kasabet blüa agertzen zeion. Bere exkerrealat hartü züan eta intzaurtze lerroaren bürüala abiatü zen, intzaurtzondoetan lotü zaldier so bat eginez. Günea lasai ediren züan, zaldi zonbait eta Othegainen karrosa baizik ez zen, hau Kortean zatekean jadanik, bere haidürü. Üne batez aste bat lehenagoko gertakari ülüna gogoala jin zeion bena berehala baztertü züan. Orai Bordeleko mezülariaren haidürü zen eta hortan esperantxa handia bazüan, azkenean eskualdealat bakea ekarriko züan berria egürükitzen züan.

Maule eta Lextarre ontsa ezagützen zütüan, hogeita bi urte bazüan heben bizi zela, ordüko gertakariak gogoala jin zeitzon eta sentimentü goxo bat senditü züan bere baitan zabaltzen. Maytie alabarekin ezkontzea jauregian, Muxeta etxe berritüan jartea, aita giharrebaren gobernariorde kargüaren hartzea eta emaztearen osaba Uhartekoarekin üken auziaren irabaztea. Berehala gobernariorde kargüaz jabetü zen eta Paueko kontseilüan ikasiak oro ez zütüan soberakin üken ordüko egoera intrabalean bere leküaren zaintzeko: epaile lürzain güti agertzen beharretara, bena bakotxa harria bezain gogor, gobernariaren falta, Peyrekoaren eremü erostea, berrerosteko egin ahalak, Toulonjon gobernariaren heltzea, Peyrekoarekin auzi andana Bordelen eta Parisen. Ingoitik Pariseko errege kontseilüan bere izena ezagüna zen eta harro zen. Jauregi hortan Maytieko Arnaud apezküpüak ezkontzea benedikatü züan eta estimü handitan züan.

Bera Ortezeko merkatari familia batetan sortürik zen eta, abokatü formakuntza egin ondoan, Paueko kontseilüan egon zen kontseiler lanetan, bere anaie Etienne bezala. Biarnoko legedia ontsa ezagützen züan bena honarat heltzean, hebenkoa oso bestelakoa üdüritü zeion. Hebenko epaileak Ohidüra Idatzian bermatzen ziren, hanitxez ere zaharragoa zen eta erabilteko berezia. Ez zen arauen interpretatzerik, arau bakotxak zigorra aipatzen züan zehazki eta horren aplikatzea zen egin beharra, lan sinplea bena zorrotza. Osaba apezküpüak lagüngoa hanitx ekarri zeion, hau hebenko biltzarrean eta Pauekoan ebilten beitzen. Honek bi leküetako diferentziak eta ñabardürak ontsa menperatzen zütüan. Berak Pariseko manüak jarraikitzen balin bazütüan, apezküpüak ez zeien kasü handirik egiten, Elizako mozkinen erabilteak eta Oloroneko burgesen menpe etxekitzeak emaiten zeion segürtasünarekin. Bena osaba hura berehala hil zen eta orai haren iloba Oloroneko apezküpü izentatü berri zen, Senpereko kalonje kargüan egon ondoan eta osabaren bidetik ebilteko manerak oro bazütüala ikusten züan Brosserko Jakesek.

Brosserkoa, gogoeta horien egitez, Harrixuriaren aitzineala heltü zen bena egün ez züan hor biltzarreko akodinarik eta eretzeko bastiza handian sartü zen, hor beitzen jüstizia Kortea biltzen. Sartzeko gelan üsatü idazkaria batü eta kausa berrietaz jakinean ezari ondoan, honek erran zeion Costere prokürarea eta Othegain epaileen gelan zirela. Brosserkoa gelan sartü zen, biak agurtü eta kapa borta ondoko kabinetaren bazterrean txilintxautü züan ; artean beste biak txütitü ziren. Bela-Othegainko Jakes mintzatü zen lehenik:

Agur Brosserko jauna, jüstoki azken berrien harikatzen ari güntüzün, Beñat Goihenetxe beti bazterren harrotzen ari düzü eta ekintza ausarta bürütü dizü berriki. Salbaterran hiru kintal polbora erosi dizü eta han erran diezü Donapaleüko presoen askatzera bazoala. Biarnoko parlamentükoak harritü dütüzü, beren kontra abiatzen zela uste üken dizüe eta Oloroneko apezküpüa jinarazi dizüe. Honek injüstizia hitza erabili ümen dizü eta presoen libratzea proposatü. Hola agitü düzü atzo, Beñat Goihenetxe bere troparekin Donapaleüko zübüala heltü delarik, presoak ekarri dietzüe eta Xiberoalat hauekin ützüli düzü, espanto handiekin. Eta berekin zitizün Lagüntzen korteko komisarioak.

Hiruak mahain handiaren bazterrean jarri ziren eta Brosserkoak begitarte lasaia agertzen züan. Itxüra lasaia aurkeztü nahi züan aldiz bürüan gaitzeko gogoeta nahasia züan. Epaile eta abokatü oro iharrausten zütüan injüstizia hitza erabili züan bere emaztearen kosiak eta gazte denboran abokatü izan zen Brosserkoak honartzen züan egoeraren latza. San Martinkoak Garrüzeko ferian arrestatü zütüan eta preso sartü bost Xiberoatar. Jadanik Domintxinen laborari zonbait kolpatü züan eta beste zonbait tiroz eho. Amiküzeko lürretan horren egiteko eskümena bazükean behar bada, bena ez Xiberoan. Donapaleüko jüstizia aferak Paueko korteak zütüan xüxentzen eta han zen Etienne bere anaia. Honi aipatü zeion hilabete beno haboro auzirik gabe presoen etxekitzea legez kanpokoa zela bena Etiennek ez zütüan libratü nahi, bai otsez eta Moneins eta Mesples baruak parlamentüko kontseiler handienak zirelakoan. San Martinkoaren egin moldea gogorregi zeion bena honek Toulonjonko gobernariaren berme osoa züan eta Brosserkoa ixilik egoiten zen. Costereko prokürarea mintzatzen hasi zen:

Komisario horik bai arrenküragarriagoak dütüzü eta Beñat Goihenetxen altxamentüa süstengatzen dizüe. Gük baizik ezagützen ez günüan afera orai Lagüntzen Korteko komisarioek jente xeheari esplikatzen dizüe eta hor ez düzü deüsere honik. Dakizün bezala, baruek Arhetzeko abokatüarekin sosaren xüxenka biltzeko ahalmena ardietsi zizüen, hortako ez zelarik presa handirik zeren baruek interes ederra hartzen beitüe beti. Bena Lagüntzen Korteak erabakia ezeztatü zizün eta sos eraikitzea legez kanpokoa zela agerian ezarri, eta gure hütsünea ere bai. Gük ez dügü Lextarreko biltzarraren defentsan ürratsik egin eta orai zerbait egin behar dügü.

Brosserkoak bürüarekin baiezko keinüa egiten zeion. Costerekoa gizon ttipi eta lodixkoa zen bena beti jauntsi honekin. Bere prokürare kargüan Bordeleko parlamentüarekin harreman honak etxekitzen zütüan eta Peyrekoaren auzietan bere jüstiziaren ezagütza trebea hanitx estimatü züan. Haatik ber denboran Amixalgüneko lürzain kargüaren jabe zen eta heben lürzainen jarrera zorrotza ikusten zeion agertzen. Brosserkoa pausüki mintzatzen hasi zen:

Zerbait egin behar dügüla diozü eta uste dit hein bat gaüza egin dügüla, hala nola Toulonjonko gobernari jaunarekin honenbeste biltzar egin dügü aferaren bürütü beharrean. Eta orai gobernari jauna Pariseko erregearen bidajeetan badabilazü eta gogoa hebenko gora beheretarik hürrün dikezü. San-Luc Güienako gobernaria gütarik hüilanago ikusten dit, gure aferetaz axolatüago. Erregea ez düzü Parisen eta errege kontseilüak gure galto bati ontsa ihardets likezü, hala gisa aurkezten badeiogü, prefosta. Bordeleko parlamentüko eta Lagüntzeko korteko kontra erranetaz hitzik erran gabe, erretor soil baten oldartzea aipatü behar dügü, betiko ordena iraültzen düan erretor baten egin moldea salatü, altxamentü hori San-Luc-i ez ziozü gustatüko. Gainera hau beti Erreformatüen bidetik badabilazü. Goihenetxen tropek Sohütako Arhetzekoa eta Montoriko Rospidekoa erasotü dütüen Peyreko kontearen zerbütxari fidelak direlakoan. Oldarraldi horiek Erreformatüen kontrako bezala aurkeztü behar güntüzke. Zük, Belako jauna, zük beitakizü ontsa idazten, zure jakintzaren beharretan gütüzü.

Brosserkoa Belakoari xüxen begietara so zeion eta honek baiezko keinüa egin zeion. Gizon mehe eta idorra zen, beti begitartea serios. Brosserkoari zonbait aldiz aspergarri zeion, Greziako idatzietarik noiz nahi aipamenak egiten beitzütüan. Greziar demokraziaren miresle zen eta oraiko Herritarren altxatzea, gainera apez arrunt bat bürü, desorden handia zeion. Berak ere ordenaren ezarteko erregearen armadaren heltzea goresten züan. Costerekoa eta Belakoa gütünaren edükinaren idazten hasi ziren, bakotxa bere paperetan zirriborratzen eta batak bestea builtatüz, biek bizitü gertakarien kontatzea gustükoa züela argiki agertzen züen. Bakotxa bere aldetik ixilik zen eta ixtant baten bürüan Belakoa goratik mintzatzen hasi zen:

- Pierre Corneilleren antzezlan bat irakurri berri dit. Trajeria klasikoa bizirik etxekitzen dizü, Grezian hain famatü izan zen Euripiden segidako gizona eta artista düzü. Montorikoa horrela biribilkatzeko ideia eman ditazüt : «uztailaren 4an, Montorira joan zen Goihenetxe, bere hiru mila gizonezko tropekin eta han kokatu, bereziki erreforma fededunen etxetan eta horietako hamabost bat etxeko jaun behartu zituen elizako altarean, argizaria eskuan eta bikarioaren aurrean, katoliko fedeari juramendu egitera, eta berriz fedez aldatzen baziren beraien etxetan su emanen zeietelako mehatxua egin zuen, konbertitu berrien etxetan kokatuak zirener manatu zeien ez konbertituen etxeetara joatea, eta azken urtetan erreforma fedeko zeremoniak egiten ziren etxea eraitsi zuen.»

 

-Gure idatziari beharrezko trajeria airea eman liokezü. Segida hartü zeion Costerekoak. Bena San-Luc jaunak ontsa konprenitü behar dizü ordenaren ezartea düala erabaki behar, hots, armada düala honarat igorri behar eta berehala. Gütünaren ürrentzea holaxe ikusten dit : «Berak egin gutunak agertu ditu, erranez Erregeak eta Erreginak zizkiotela bidali, nolako ahalak duen populu horrek maila horretako desordenen antolatzeko edozein egunetan, hiru ordu aski dute biltzeko, jende zintzoen etxeen desegiteko eta husteko, berdin apezenak, nobleenak eta errege ofizierrenak, denen atzetik dira, beraien personer ere aiher dute. Herriko jende on horien mesedetan eskatzen dugu Zure Maiestateari gusta dakion bere justizia arrunteko autoritatea jartzea Goihenetxe eta bere kideen gehiegikerietan horretaz umilki erregutzen zautugu, Xiberoa herriko zuren ezinago umil eta fidel ofizierrak.»

Brosserkoa beha zen, bürüarekin keinü eginez, bere gütün proposamena aisa honartü izanak kontent jarri züan. Belako Jakesek zakütik elki Corneilleren «Cinna» libürüa mahainean zen eta esküan hartü züan. Lehen ostoetan zen itxura marraztüari so egon zen. Antzerki ondoko itxüra zen, Corneille idazlea, antzerkilariak eta Louis XIVen korteko jaun zonbait. Horien beztimentari so egon zen Brosserkoa. Baten txapela gustatü zeion, gaine biribila bereziki. Eta bere bürüa etxetik elkitzen eta Lextarreko plazan sartzen itxüratü züan, txapel biribila bürüaren gainen.

 


7 – 1663ko ürrieta

 Zihiga Axigarreko borda ondoan biltzen hasi ziren, eskorta bazterreko mürrüaren ondoan, batak txütik besteak kokot, emazte bezain beste gizon nahasirik. Xokoko mahain batetan hiru gizon jarririk, lüma esküan, hor zen Atarratzeko Bixoe notaria bere idazkariekin. Etxegoren, urte hartako zainoaren edo legarraren biltzalea goratik mintzatzen hasi zen:

Bigerren aldikoz heben alkarretaratzen gira eta San-Luc jaunari gure ikusmoldea jakinarazi nahi deiogü. Düala bi urte Calvo zaldünekin igorri züan eta honek desordenak eküarazi zütüan. Haatik desordenak zorraren pakatzetik sortü ziren eta orai zorraren pakatzeko obligazioak parropietan sinatü dütügü . Bena zorraren zonbakia ez da trenkatü, baruek galtatzen düena ez da batere egiazki erabilirik izan dena eta hor injüstizia handia egarten dügü. Hebenko Nobleak ere ez dira hortaz hanitx axolatzen. San-Luc Espernonko dükea beita Güienako gobernari nausia, berari agerrarazi nahi deiogü injüstizia hori. Berak zerbait egin dezan edo gütienez, ez zakialakoaz ez dadin balia. Jadanik izkiribatzen hasi girenaz jakinean ezariko zütüe Bixoe jaunak.

Mahainaren ondoan txütik jarriz, Bixoe hasi zen irakurten. «Saint-Luc Jaun gorenari, Guienako erregeorde orokorrari, Zihigako parrokiarrek umilki azaldu nahi dute, zehazki eta ordena segituz. Ohargarri da ikustea Xiberoan gertatu nahasmendu guziek Moneins eta Mesples-en zorrean dutela iturburua ; horiek diote zuzena eta zilegia dela, eta Xiberoako Herriak alderantzizkoa, arrazoi guziak auzian dira eta parlamentuko prokurai Casenave-ren eskuetan. Lehenik, aipatutako diru maileguaren egiteari Herriak ezezkoa eman zion Xilbietan, Xilbieta Herriaren biltzar gunea izanki, maileguaren egiteko xedea zen errege eremuaren berrerostea eta horretarako ordezkarien bidaltzea, lurzainen eta elizgizonen sailen bermearekin ; baina Herria saila ohartu zen berrerostea kaltegarria zitekela beretako, geroko gertakariak horren lekuko dira, eta maileguaren aktaren kontra egin zuen aste bat berantago, zinerrietan biltzarrak eginez eta ordezkarier jakinaraziz, horrela Herria sailak ez du ordezkariek egin maileguaren ardurarik, zeren mailegua Herria sailaren baimenik gabe egina izan da. Gainera ohargarri da Moneins eta Mesples baruek dirua beren gisara erabiltzea, eskualdearen izenean, eskualdearen baimenik gabe, osoki jabetu nahi ziren eremuaren erosteko, eta berrerosteak huts egin ondoren, Iruriko jaunak kontseilu pribatuan beraien kontra gainjartzea egin zuelakoz, horretarako Pariserat bidali dirutzaren zati bat eskuratu zuten, baina ez dena, esaten duten bezala, eta eskuratu ez duten zatia dute Xiberoa herriari eskatzen, ez dakit zoin arrazoinengatik, zeren beraiek dute dirutza osoa nahi erara erabili ; erran nahi beita Herriaren baimenik gabe Parisera eraman dute dirua, nahi zutena berreskuratu eta bestea utzi, beraz dirutza eman duteneri galdegin dezatela eskaera, zeren Herria saila ez da ezertaz arduradun ; zeren ez du ezer ukitu ez eta inor bere manuz. Baru jaunek Bordeleko parlamentuan epez kanpoko erabaki bat lortu badute, Arhets abokatuaren bidez, errua Herriarena da, ez duelakoz parlamentuan kereila aurkeztu, eta horrela onargarri da oraino, korteari gusta baleikio, defentsako kereilen azaltzeko, eta halere, zure onberatasuna erregutuz, erabakia atzeratua izan dadila, baita baru jaunen obligazio kontratuen gauzatzea, horik bortizkeria hutsez eginak izan dira, parrokiaz parrokia bilduak, populuari mehatxu eginez obligazio faltan zuk bidali gizon armatuak jinen zirela astintzera. Herria sailak Xiberoako gobernariaren eskuetan utzi zuela afera, hori bortizkeria hutsaren menean egin zuen, gobernari honek gizon armatuen bidaltzeko mehatxua eginik zuen, eta horren beldurrez, Herriak onartu zuen hautsi mautsia. Eta gobernari honen erabakiaren ondoren, herritarrek baruentzako obligazio aktak egin zituzten notari etxetan, eta baru jaunak obligazio akten gauzatzen hasi ziren diruaren biltzeko ; ondorioz, Xiberoa eskualdeko gizon batzu preso hartuak izan ziren Nafarroako lurretan, salerosketetan zirelarik bertan, abereak ere bahitu zitzaien eta nahi erara eraman, bertako jendeak astindurik eta ondasunak galdurik ikustez, herritarrak oso nahigabetuak ziren, Xilbietan Herriaren biltzarra egin zen baruek sortu nahasmendu egun haietan, afera horren aipatzeko, Mitikileko erretor zendua heldu zen Laguntzen korteko erabaki batekin, herritarrei sinetsarazi zuen kontseilu pribatuan hartu erabakia zela, Parisen errege zerbitzari zen iloba batek lortua, eta erabaki horreko adierazten zuen gobernariaren erabakiak manatu zorraren pagamendua ez zela pagatu behar, herritarrek ez zuten besterik ulertu nahi…» 

Maina Bagoharriagak botz ozen batekin moztü zeion irakurraldia:

Istoria hori ederki idatzirik da bena ez dü heben bizitü lazkeria agertzen. Bordeleko parlamentüan afera bost urte hontan trinkatü ezinik eta lau Zihigar gazte hilotz Sohüta Zibitzen, korpitzak han nonbait lürpealatürik eta Beñat Goihenetxena ez da hola llabürtzen ahal. Bordeleko paperak nik ere ikusi nütüan eta batak bestearen kontrakoa bazüan. Parlamentüak baruer eman züan sosaren xüxenka biltzeko eskümena, Xiberoako legeen kontrakoa zena, eta Costere prokürarea besoak kürütxe egon zen, deüsere egin gabe. Aisegi da hola jokatzen üztea.

Bagoharriaga jarri zen bere leküan eta besteak elestan hasi ziren han hor. Bazakien Bagoharriaga Junes Sohütako Zibitzen ehorik izan zela eta korpitza ez züela ilerrietan ehortzi, han nonbait metan ehortzirik izan beitzen lau ehün gazte. Calvoren basakeriaren itxüra denen gogoan zen. Doi doia Asme erretorak korpitz gabeko ehortzeta meza bat egin züan. Semearen galtzeaz gain, familiak ez züan ilerrietan harentako otoitzik egiten ahal eta herritarrek gogoan züen ama horren etsipena eta dolü ezin egina. Barrazabaleko Petiri txütitü zen eta elestan hasi, adinekoa zen eta jentea errespetüz so zeion:

Zorraren aipatzea haizü da bena horren ütürria oritarazi nahi düt, Peyrekoak zütüan Xiberoako eskübideak erosi eta geroztik hameka nahaspuila egari dügü. Bera ez badügü ikusi, bere ama beti hor da jenteen harrotzen. Düala hogei urte iganik bere gizonek Atarratzeko merkatütik horra zen Dufaur Menaud eho züen Iruriko elgean, horietan Lexantzü Altabegoiti, Gamere Oiherezki, Atarratzeko Perenaut eta Mendikota Bereterretxe. Horik geroztik trankil badabiltza ehaile izanagatik. Joannes semeak galeretan bizia galdü züan eta Menauden ehortzeta egünean Aramitzeko Mariek zeinüaren ebiltea debekatü züan. Eta horik oro ez dira Lextarren epaitürik izan. Ordüko gobernaria eta Aramitzeko Marie biak Protestantak eta algar etxekiak. Orai ere holako zerbait ikusten düt, Toulonjonkoa alde batetik, Espernonkoa gainetik igan beharrez bena biak Peyrekoaren kontra ez joan nahi, handigeiak handia ez gilikatü nahi.

Altzaiko Joantto Patelagoitik, Ibar Esküineko zinegotziak, jarraiki züan:

Aferaren abiatzearen oritaraztea argigarri da eta orai gure gain da aferaren ahal bezala zerratzea. Moneinsko baruarekin jüntan egon nintzan. Istoria hori berriz jorratü dügü eta leheneko gaixki eginek ez düe orai konponbiderik. Sosaren parte bat erabili gabe egonik ere, zorra ez dü apaltü nahi. Urte zonbaitez osorik pakatzera behartürik gira. Toulonjonkoak Peyrekoaren eskübideen kentzeko parada hüilan ikusten dü. Bixoeren izkiribüan Beñat Goihenetxen gain ezarten dügü desordenaren abiatzea, ontsa badakigülarik lehenagotik horra dela. Bena Bordeleko erabakien aipatzeko parada emaiten dü eta Espernonkoak ontsa badaki bi erabakiak bata bestearen kontrakoak direla.

Hitz horiekin herritarrak beren artean elestan berriz hasi ziren, jünta ürrentürik zelakoaren seinale. Oroek konprenitzen züen zinegotziaren eta zainoa biltzalearen egin ahala, kargü horientako ez beitzen nahiant handirik. Dufaur Menauden ehaitearen berriz entzüteak hogei urte lehenagoko giroala eramaiten zütüan: herritarrak bi partetan, batak Peyrekoaren alde, besteak kontra eta Lextarreko kargüdünak auzitegietako afera konplikatüetan. Ordüko zorra etxalteen arau behi batetan edo xahal batetan estimatzen bazüen, orai doblearen pakatzera behartürik ziren. Jente saldoa barreatzen hasi zen, Barratzabaleko Petti han zen, presarik gabe jenteen agurtzen. Joantto Patelagoiti zinegotzia hüilantü zeionean, aipatü zeion Mainaren ezinegona konprenitzen züala. Joanttok so beltz batekin ihardetsi zeion anpleki:

- Izigarrikeria izan düzü, bai, Xilbietako bi jünta bete ditizügü afera horrekin. Bazter orotarik jentea horra züzün eta Zibizeko zübüaren kantüan biltzen hasi güntüzün, Barkoxtarren haidürü, Sohütarat joan beno lehen, moalkan et buxi baten jaten. Bat batetan zaldünak heltü zütüzün, Belako Andre aitzinean eta oro xeheki zizüen, armen kargatzeko denborarik ützi gabe. Ni ühaitzealat jauzi nündüzün. Zaldi handien aztaparrekin eta ezpata kaldüz oro xeheki, bai. Eta ehün presoekin korpitzak Zibizeko zilo batetan sartü, egün osoko lana, eta gero lürrez tapatü. Orano ere han dütüzü. Belako Andreren gizonek zaintzen dizüe, ihor ez dadin korpitzen txerkara jin. Nik ere aüzo bat han dit lürpean, beste ehünka gizon bezala, ehortzeta mezarik gabe, Zihigan pürü Asme apezak meza bat eman ziezün. Gütünean ikusi düzün bezala, afera Beñat Goihenetxen gain ezarten da, hortaz lüzaz ezbaikan egon güntüzün Xilbietan. Gehiengoak hola erabaki zizün, ondotik zorraren aferaren bürützeko gisan.

Pettik besoa espaldan pausatü zeion eta bidexkan aitzina abiatü zen. Joantto aldiz han berean egon zen, konfiantxazko keinüa orano espaldan senditzen züalarik. Gogoeta horrekin zaldialat hüilantü zen: konfiantza edo algarren fidantza zen inportantena.

 


8 – 1642ko ekaina

 Herrenagako Erramun berriz ere Atarratzeko merkatü plazan zen eta aldi hontan ez zen kabaleer so bena bai harrizko kürütze biribil zonbaiten ondoan zen Harrixabaleteko Dominixekin elestan. Merkatüko ofizialeen aldean zen, honek merkatü leküaren erdia beno haboro hartzen züan. Hor ziren oihal egileen mahainak, liho eta zer nahi arropa mota agertzen zütüenak, emazteentako haboroenak, ohartü zen bezala, bena ere larrüzko zakü eta oskiak, eskalanpoak, zurezko jarleküak eta tresnak, bürdüinazko tresnak, idazteko larrü eta paperak, eta beste. Erramun ixtant batez larrüzko oskier so egonik zen. Berari gustatzen zeitzon, ez sogitea baizik bena erabiltea ere, etxetik abiatzeko eskalanpoak üzten zütüan eta oskiekin ebilten laketago zen. Bereziki Joanes Ligiarraren ahüñe larrüzkoak zeitzon goxoenak.

Dominixek zakütik elki züan larrüzko zorro bat eta paper lodi eli batetako marrazkiak agertü zeitzon:

Familiak edo alargünak nahi düana itxüratzen diat, ofizioko tresnak üsüenean. Jüstoki hau Sentazin egin diat, Ileoko Junes Tafalla altean ebili züan urte hanitxez aihen arroila egiten eta Sentaztar gazteak eramaiten zütüan berarekin. Negüko gustüko lana züen ümen. Malena alargünak haitzür nahi züan eta bi ezari nitzoa, eta gaineko aldean ekia eta argizagia. Eta ilerrietan ezarteko beitzen Maltako kürütxe bat sartü nian horien artean eta hola fraidea kontent züan. Gainera honen adarren artean haitzür eta besteak ontsa sartzen ahal nitian.

Dominixe gizon gotorra zen eta soineko larrüzko zaragoil eta paletoak ofizioa seinalatzen züen : harri pikazalea zen. Erramunek bere ezagütza egin züan aste bat lehenago Lakarriko ilerrietan. Han kürütxe biribil baten ezarten ediren züan Domekako Petiriren tonbaren ondoan. Petiri ezkütaria zen eta Narbona aldeko borroka batetan bizia galdü züan. Haatik bere baleztari balentriak ororek laidatzen zütüen. Kürütxe biribilaren erdian balezta handi bat ikusi züan eta bazterretan lau zirkülü ttipi, Dominixek esplikatü zeionaz ekiaren eta argizagiaren ikurrak ziren:

Hori dük biribilaren sekretüa: gaüa eta egüna, argizagia eta ekia, sortzea eta hiltzea. Mündüa beti üngürüka ari dük eta bizia ere bai, sortzen, hiltzen eta berriz sortzen, taigabe. Dolü egünetan itxüra horiek gogoak lasaitzen ditie. Hil ondoko egünean, familia presan dük, ahal bezain fite nahi dik kürütxea ikusi. Nik uste diat hor hilaren ezpiritüa ikusten düela eta harekin mintzatzen direla. Hortakoz ere egiten ditiat apal, korpitzetik hüilan, biribil, ejer ikusteko eta goxo hunkitzeko ere bai. Gainera heben orai Juan dük etxeko jauna eta osabaren egitateetaz zinez harro dük. Potesta kargüan sartü berri dük eta osabaren fama honaren bildü beharra agertzen dik. Eta ontsa pakatzen dik ere bai.

Arrestiri erditan Harrixabaletala heltü ziren bi gizonak. Dominixek bi mandoen gainen ezari zütüan merkatüko sei kürütxeak eta etxen egin beste kürütxe moten ikustera kümitatü züan Erramun. Atarratzeko maxelaren gora aisa kurritü ziren eta Züztarriko lepoala heltü beno lehentxe zen Harrixabaleta etxalteala heltürik ziren. Üsatü laborari etxea balin bazen exkerreko bordak harri pikazalearen egin beharrak erakusten zütüan : harri puskak metan, harri zonbait lantzen hasirik eta beste zonbait ürrentürik, borda mürrüaren kontre pausatürik. Erramun amiratürik zizel laner so eta hunkitzen hasi zen. Kürütxe lüze baten bailakatzen ari zelarik, gizaki bat esküak zabalik ediren züan eta manera horren haütüaz galtegin zeion. Kürütxeala bermatzez, Dominixek ihardetsi zeion:

Hori erretor zonbaiten haütüa dük. Iesükristok fededüner bere bürüa eskentzen dik, haien salbatzeko, prefosta. Hori Hauzeko elge bazterrean ezartekoa dük, badiat jadanik bat Ainarberako eginik eta Lexantzükoaren itxüra baliatzen diat. Han bat aspalditik badük elge bazterrean eta erretora hara heltzen dük üzten benedikatzean edo Errogazionetan. Hauzeko erretora Andüreinko Jakes dük eta merkatü batez jin zitada ikustera eta Trenteko konzilioa aipatü züan. Han apezküpüak bildü zütüan gisala eta geroztik mezü hori zabaltzen die: gü sortzetik bekatüan bizi gütük eta Iesükristoren bidez baizik ez gütük zelüko bidearen atzamaitera heltüko. Kürütxe biribiletan ere ezarrarazten dütüe familia zonbaitek eta orai galtatzen ditadee ere Iesükristoren eta Mariaren hitzen ezartea, badakik I H S eta M A, eta beste zonbaitek urtea ere bai. Zonbait aldiz gaüza hanitx badiat ezarteko, behar ere bi aldeak baliatzen ahal ditiat.

Erramun kürütxeko gizakiaren esküekin tinkatzen ari zen beti. Itxüra gustatzen zeion : bürüa zabal, begiak handi, begitartea kalme, korpitza mehe eta lüze, plegüdün oihal bat gerrian, bi besoak zabalik eta eskü ahürrak ere zabalik, eri mehe eta lüze eli batekin. Korpitz mendre horren kraka hunkigarri zeion eta Dominixi zizel lanaren edertarzüna goraipatü zeion. Honek honartü züan lan ejerra zela eta ürratsak esplikatü zeitzon. Aitaren ganik ikasi züan harriaren haütatzen Harrixabaleta gaineko Lozeriako harri hobian, horko harria ez beitzen karre harri xuria bezain gogor zizelkatzeko. Haatik aitortü zeion zizelaren joiten hastea zela azken egingeia. Lehenik itxüren xeheki marraztea zela inportanteena, manazalearen nahiaren konprenitzeko baita obrak orokorki itxüra ederra ükeiteko gisan. Hauzeko kürütxearena kontatü zeion : erretorarekin merkatüan mintzatü, honen gogoetekin paperean marrazki bat egin eta erretorarekin berriz mintzatüaren arabera marrazkia egokitü. Gero etxeratü ondoan, taula xuritü batetan marrazkia berriz egin, kürütxearen neürrietan. Lan hortaz harro zen Dominixe, hor lan osoa diseinatü ondoan, gogoan ikusten züan kürütxea ürrentürik.

Itxüra egüneko argiaren arabera kanbiatzen dük, ekitoltzean begiak zerratürik bezala dük, ekiaren indarra ahül dadin haidürü balitz bezala, aldiz ekiaren apaltzearekin begiak zabalik ikusten deitzok. Arratsean berriz hiri so edirenen dük. Hortakoz ere ni zizelkatzen ari nük borda bazterreko itzal hortan, ene lanek argi eskasean die itxüra hoberena.

Onizeko karrika iganik, Erramun bazoan Lexantzürat bürüz eta elge bazterreko kürütxearen aitzinean eküratü zen. Ülüntzen ari zen eta Dominixen errana jin zeion gogoala, gizon beso zabala berari so zen. Dominixek Hauzerako egin lana hunki züan bena honen hunki beharrik ez züan : urteetako aro desberdinek, aizeak eta ebiak ützi markek, obra ontsa agerrarazten züen. Zolan 1586 zizelkatürik zen, Dominixek kontatü züan lehenago eginik zela, behar bada Dominixen aitak edo attattak segürrago. Korpitz mehea eta eskü zabalak ontsa begistatzen zütüan, zinez eder eta hunkigarri zeitzon. Forma ezinago sinple horiek bihotza panpakarazten zeioen. Denboraren igaitetik kanpo zen, ametsetan bezala. Ülün beltza heltzen beitzen berriz bidea hartü züan eta Altaben goitikoan eskü zabalak orano bistan zütüan: Iesükristok esküko ahürrak zabalik, Ezpeldoiko Margarita ahürrarekin odola biltzen, ala bi ahürrekin, ala ahürretaka. Düala hamasei mente hil gizonaren orai ahürrak zabalik itxüratzeak estonatzen züan. Beti danik ikusi züan Iesükristo kürützean txilintxau eta esküak zurean itzez lotürik. Itzearekin sofrimenaren marka eta orai ahür zabalak errekeitü eta salbazio keinüan, edo bardin beste zerbaiten marka zatekean.

 

 

 

 

 

  • De la souveraineté à la soumission

    Le Basque d’autrefois, s’est fait une réputation… Sommaire 1 – L’h…
  • A la recherche de Matalas

    I – Préambule 2016 Iban voyait bien plus clairement l’histoire de Bernard Goyheneche. Ce d…
  • Du temps de Matalas

    II – Octobre 1640 En voyant Olaberria après avoir franchi Erbeche, Erramun se sentit plus …
Charger d'autres articles liés
  • De la souveraineté à la soumission

    Le Basque d’autrefois, s’est fait une réputation… Sommaire 1 – L’h…
  • A la recherche de Matalas

    I – Préambule 2016 Iban voyait bien plus clairement l’histoire de Bernard Goyheneche. Ce d…
  • Du temps de Matalas

    II – Octobre 1640 En voyant Olaberria après avoir franchi Erbeche, Erramun se sentit plus …
Charger d'autres écrits par etxart
Charger d'autres écrits dans Matalazen denboran

Laisser un commentaire

Consulter aussi

Du temps de Matalas

II – Octobre 1640 En voyant Olaberria après avoir franchi Erbeche, Erramun se sentit plus …